Pérez Iglesias Uruguaiko presidenteordearekin bildu da herrialdera egiten ari den bisita instituzionalean

Argitalpen-data: 

  • Euskal ordezkaritzak bilerak egin ditu Uruguaiko Gobernuko ordezkariekin eta herrialdeko zientzia- eta unibertsitate-erakunde nagusietako arduradunekin.
  • Sailburuak nabarmendu du “Uruguaik ezaugarri bereziak dituela Euskadirentzat erakargarria izateko eta harreman zientifiko eta akademiko egonkorra garatzeko”.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias gaur bildu da Carolina Cosse Uruguaiko presidenteordearekin, herrialde horretara egunotan egiten ari den bisita instituzionalaren barruan. Bisitaren helburua Euskadiren eta Uruguairen arteko harremanak sendotzea eta zientziaren, unibertsitatearen eta berrikuntzaren arloetan lankidetzarako bide berriak aztertzea da.

Topaketan, bi aldeek aztertu dute zein diren gure bi herrialdeen arteko lankidetza-harreman egonkorra ezartzeko aukera ematen duten arlo zientifikoak eta unibertsitateko zein erakundeetako esparruak.

Pérez Iglesias sailburuaren hitzetan, "bisita honek lankidetza zientifikorako bide bat irekitzeko balioko du, bi aldeek Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeko (ZTBP 2030) zenbait lan-ildoekiko duten interesagatik -zientzia, adimen artifiziala eta One Health, besteak beste-. Horrez gain, ikasleen trukerako eta ikertzaileen mugikortasunerako akordioak egiteko aukerak aztertzeko ere balioko du”.

Euskal ordezkaritza honako hauek osatzen dute: Ander Caballero Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak; Adolfo Morais Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak; Sara Urionabarrenetxea Unibertsitate Politikarako Sailburuordetzako Antolamendu eta Plangintza zuzendariak; eta Mariana Satostegui Argentinako eta Uruguaiko Euskadiren Ordezkaritzako erakunde-arduradunak.

Bisitaren lehen egunean, euskal ordezkaritzak bilerak egin ditu, halaber, Errepublikako Unibertsitateko (Udelar), Hezkuntza eta Kultura Ministerioko (MEC) eta Plangintza eta Aurrekontu Bulegoko (OPP) ordezkariekin. Azken erakunde hori Errepublikako Presidentetzaren mendekoa da, eta politika publikoen plangintzaz eta ebaluazioaz arduratzen da.

Bileretan parte hartu dute, besteak beste, Rodrigo Arim OPPko zuzendariak; Héctor Cancela Errepublikako Unibertsitateko errektoreak; Martín Clavijo Uruguaiko Nazioarteko Lankidetzarako Agentziako (AUCI) zuzendari exekutiboak; eta Viviana Villalba Hezkuntza eta Kultura Ministerioko Goi Mailako Hezkuntzako arduradunak. Haiekin batera izan dira erakunde horietako eta Zientzia eta Berrikuntzako Idazkaritza Nazionaleko (SENCI) beste ordezkari batzuk ere.

Topaketa horietan, esperientziak trukatu eta Uruguaiko erakundeek plangintzaren, goi-mailako hezkuntzaren, ikerketaren, zientziaren eta nazioarteko lankidetzaren arloetan garatzen dituzten lan-ildo nagusiak ezagutzeko aukera izan dute. Era berean, Euskadirekin lankidetzan aritzeko aukerak aztertu dituzte.

Bisita hau Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatzen duen nazioartekotze-estrategiaren barruan kokatzen da, eta jarraipena ematen dio 2025eko irailean hasitako harremanei. Orduan, Uruguaiko Plangintza eta Aurrekontu Bulegoko ordezkariek Euskadi bisitatu zuten, eta Sailaren arduradunekin bildu ziren. Nazioartekotzea sustatzeko estrategia jasota dago, bai eguneratu berria izan den Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (ZTBP 2030), bai Unibertsitateen Legearen aurreproiektuan.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)