- Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak Innovación Bankinter fundazioak eta DIPCk antolatu duten “Fusioa: Euskadiren aukera berria” jardunaldian hartu du parte
- Deskarbonizazioa Berrikuntzaren Itsasargien estrategiako bederatzi esparru nagusietako bat dela azaldu du
- Adituek eta enpresek fusio-energiaren industria-aukerak aztertu dituzte jardunaldian
Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Bankinter Berrikuntza Fundazioak antolatu duten Fusioa: Euskadiren aukera berria jardunaldian hartu du parte. Jardunaldiak estatuko eta nazioarteko adituak eta enpresak bildu ditu, teknologia horren erronkak eta aukerak aztertzeko.
Eguzkiaren barnean gertatzen den prozesua erreproduzitzen du fusioak: nukleo arinak elkartzea, hala nola hidrogenoarenak, zeinak energia-kantitate handiak askatzen baititu. Etorkizuneko energia-iturri garbi posibletzat hartzen da, eta sistema energetikoa eraldatzeko ahalmena du. Fusio-energiak aukera berriak irekitzen dizkio industriari, haren garapenak aurrerapenak eskatu ahala: ingeniaritzan, materialetan, osagaien fabrikazioan eta sistemen integrazioan. Aplikazio komertzialerantz aurrera egiteko erronka handienetako bat da ezagutza zientifikoa soluzio teknologiko eskalagarri bihurtzea, eta, prozesu horretan, ikerketa-zentroen eta enpresen arteko lankidetza erabakigarria izango da.
Pérez Iglesias sailburuak, DIPC zentroko zuzendari Ricardo Díez Muiñok eta Innovación Bankinter fundazioko zuzendari nagusi Juan Moreno Bauk egin dute saioaren irekiera instituzionala.
Sailburuak azaldu duenez, «azken mende-laurdenean eta, bereziki, azken hamarkadan, aurrerapauso handiak eman ditu Euskadik zientziaren industriaren sektorean. Sektore horrek azpiegitura zientifikoen zerbitzura dauden goi-teknologiako eta doitasun handiko gailuak diseinatu eta ekoizten ditu. Ekipamendu horiek mundu osoan merkaturatzen dira. Gauza bera esan daiteke industria-erabileretarako goi-teknologiako aparatuak, sistemak eta instalazioak hornitzeari buruz. Aurrerapen horri esker, gure industria egoera ezin hobean dago fusio-energiaren lasterketan parte hartzeko; horretarako, Euskadiko zientzia, teknologia eta berrikuntzaren sarearen laguntza izango du».
Testuinguru horretan, Pérez Iglesiasek gogora ekarri du berak zuzentzen duen Sailak bultzatutako Berrikuntzaren Itsasargien estrategia. Estrategia horren helburua ezagutza aurreratua sortzea da, eragin ekonomiko eta soziala sortzeko asmo esplizituarekin. Halaber, azpimarratu du deskarbonizazioa ekimen horrek identifikatutako bederatzi arlo estrategikoetako bat dela.
Fusio-energiaren industria-aukera
Bestalde, DIPC zentroko zuzendariak adierazi duenez, “fusioa, gaur egun, ingeniaritzako eta industriako erronka bat da, baina hamarkadatan garatutako zientzia eta hartan prestatutako pertsonak ditu euskarri. Euskadik oinarri hori du: ezagutza sortzen duten eta fusioaren hornidura-kate batek behar duen talentua prestatzen duten ikerketa-zentro, unibertsitate eta zentro teknologikoak. Erakunde publikoen eta enpresen arteko aliantza bat da DIPC, eta zientziak gizartean eragina izatea dago haren helburuen artean. Horregatik egiten da solasaldi hau gure etxean”.
Innovación Bankinter fundazioko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, “fusioak promes zientifiko bat izateari utzi dio eta oraintxe bertan abian den lasterketa industrial bihurtu da. Fusio-enpresa batek erosten duen hori du Euskadik: ingeniaritza, prezisioko fabrikazioa, potentzia-elektronika, aeronautika eta dagoeneko ITERi eta garatzaile pribatuei saltzen dieten enpresak. Jardunaldi honekin, industria-ehun hori jarri nahi izan dugu fusioa eraikitzen dutenen aurrean, baita erakutsi ere, Alemaniako adibidearekin, eskualde bat antola daitekeela kate horren buru izateko”.
Jardunaldian, Laborategitik industriara mahai-ingurua ere izan da, INEUSTARko zuzendari nagusi Erik Fernández Escuderok gidatua, honako parte-hartzaile hauekin: Amaia Zarraoa, IDOMeko I+G zuzendaria; Juan Lizundia, SENEReko Ingeniaritza zuzendaria; Miguel Ángel Carrera, AVSren sortzailea eta CEOa; eta Ana Díaz de Zugazúa, Tecnaliako Industria eta Mugikortasuneko Merkatuaren arlokoa. Lau euskal erakunde horiek dagoeneko ari dira lanean ITERentzat, Fusion for Energyrentzat eta fusioko zenbait enpresa pribaturentzat.
Erakunde parte-hartzaileek partekatutako mezua argia da: fusioaren industria dagoeneko abian da, eta haren hornidura-katea osatzen ari da. Euskadik industriako eta teknologiako ahalmenak ditu sektore berri horretan rol esanguratsu bat betetzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)