- ASETTen Nazioarteko Aholku Batzordearen bileran hartu du parte Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak Bartzelonan, eta aldarrikatu du gizarte ekonomiaren eginkizun eraldatzailea, eta azpimarratu du “berebiziko garrantzia” dutela lankidetzak, elkarlanean egindako lanak eta erabaki demokratikoak hartzeak egungo erronka ekonomiko eta sozialei aurre egiteko
Elena Pérez Barredo Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak gaur, asteartea, Bartzelonan adierazi duenez, “erantzukizuna dugu ekonomia egiteko eta enpresa eraikitzeko beste modu bat posible dela erakusteko”, eta, horretarako, “berebiziko garrantzia” du lankidetzak, elkarlanean egindako lana, onuren banaketak eta erabaki demokratikoak hartzeak.
ASETT – Arizmendiarrieta Social Economy Think Tank erakundearen Nazioarteko Aholku Batzordearen bileran hartu du parte sailburuordeak Kataluniako hiriburuan, eta bileraren ondoren eskainitako prentsaurrekoan azaldu du abangoardiako hub hori “etorkizuna eraikitzeko topagune” bihurtu dela, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, Konfekoopek eta Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenak Euskaditik bultzatu dutena, eta Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren eta CEPESen laguntzarekin Estatu mailan abiarazi dena.
ASETT – Arizmendiarrieta Social Economy Think Tanken presidente ere bada Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordea, eta azpimarratu du erakunde sustatzaile guztiek helburu komun bat dutela: “Gizarte solidarioagoa, kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta berdinagoa eraikitzen laguntzea, baina enpresa proiektu arrakastatsuak sustatu eta garatzea ere ahalbidetuko diguna”.
Joan den urteko maiatzean Donostian egindako lehen foroaren ondoren eta Kataluniako Generalitatea ASETTen sartu ondoren, Pérez Barredok balioan jarri duenez, “gure gizarte ekonomiak beste batzuen ezagutza eta esperientzia behar du” egungo erronka ekonomiko eta sozialei aurre egiteko.
“Aberastasuna gutxi batzuen eskuetan pilatzea da, zalantzarik gabe, oreka eta justizia sozialerantz aurrera egin nahi duten merkatuek, ekonomiek eta gizarteek aurre egin beharreko mehatxu handienetako bat”, berretsi du Perez Barredok, ASETTen Nazioarteko Aholku Batzordearen topaketaren baitan izandako bilera instituzionalean. Datorren ostegunera arte, martxoaren 12ra arte, luzatuko da topaketa hori.
Lehen egunean, gaur, Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak harrera egin dio Aholku Batzordeari Palaun. ASETTen Nazioarteko Aholku Batzordea nazioartean sona duten pertsona ospetsuek osatzen dute, besteak beste, Nazio Batuetako, Europako Batzordeko eta ELGAko ordezkariek eta kontinente desberdinetako gizarte ekonomiako liderrek. Saioen helburua da “lehentasunak, ildo estrategikoak eta gizarte ekonomiaren posizionamendu globala indartuko duen jarduera esparru komuna zehaztea”, Pérez Barredo sailburuordeak gaineratu duenez.
Topaketa horrek gobernuen eta gizarte eragileen arteko lankidetza islatzen du, gizarte ekonomia nazioarteko ekonomia eta gizarte garapenaren eragile gisa kokatzeko, desberdintasunak murriztera eta benetako inpaktua sortzera bideratuta.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)