Pasaia Badia Aktiboak Altxa gazte! ekimena abiatu du

Argitalpen-data: 

Pasaia Badia Aktiboak Altxa gazte! ekimena abiatu du

Pasaiako Udalaren Pasaia Badia Aktiboa estrategia ez da kirol programa soil bat; eskualdeko eskola kirol ibilbidea amaitzen duten ikasleei zuzendutako aukera berri bat da, lehiakortasunetik urrun, jarduera fisikoaz gozatzeko espazio bat eskaintzen diena.

Askotan, eskola-kirolaren etapa amaitzean, gazte askok kirola egiteari uzten diote, euren lekua topatzen ez dutelako federatutako kirolaren mundu lehiakorrean. Pasaia Kirol Badia klubak (PKB) hutsune hori bete nahi du, adin-tarte horretarako eskaintza erakargarria eta inklusiboa osatuz.

Estrategia honen barruan, Altxa gazte! ekimena estreinatu berri dute. Ekimen hau, 14 eta 17 urte arteko gazteei zuzenduta dago, hain zuzen, egoera fisikoa ingurune seguru eta hezitzailean hobetu nahi duten gazteei.

Zer eskaintzen da?

  • Gorputz eta maila guztietara egokitutako entrenamendu funtzionala.
  • Mugitzeko, barre egiteko eta gozatzeko jolasak eta dinamikak, lehia neurrian hartuta.
  • Lan kooperatiboa, elkar babestuz. 
  • Gorputz-irudiaz eta -tabuez, sare sozialez eta autoestimuaz hitz egiteko gune bat izatea.

Horiek guztiak ingurune seguru batean, juzgurik gabe… eta pantailarik gabe. 

Zer EZ da egingo?

  • Ez da gorputza gurtuko.
  • Ez da “bikini operazioaz” hitz egingo.
  • Ez da estereotiporik sustatuko.
  • Presiorik, dietarik eta juzgurik ez.

Parte hartu nahi duten gazteek ikasturteko astearte eta ostegunetan izango dituzte saioak, arratsaldeko 16:30etik 17:30era, Antxoko Ibaiondo frontoian. Izena emateko Maddi Marquetekin jarri behar da harremanetan 623989105 telefono zenbakira deituz edo aktibatu@pasaia.net helbide elektronikora idatziz.

Altxa gazte! programaren xehetasunak eta herrian duen eragina hobeto ezagutzeko, Sara Dorronsoro (Pasaiako kirol teknikaria) eta Maddi Marquet (PKBko teknikaria) ETB1eko Biba zuek! saioan (1:02-1:08) izan ziren. Bertan, ekimenaren helburuak eta "Altxa gazte!" programaren nondik norakoak azaldu zituzten.