Agerraldi honen helburua da medikuen grebak Euskadin duen irismenaren berri ematea.
Estatu osorako deitutako greba da, baina, esan dudan bezala, oso eragin handia du Osakidetzaren asistentzia-sisteman.
Mobilizazio mugagabea da, hileko kadentziarekin: hilabetean astebeteko geldialdia, denbora-mugarik gabe.
Grebaren lehen astea bihar amaituko da, eta, orain arte, ez da inolako aurrerapausorik izan sektore medikoaren eta Ministerioaren arteko elkarrizketan.
Ez da konponbiderako keinurik hauteman.
Egoera horrek aspalditik kezkatzen gaitu.
Horrela jakinarazi nion ministroari duela astebete, Lurralde Arteko Kontseiluan.
Gaur, are handiagoa da kezka hori, bi arrazoirengatik:
- Arrazoi asistentzialak.
- Arrazoi instituzionalak.
- Dimentsio asistentziala
Espainia osoan orokortutako grebaz ari gara, Euskadin datu zehatzak dituen grebaz.
Eta zifra bakoitzaren atzean benetako pazienteak daude, aurpegia eta begiak dituzten pertsonak.
Euskadin, medikuen % 16 inguru egiten ari dira greba.
Lehenengo bi egunetan grebak izan duen eraginaren ondorioz, bertan behera utzi behar izan dira:
- Lehen arretako 10.391 kontsulta
- Pediatriako 2.752 kontsulta
- 569 kirurgia
- 10.221 kontsulta espezialistekin
- 6.156 diagnostiko-proba
Datu horiek aste osora estrapolatzen baditugu, datu hauek kalkulatu ditugu:
- Lehen arretako 26.000 kontsulta
- Pediatriako 6.880 kontsulta
- 1.422 kirurgia
- 25.552 kontsulta espezialistekin
- 15.390 diagnostiko-proba
Lanaren ikuspegitik mobilizazio legitimoa da, baina premiazko konponbidea behar du.
Astea aurrera doa, eta ez da inolako jarrera-aldaketarik ikusten negoziazioan; hartara, zifra horiek hazten eta metatzen jarraituko dute, hurrengo hileko mobilizaziora arte.
- Dimentsio instituzionala
Dimentsio honetan ere kezka areagotzen ari da.
Duela astebete Ministerioari jakinarazi nion negoziazio horren planteamenduak arriskuan jartzen duela osasun-sistemen bideragarritasuna.
Berriz diot.
Negoziazio bat bera ere ez da erraza, baina Esparru Estatutua lanbide-talde guztiak kontuan hartu gabe berritu nahi izateak are zailagoa egiten du negoziazioa.
Asistentzia-sistemak eta pazienteak egoera hori jasaten ari diren bitartean, Osasun Ministerioak autonomia-erkidegoak seinalatu ditu egun hauetan.
Egia da: osasun-asistentziaren gaineko eskumena dugu, baita asistentziaz bestelako alderdi askoren gaineko eskumena ere.
Eskumen hori 24/7 erabiltzen dugu, erantzukizunez eta harrotasunez.
Ez da nork berak egoera honetan dituen eskumenei eta erantzukizunei ihes egiteko unea.
Guztiz kontrakoa.
Horregatik, hau da galdera:
Esparru Estatutuaren negoziazioan, Ministerioak bere burua eskudun jotzen badu kolektibo batzuekin adosteko,... baina ez badu bere burua eskuduntzat jotzen beste batzuekin adosteko,
Zertarako behar dugu ministerio bat Osasun Sistema Nazionalaren barruan?
Nola da posible Ministerio bat, greba betean, ez arduratzea hain funtsezkoa den Esparru Estatutua berritzeaz?
Asistentzia-egoerak kezkatzen gaitu.
Baita jarrera instituzionalak ere.
Greba-astea aurrera egiten ari da.
Hortaz, dei egiten diot Ministerioari, negoziazioa bazterketarik gabe berraktiba dezan, talde profesional guztien errealitatea kontuan hartuta, baita —ezin bestela— medikuen kolektiboaren errealitatea ere.
Etorkizuneko arau-esparrua Osasun Sistema Nazionalaren mende dago.
Esparru-estatutua da estatutupeko langileen oinarrizko lan-baldintza komunak arautzen dituen esparrua, eta Osasun Ministerioaren eskumen esklusiboa da.
Esparru Estatutua legez arautzen da; lege-proiektuz hain zuzen. (Diputatuen Kongresua)
Legeak egin, arautu, koordinatu...
Esparru komun horretatik abiatuta, kudea dezake autonomia-erkidego bakoitzak bere osasun-sistema.
Sisteman elkar ezagutzeko eta norberari dagokion rola bere gain hartzeko unea da.
Ezin da despistatuarena egin; ezin dira erantzukizunak saihestu.
Elkarrizketak suspertu behar dira, entzun eta adostu.
Arren.
Ministerioak ez baditu onartzen Osasun Sistema Nazionalean betetzen duen zeregina sostengatzen duten printzipioak —legegintza, erregulazioa eta koordinazioa —, arazoa oso larria izango da.
Arau-estaldurarik gabe geratuko ginateke, eta baliteke konstituzio-bermerik gabe ere geratzea.
Egoera horretan, prest egongo ginateke Ministerioarekin esertzeko eta elkarrekin aztertzeko gure autogobernua zabaldu ahal izatea eta arlo horretan eta osasunarekin lotutako beste arlo batzuetan ditugun eskumenak hedatu ahal izatea.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)