Osasuneko sailburuak eta Osakidetzako zuzendari nagusiak, Usansoloko alkatearekin batera, Galdakao-Usansoloko Ospitaleko aparkalekua handitzeko lursailak bisitatu dituzte

Argitalpen-data: 

Osakidetza_Ampliacion_aparcamiento_Hosp_Galdakao_1.jpg
  • Obrak 1,6 milioi euroko guztirako inbertsioa izango duela aurreikusten da, eta laster aterako da proiektua idazteko lizitazioa
  • Ospitalearen atzealdean 175 plaza gehiago sortzeko aukera emango du, orain dagoen plaza kopurua halako 2,5
  • Euskadiko Osasun Itunean jasotako ekintzetako bat da, Azpiegituren ildo estrategikoan, zeinak osasun-espazioak modernizatzearen eta irisgarritasuna hobetzearen aldeko apustua egiten baitu, pazienteak sistemaren ardatz gisa hartuta 

Gaur, apirilak 24, bisita instituzionala egin dute Osasuneko sailburu Alberto Martínezek eta Osakidetzako zuzendari nagusi Lore Bilbaok, Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitaleko aparkalekua handitzeko erabiliko den eremua bertatik bertara ikusteko. Usansoloko alkate Agustín Aizpuru Izaguirrek lagunduta egin dute bisita, funtsezkoa izango den azpiegitura hori gauzatzeko behar den erakundeen arteko lankidetzaren erakusgarri.

Proiektu horren bitartez, 175 aparkaleku-plaza berri sortuko dira ospitalearen atzealdean. Gaur egun 145 plaza daudenez bertan, lana amaitutakoan, aparkalekuaren edukiera oraingoa halako bi baino gehiago izango da.   Horretarako, titulartasun publikoko partzelak erabiliko dira.

Jarduketa hau Euskadiko Osasun Itunean jasotako ekintzetako bat da, Azpiegituren ildo estrategikoan, zeinak osasun-espazioak modernizatzearen eta horietara heltzeko irisgarritasuna hobetzearen aldeko apustua egiten baitu, pazienteak sistemaren ardatz gisa hartuta. Proiektua bat dator, gainera, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak osasun publikoa indartzeko duen konpromiso irmoarekin, eta dagoeneko sartuta dago Osakidetzaren 2025-2032 urteetarako Azpiegitura eta Ekipamendu Sanitarioen Programan. Horrek bermatzen du haren zuzkidura eta exekuzioa, Gobernuaren ibilbide-orri estrategikoaren parte gisa.

Hasieran aurreikusi denez, 1,6 milioi euroko inbertsioa izango du guztira, eta egutegi honen arabera gauzatuko da:

  • urtea: Proiektua idazteko eta obra zuzentzeko espedientearen lizitazioa, proiektua entregatzea, obra-lizentziaren eskaera, eta obra gauzatzeko espedientearen lizitazioa.
  • urtea: Obren hasiera (2027ko lehen lauhilekoa).
  • urtea: Obren amaiera.

Osasuneko sailburu Alberto Martínezek azpimarratu duenez, obra hori pazienteek zein profesionalek eurek ere gehien errepikatu izan duten eskarietako bati erantzuteko egiten ari dira. ´Helburua da ospitale-inguruneko trafiko-presioa arintzea eta ospitalerako sarbidea hobetzea, pazienteen arreta erosoagoa eta eraginkorragoa izan dadin’.

Aparkalekuko esku-hartze hori estrategikoa da, gainera, euskarri logistikoa izango baita gunearen obra handia izango dena hasi aurretik: Kanpo-kontsulten eraikin berria. Eraikinak 1.200 plazako aparkaleku handi bat izango du 5 solairutan. Etorkizuneko proiektu horrek 136 milioi euroko inbertsioa izango du, eta osasun-arreta eraldatu eta indartuko du eskualdean.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)