- Ekimena Euskadiko Osasun Itunaren baitakoa da, eta parte-hartze eredu egonkorrago, koordinatuago eta gardenagoa lortzea du helburu, herritarrek eta pazienteen elkarteek benetan eragin dezaten osasun-arreta hobetzen
- Eusko Jaurlaritzak parte hartzeko epe bat ireki du, herritarren iritziak biltzeko gai hauei buruz: nola antolatu beharko litzatekeen pazienteen parte-hartzea, zer eginkizun bete beharko luketen elkarteek eta zer neurrik lagunduko luketen Euskadin parte-hartze baliagarri, adierazgarri eta gardena izaten
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak abian jarri du Pazienteek Euskal Osasun Sisteman Parte Hartzeko Legearen aurreproiektuaren aldez aurreko kontsulta publikoa. Ekimen hori aitzindaria da Estatuan, eta helburu du pazienteek eta pazienteen elkarteek osasun-politikak diseinatzen eta erabakiak hartzen modu egituratuan eta eragiteko gaitasunarekin parte hartzen dutela bermatzea.
Kontsulta hori legeak ezarritako epeak betez egin da, eta arau-proiektuaren izapidetze ofiziala hasi aurretik, Alberto Martínez Osasuneko sailburuak iragarritakoaren ildotik. Hark 2026ko ekainean aurreratu zuen hilabeteko epean aurkeztuko zitzaiola Gobernu Kontseiluari legea aurten izapidetzen hasteko proposamena.
Euskadiko Osasun Ituna esparru
Pazienteen etorkizuneko legea Euskadiko Osasun Itunaren garapen nagusietako bat izango da, euskal osasun-sistemaren eraldaketaren inguruan hogeita hamar eragilek lortutako akordioa. Itunaren hastapenetik, pazienteen parte-hartzea zehar-elementua izan da ildo estrategiko guztietan, eta 165 paziente-elkartek baino gehiagok egin dute ekarpena sistemaren hainbat mailatan: kontsultan, prozesuen eta zerbitzuen antolaketan eta osasun-politiken plangintzan.
Osasuneko sailburuak behin baino gehiagotan adierazi du "osasungintzaren etorkizuna ezin dela pazienterik gabe eraiki", eta nabarmendu du elkarteak "parte aktiboa, zorrotza eta ezinbestekoa" izan direla Euskadiko Osasun Itunera gehitu zirenetik.
Eusko Jaurlaritzak parte-hartze eredu egonkorrago eta egituratuagoa lortzeko hartu duen konpromisoaren baitan kokatzen da ekimen honen iragarkia. Joan den ekainean, Alberto Martínez sailburuak Bilboko Euskalduna Jauregian egindako "Ezagutu Euskadiko Osasun Ituna" jardunaldian iragarri zuen etorkizuneko legea funtsezko tresna izango dela osasun-politiketan benetako parte-hartzea eta eragiteko gaitasuna ziurtatzeko.
Hala, euskal osasun-sistemak aurrera egin du parte hartzeko espazioak irekitzeari dagokionez, eta, horren bidez, hobekuntza zehatzak egin ahal izan dira, besteak beste: premiazkoa ez den osasun-garraioa diseinatzea, Lehen Mailako Arretako esperientziak edo pazienteen ikuspegitik asistentzia-ibilbideak garatzea.
Pazienteen esperientzia, osasun-sistema hobetzeko giltza
Pazienteek ekarpen handia egin dezakete osasungintza hobetzeko. Haien esperientzia lagungarria izan daiteke zerbitzu hobeak diseinatzeko, beharrak identifikatzeko eta Euskal Osasun Sistemari, Osakidetzari, eragiten dioten erabakiak hartzen laguntzeko. Euskadin dagoeneko badaude osasun-erakundeek eta pazienteen elkarteek bultzatutako partaidetzako ekimenak. Hala ere, Osasun Sailak aurrera egin nahi du eredu egonkorrago, koordinatuago eta gardenagoa lortzen, hala parte-hartze eraginkorra sustatzeko eta osasun-arretaren hobekuntzan eragiteko ahalmena izateko.
Pazienteen elkarteak, kontsultaren protagonistak
Osasun Sailak pazienteen elkarteen eta herritarren iritzia jaso nahi du legea behin betiko egiten hasi aurretik. Euskal gizarteak gai nagusien inguruan duen ikuspuntua ezagutu nahi da: nola antolatu pazienteen parte-hartzea Euskal Osasun Sisteman, zer zeregin izan beharko luketen, zer espaziok sustatuko luketen parte-hartze baliagarri eta eraginkorra, zer zailtasun dauden gaur egun parte hartzeko eta zer neurrik lagunduko luketen parte-hartze hori gardena, adierazgarria eta erabilgarria izaten.
Ekarpenak Irekiaren bidez egin ahal izango dira, eta bertan aurreproiektuaren dokumentazio guztia kontsultatu ahal izango da. Behin kontsulta publikoaren aldia amaituta, proposamen guztiak aztertuko dira eta lege-proiektua egiteko oinarri izango dira.
Hurrengo urratsak
Aldez aurreko kontsulta publikoaren aldi hori amaitutakoan, lege-aurreproiektuaren behin betiko testua egiteko jasotako ekarpenak txertatuko ditu Osasun Sailak, eta, ondoren, entzunaldiaren izapidea eta jendaurreko izapidea egingo dira, Gobernu Kontseiluari aurkeztu baino lehen, hark onartu eta Legebiltzarrean tramita dezan.
Ekimen horren bidez, Euskadi izango da pazienteen lege bat izapidetzen hasi den lehen autonomia-erkidegoa, eta osasun-sistema hurbilago, gizatiarrago eta eraginkorrago batekiko konpromisoa sendotu du, pazienteen parte hartzeko eskubidea bermatzen baita.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)