Osalanek laneko bide-segurtasunari buruzko jardunaldi bat antolatu du, prebentzio-zerbitzuetako teknikarientzat, eremu horretako prebentzio-kudeaketa indartzeko. Topaketa online formatuan garatu da, eta aukera eman du irizpide teknikoak eguneratzeko, istripuak aztertzeko metodologia komuna erakusteko eta arriskuak ebaluatzeko tresna berri bat aurkezteko.
Irekieraren ondoren, Sergio Mogilnicki Osalaneko Gipuzkoako teknikariak indarrean dagoen esparru juridiko-normatiboa azaldu du, eta istripu-tasaren bilakaera aztertu du, laneko bide-segurtasuneko erronka nagusiak testuinguruan kokatuz.
Ondoren, Juan Ramón Muñozek, Osalanen Arabako Lurralde Zentroko arduradunak, enpresako bide-segurtasunaren prebentzio-kudeaketari ekin dio, ikuspegi hori prebentzio-kulturan txertatzeko beharra azpimarratuz. Halaber, enpresetako egoera aztertzeko metodologian sakondu du, segurtasun-baldintzak ebaluatzeko eta hobetzeko jarraibide praktikoak eskainiz.
Bestalde, Iñaki Martínez de Aguirre Osalaneko Arabako teknikariak laneko bide-arriskuak ebaluatzeko aplikazio berri baten beta bertsioa aurkeztu du. Aplikazio hori prebentzio-zerbitzuei laguntzeko tresna gisa sortu da.
Jardunaldia amaitzeko, ondorio nagusiak bildu dira, eta berretsi egin da Osalanek konpromisoa hartu duela prebentzioa etengabe hobetzeko eta errepideko lan-istripuak murrizteko.