- Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Jaioberrien Unitateak egindako atzera begirako ikerketa klinikoak jaioberrien kohorte oso goiztiar baten bilakaerari jarraitu zion, eta ikusi zuen lehen hilabeteetan hautemandako hazkunde-aldeak gainditu egiten direla bi urteko adin zuzenduan
- Emaitzek, gainera, nutrizio-arreta hobetzeko eta ospitaleko altaren ondoren edoskitzerako laguntza indartzeko aukerak identifikatzen dituzte
- Lanak ebidentzia dakar jaioberri oso goiztiarren arreta optimizatzeko eta edoskitzerako laguntza indartzeko; helburu horiek bat datoz osasunaren sustapenarekin eta Euskadiko Osasun Itunean jasotako pertsonengan oinarritutako arretarekin
Giza esneak, bai amarenak berarenak, bai donatutakoak, ez du nabarmen arriskuan jartzen jaioberri oso goiztiarren hazkundea bi urteko adin zuzenduan. Hori da Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Jaioberrien Unitateak egindako azterlan baten ondorio nagusia. Azterlan hori Esne Bankuen XII. Kongresu Nazionalean aurkeztu da, Bilbon.
Andrea Miguélez neonatologoak gidatutako ikerketan, 2017tik 2022ra bitartean jaiotako 32 aste baino gutxiagoko eta/edo 1.500 gramo baino gutxiagoko 237 jaioberriren bilakaera analizatu zen, ospitaleratzean emandako bizitzako lehen hilabeteko eta bi urteko adin zuzendura arteko hazkundean jasotako elikadura enteral motaren eragina ebaluatzeko.
Praktika klinikoak bultzatutako ikerketa
Bai amaren beraren, bai donatutako giza esnearekin elikatzea gomendatzen da jaioberri goiztiarrentzat. 2017ko amaiera aldean Euskadiko Esne Bankua abian jartzeak aukera eman zuen elikadura mota hori eskuratzeko aukera zabaltzeko amaren esne propiorik ez zegoen kasuetan.
Hala ere, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Jaioberrien Unitateko profesionalek ikusi zuten batez ere giza esnearekin elikatutako paziente batzuek hazkunde motelagoa zutela ospitaleratuta egon ziren bitartean. Behaketa horrek ekipoaren interesa piztu zuen jakiteko ea alde horiek epe luzera mantentzen ziren eta zer inpaktu izan zezaketen jaioberri horien bilakaeran.
“Horrek bereziki kezkatzen gintuen, paziente horien hazkundeak lotura estua duelako etorkizuneko neurogarapenarekin. Jakin nahi genuen itxuraz motelagoa zen hazkunde horrek epe luzera ondorioak zituen edo geroago suspertzen zen”, azaldu du Andrea Miguélezek.
Emaitzek erakutsi zuten giza esnearen proportzio handiarekin elikatutako haurtxoek pisu- eta altuera-irabazi txikiagoa zutela ospitaleratzean, kantitate txikiagoa jasotzen zutenekin alderatuta. Analisi espezifiko batean, Jaioberrien Unitateko ekipoak ikusi zuen donatutako esnearekin nagusiki elikatutako jaioberriek pisu-irabazi txikiagoa zutela bizitzako lehen hilabetean, amaren esne propioarekin batez ere elikatutakoek baino.
Hala ere, alde horiek iragankorrak izan ziren. Donatutako esnearekin batez ere elikatutako pazienteen pisu-irabazi txikiagoa jadanik ez zen ikusten ospitaleko altan, eta ez zen alderik ikusi bi urteko adin zuzenduan hartutako hazkunde-neurketetan.
Era berean, ikerketak egiaztatu zuen perimetro zefalikoa dela jasotako elikadura motak gutxien eragiten duen parametroa, eta paziente gehienek pisua eta altuera berreskuratzen zituztela beren bilakaeran zehar.
Nutrizio-arreta hobetzen jarraitzeko aukerak
Ikerketak, era berean, bidea eman zuen paziente horien nutrizio-arretan hobetu zitezkeen alderdiak identifikatzeko. Jaioberrien ia % 30ek ospitaleratzean zehar espero zena baino hazkunde txikiagoa izan zuten. Aurkikuntza horrek aditzera ematen du garrantzitsua dela nutrizio-estrategiak optimizatzen jarraitzea eta giza esnearen aberastea paziente bakoitzaren beharren arabera pertsonalizatzea, bizitzako lehen asteetatik bilakaera hobea izateko.
Gainera, azterlanean ikusi zenez, amagandiko edoskitze esklusiboaren tasa altan % 50era hurbiltzen zen arren (zifra hori oso positibotzat jotzen da paziente mota horrengan), tasa hori nabarmen jaisten zen etxera itzuli ondoren.
“Gure emaitzek giza esnea erabiltzea babesten dute, amarena zein donatutakoa, ez baitugu ikusten horrek bi urtera hazkundea arriskuan jartzen duenik. Aldi berean, hobetzeko aukerak identifikatzen ditugu, bai nutrizio-estrategien indibidualizazioan, bai familientzako laguntzan, alta hartu ondoren edoskitzeari eustea bultzatzeko”, esan du, amaitzeko, espezialistak.
Ikerketak bat egiten du Euskadiko Osasun Itunean jasotako ildoetako batzuekin, besteak beste, osasunaren sustapenarekin, prebentzioarekin eta pertsonengan oinarritutako arretarekin. Azterlanak jaioberri kalteberenen elikadurari buruzko ebidentzia sortzen laguntzen du, eta informazio baliagarria dakar haien arreta hobetzen jarraitzeko eta familiei bizitzako lehen uneetatik laguntzeko. Emaitzek, halaber, edoskitzea bultzatzearen garrantzia indartzen dute, baita ospitaleratzean zehar eta hura amaitu ondoren familientzako laguntzari eustearen garrantzia ere.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)