Osakidetzaren 23-24-25eko EPE berriaren izena emateko epea martxoan irekiko da, eta 5.425 lanpostu eskainiko dira

Argitalpen-data: 

OPE_Osakidetza.jpg
  • Gaur, Mahai Sektorialean, deialdi berriaren Oinarri Orokorrak jakinarazi dira, EPE eredu berri batekin: test motako azterketak eta nota-erreserba hurrengo deialdietarako
  • Orain arte Osakidetzan egin den enplegu publikoaren ohiko deialdi handiena da; aurreikuspenen arabera, azterketak uda baino lehen hasiko dira
  • Dokumentua otsailaren 4ko EHAAn argitaratuko da, eta adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako zati espezifiko bat jasoko du lehen aldiz

Osakidetzak gaur jakinarazi dizkio Mahai Sektorialari 23-24-25eko EPEaren Oinarri Orokorrak. EPEan 5.425 lanpostu eskainiko dira, 108 lanbide-kategorietan. Euskal-osasun zerbitzuak planifikatuta du martxoan zehar irekitzea izena emateko epea, baita lehen azterketak uda baino lehen egitea ere. Mahaian jorratu den gaietako bat izan da hura; besteak beste, honako hauei ere heldu zaie: urteko negoziazio-egutegia, Lanbide-garapeneko sarbiderako berrikuntzak, edo lekualdatze-lehiaketa.

23-24-25eko EPE berriak hainbat berrikuntza ditu. Hala, EPEaren eredu berrian adostutako neurriak aplikatzen diren lehen aldia izango da. Eredu horren arabera, azterketak test motako galdetegiak izango dira, Osakidetzak aurretik emango dituenak; horrekin, hautaketa-probak praktika profesionala baloratzera zuzenduta egon daitezen lortu nahi da. Lortutako nota hurrengo hautaketa-prozesuetarako gorde ahal izango da.

Desgaitasuna duten pertsonentzako deialdi espezifikoa

Desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako deialdi espezifiko bat egitea da EPE berriaren beste berrikuntza nagusietako bat. Ekimen honen xedea da, batetik, pertsona horien beharrei eta ezaugarriei erantzun hobea ematea (hori lortzeko berezitasunak sindikatuekin lantzen ari dira) eta, bestetik, inklusioaren aldeko apustua egitea, euskal gizartearen errealitatetik hurbilago dagoen osasun-sistema bidezkoago eta anitzago bat garatzeko. Deialdi hau 23-24-25eko EPEaren deialdiarekin batera garatuko da, eta, gutxienez, 25 lanpostu eskainiko dira modalitate horretan. Lanpostuen baldintzak eta probak egokitu dira, enplegu publiko sanitarioan benetako inklusioa egon dadin errazteko.

23-24-25eko EPEa Osakidetzaren enplegu publikorako ohiko deialdia da, hain zuzen ere, orain arte lanpostu gehien deitu dituen deialdia. Horrekin batera, beste deialdi bat egingo da, Betetzeko zailak diren EPEa, aurten ere egitea planifikatuta dagoena. Neurri horien bidez, behin-behinekotasun tasa Europako estandarretara jaitsi nahi da.

Urteko lehen hiruhileko honetan, kategoria bakoitzaren oinarri espezifikoak onartu eta argitaratuko dira, zeinetan, besteak beste, informazio xeheagoa adierazten baita, hala nola kategoria bakoitzeko lanpostu-kopurua edo gai-zerrenda. Bi dokumentu horiek argitaratu ondoren, izena emateko epea irekiko da. Aurreikuspenen arabera, martxoan izango da. Azterketak 2026an zehar egingo dira, eta uda baino lehen hasiko dira hautagai gehien dituzten kategorietako probak.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)