Osakidetzako Emergentziak erakundeak biktima anitzeko gertakarietan jarduteko simulakro bat antolatu du

Argitalpen-data: 

Osakidetza_Emergentziak.jpg
  • Gaur arratsaldean, autobus baten trafiko-istripuaren benetako egoera simulatuko da, Osakidetzako Emergentzietako 30 profesionalek eta Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek hartuko dute parte
  • 18:00etan, Iurretako Suhiltzaileen Parkean, horrelako gertaera baten aurrean larrialdi-eremu guztietako profesionalen arteko koordinazioa eta komunikazioa indartzeko eta hobetzeko ariketa gisa

Osakidetzako Emergentzietako hainbat profesional-taldek biktima askoko gertakari baten simulakroan parte hartuko dute gaur arratsaldean, Iurretan, Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileekin batera.

Iurretako Suhiltzaileen Parkean egingo den jarduera horretan, benetako emergentziako egoera bat simulatzen duen eszenatokia erreproduzituko da; kasu honetan, autobus baten trafiko-istripua, biktima asko izango dituen gertakaria. Simulakroan, guztira, Osakidetzako Emergentziak erakundeko 30 profesionalek esku hartuko dute Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileekin batera, eta emergentzietako 8 laguntza-ibilgailu erabiltzea aurreikusita dago.

Benetako egoeretan entrenatzea funtsezkoa da emergentzien eremuetako profesionalen arteko koordinazioa eta komunikazioa indartzeko eta hobetzeko, horrelako ekitaldiak gertatzen direnerako. Simulakro-ariketa horri esker, triaje-protokoloen (sailkapena) eta zaurituak ebakuatzeko protokoloen eraginkortasuna ebaluatu ahal izango da, eta biktimak in situ sortutako osasun-eremuetara eramateko dispositiboen eraginkortasuna egiaztatuko da.

HONDAMENDIEN AURREAN ERANTZUN ERAGINKOR ETA KOORDINATUA

Konplexutasun handiko entrenamenduaren xede da hondamendien aurrean erantzun eraginkor eta koordinatua bermatzea; oraingo honetan, Osakidetzaren osasun-baliabideak Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileen baliabideekin integratuta.

Izan ere, kaltetu asko eragiten dituzten heinean, biktima anitzeko gertakarien halako simulakroak egitea beharrezkoa da hainbat arrazoirengatik: kudeatzen oso konplexuak direlako, ezohikoak direlako eta ez direlako maiz gertatzen, eta, horrez gain, larrialdi-zerbitzuek erantzuteko duten gaitasuna mugara eramaten dutelako.

Gaurko 18:00etan hasiko den eta Osakidetzak antolatu duen simulakroan Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia, Eleder Rios Osakidetzako Emergentzietako zuzendaria eta Pedro Luis Izaga Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaileen zuzendaria egongo dira. Aurretik, Osakidetzako emergentzietako profesionalei eta jardueran parte hartzen duten suhiltzaileei segurtasunari eta testuinguruari buruzko informazioa emango zaie, egin beharreko jarduketari buruzko egoeraren kontzientzia hartzen joan daitezen.  19:00etan, jardunean ordubete igaro ondoren, amaitutzat emango da ariketa.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)