OTSAILAK 25 – KOKLEAKO INPLANTEAREN NAZIOARTEKO EGUNA
- Gaur egun, Donostiako Unibertsitate Ospitaleak 60 koklea-inplante inguru egiten ditu urtean
- Azken urteotan Osakidetzak izangai-kopuru handiagoa lortu du, eta pertsonen entzumen- eta bizi-kalitatea nabarmen hobetzea lortu du.
- Inplanteak diziplina anitzeko talde oso espezializatu batek egiten ditu, hauek osatua: otorrinolaringoloak, audiologoak eta erradiologoen sostengua duten errehabilitatzaileak, pediatrak, neurologoak, psikologoak eta psikiatrak, besteak beste
1991n Donostiako Unibertsitate Ospitalean lehen koklea-inplantea egin zenetik, interbentzioak mila izatera iritsi dira, eta esponentzialki hazi dira, urtean 60 inplante izateraino. Hasieran 5 edo 10 inplante egiten ziren urtean, baina kopuru hori areagotzen joan da pixkanaka.
Otorrinolaringoloek, audiologoek eta errehabilitatzaileek osatutako diziplina anitzeko talde oso espezializatu batek mugarri hori lortu du, eta bai Unibertsitate Ospitalea bai Osakidetza inplante horren erreferente bihurtu ditu, leku garrantzitsua baitute estatuko eta nazioarteko egoeran. Donostiako Unibertsitate Ospitalea inplante hori jartzeko eta jarraipena egiteko erreferentziazko zentroa da Euskadin eta Errioxan, eta hiru milioi inguru herritarri ematen die arreta.
Kokleako inplantea eraginkortasun handiko entzumen-gailu bat da, eta pazienteentzako sistema segurua da. Bi zati ditu: zati bat barnean ezartzen da, prozedura kirurgiko baten bidez; bestea, kanpoan ezartzen da, eta pazienteak erraz jarri eta kendu dezake, audifono bat bezala.
Interbentzio hau, batez ere, gorreri sentsorioneurala duten pazienteentzat da, baldin eta barne-belarriari eragiten badio eta larria edo sakona bada. Gorreria jaiotzetikoa edo jaiotzaren ingurukoa bada, haurrak ahozko hizkuntza bereganatu aurretik jarri beharko da inplantea; bi urteak bete baino lehen jartzea da onena. Galera ahozko hizkuntza bereganatua duten helduetan gertatzen bada, denboraren faktorea garrantzitsua den arren, ez da kritikoa.
Kirurgia anestesia orokor eta mikroskopio bidez egiten da, gai horretan espezialistak diren otorrinolaringologoek egiten dute, eta espezializazio-maila handia eskatzen du, bai diagnostiko egokia egiteko, bai jarraipena egiteko. Entzumen-pabiloiaren atzealdean ebaki bat egiten da; ondoren, barne-belarriko egiturak lokalizatzen dira, bertatik elektroi-gidaria sartzeko, eta inplantea ezartzen da. Normalean pazientea egun bat bakarrik egoten da ospitalizatuta. Paziente horiek berezitasun bat dute: ez zaie inoiz alta ematen, eta horrek esan nahi du paziente metagarriak direla. Gaur egun, 1.000 pazienteri baino gehiagori egiten zaie jarraipena.
Kokleako inplantea etengabe aurreratzen ari den teknologia da. Etorkizun handiena dutenek kanpoko zati gero eta txikiagoak dituzte, denbora gehiago irauten duten bateriak eta bluetooh bidezko konexioa. Gainera, urrutiko aktibazioak edo azterketak egiteko aukera dakarte, pazienteak azterketa bakoitza egitera ospitalera joan beharrik izan ez dezan.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)