Osakidetzak tresna pedagogiko berria sortu du haurrei laguntzeko, larrialdi medikoei beldurrik gabe aurre egin diezaieten

Argitalpen-data: 

Osakidetza_urgencias_pediatria_1.jpg
  • "Maren eta Geltsu bere laguna" izenburuko lana aurkeztu dute, Barrualde-Galdakaoko ESIko osasun-arloko profesionalek haurren antsietatea murrizteko sortutako haurrentzako bildumaren hirugarren liburua
  • Humanizazioko eta osasun-berrikuntzako ekimena izanik, bat dator Euskadiko Osasun Itunarekin, jasangarritasunaren alde ere egiten duelako, QR kodeak baliatuta eta etxean inprimatzeko aukera emanez

Larrialdietako zerbitzu batean sartzea benetako erronka emozionala izan daiteke haur txikientzat. Argi izanda helburua dela beldur hori segurtasun-sentimendu bihurtzea eta osasuneko hezkuntza abentura bilakatzea, "Maren eta Geltsu bere laguna" ipuina aurkeztu dute gaur, Barrualde-Galdakaoko ESIko Marenen Bildumaren hirugarren alea.

Ipuina 4 eta 9 urte bitarteko haurrentzat diseinatu da bereziki. Haurrentzat atseginak diren ilustrazioak eta hizkuntza erraza erabilita sortutako ipuin honetan, Maren protagonistak
—KoaLAGUN (koala) ondoan duela beti—, eta Geltsu izeneko pertsonaiak (bere igeltsua), urratsez urrats azaltzen digute zer den eta nola funtzionatzen duen larrialdi-zerbitzu bateko arreta-prozesuak.

Euskadiko Osasun Itunaren printzipioekin bat etorriz —pertsonak sistemaren erdigunean jartzen dituen eta asistentziaren humanizazioa lehenesten dituen neurrian—, liburu hau Barrualde-Galdakaoko ESIko profesionalen diziplina anitzeko lanaren emaitza da. Izan ere, prozesu osoa, hasierako gidoitik hasita itzulpena, ilustrazioa eta egokitzapen elebiduna osatu arte, asmo honekin bideratu da: haurren antsietatea murriztea, haiei lasaitasuna ematea eta paziente txikienen asistentzia sanitarioa normalizatzea.

Kontakizun horien bidez, osasun-arloko profesionalek familiei etxean elkarrizketarako espazioak sortzen lagundu nahi diete, prozesu asistentzial horiei naturaltasun osoz aurre egin diezaieten. Horrela, desinformazioa gutxitzea eta antsietatea arintzea lortzen da, eta, horri esker, haurra askoz ere lasaiago joaten da ospitale edo osasun-zentro batera, joan beharra duenean.

Ekimen honekin, beraz, paziente pediatrikoek kalteberatasun handiko uneetan duten esperientzia hobetzeaz gain, haien alfabetatze sanitario goiztiarra sustatzen da, larrialdi-zirkuituen funtzionamendua modu ludikoan irakatsiz.

Berrikuntza eta konpromisoa ingurumenarekin (GJH)

Erakundeak bat egiten duenez NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) lortzeko ezarritako ibilbide-orriarekin, liburuaren zabalkundea banaketa fisiko masiborik gabe egingo da, hau da, formatu digital eta interaktiboan jarriko da eskuragarri:

  • 3. GJHa (Osasuna eta Ongizatea): Hobetu egiten da pediatriako pazienteen eta haien familien ospitaleko esperientzia tentsio handiko uneetan.
  • 12. GJHa (Ekoizpen eta Kontsumo arduratsua): Papera alferrik erabiltzea saihesten da, QR kodeen bidezko banaketa ekologikoari esker. Kode horiek ESIko osasun-zentro eta ospitale guztietako karteletan daude eskuragarri.

Haurren osasun-irizpideak dituen teknologia

Osakidetzak aktiboki sustatzen du teknologiaren erabilera arduratsua. Kontuan hartu dira medikuen gomendioak haurren pantailen erabilera jarraituari buruz, eta horien aurka ez egiteko, "Maren eta Geltsu bere laguna" liburuaren fitxategi digitala erabat optimizatu da familiek haien etxeetan inprimatu dezaten.

Behin inprimatuta, ipuina haurren liburutegi fisikoaren parte izan daiteke. Horrela, orriak pasatzeko, ukitzeko, dakartzan denbora-pasak egiteko eta edozein unetan irakurtzeko aukera emango die, larrialdietara joatea amaiera zoriontsua izan dezakeen istorio bat ere izan daitekeela ikas dezaten.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)