Osakidetzak pertsona transexualei arreta integrala emateko gida sanitario berria aurkeztu du

Argitalpen-data: 

Osakidetza_presentacion_Guia_Atencion_Trans_Euskadi_1.jpeg
  • Dokumentuak arreta sanitarioa 4/2024 Legera egokitzen du, Lehen Mailako Arretaren zeregina indartzen du eta irisgarritasuna, kalitatea eta ekitatea hobetzen ditu pertsona transen arretan
  • Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak balioa eman dio dokumentua egiteko prozesuan eragile guztien inplikazioari, bereziki kolektibo horren eskubideen defentsan lan egiten duten elkarteena
  • Ekimena erabat lerrokatuta dago Euskadiko Osasun Itunarekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren konpromisoarekin, hain zuzen, sistema bidezkoagoa, parte-hartzaileagoa eta pertsonengan zentratua eraikitzeko konpromisoarekin

Osakidetzak Euskadiko Pertsona transentzako osasun-arretarako gida berria aurkeztu du gaur. Dokumentu estrategiko horrek eredu asistentziala eguneratzen du, genero-identitateagatik ez baztertzeari buruzko 4/2024 Legearen eta ebidentzia zientifiko berrienaren arabera. Osakidetzako zuzendari nagusiak, Lore Bilbaok eta gida honen koordinatzaile eta Osakidetzako Ospitale Arretako Zuzendariordetzako mediku espezialista den Oskar Ayerdik, nabarmendu dute dokumentua diziplina sanitario askotako profesionalen, elkarte zientifikoen, teknikarien eta pertsona transexualen elkarteen (Loratuz Lotu, Naizen AFT, Errespetuz, Lumagorri) eta haien familien arteko lankidetzaren emaitza dela.

Azaldu dutenez, partaidetza-prozesu horri esker, laguntza-eredu hurbilagoa, errespetutsuagoa eta herritarren benetako beharretara egokituagoa eraiki ahal izan da. Ikuspegi kolaboratibo horrek erakusten du euskal osasun-sistema publikoak konpromisoa duela asistentziaren kalitatea etengabe hobetzeko, osasun-arloko desberdintasunak murrizteko eta pertsona ardatz duen arreta emateko.

"Hainbat arlotako profesionalen, elkarte zientifikoen, Osakidetzako talde teknikoaren eta abarren parte-hartzeari esker egin ahal izan da, eta, batez ere, trans pertsonen eta haien familien eskubideak defendatzen dituzten elkarteen lanari eta lankidetzari esker. Beraien begirada, esperientzia eta konpromisoa funtsezkoak izan dira eredu gizatiarragoa eta errealistagoa eraikitzeko, herritarren benetako beharrei erantzuten diena", nabarmendu du Lore Bilbao zuzendari nagusiak, datorren asteartean, martxoak 31, ospatuko den Trans Ikusgarritasunaren Nazioarteko Egunaren atarian.

Ekimena guztiz bat dator Euskadiko Osasun Itunarekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sistema bidezkoagoa, parte-hartzaileagoa eta pertsonengan zentratua eraikitzeko duen konpromisoarekin. "Gure helburua argia da – esan du Osakidetzako zuzendariak – trans bakoitzak gure osasun-sisteman entzuna, errespetatua eta segurua sentitzen den ingurune bat aurkitzea". "Gida -gaineratu du- osasuna ulertzeko dugun moduaren adibide zehatza da: ez bakarrik gaixotasunik eza bezala, baizik eta pertsona guztien ongizate integrala bezala, bere aniztasun osoan."

Berrikuntza nagusiak: hurbiltasun, irisgarritasun eta koordinazio handiagoa

Gidak jasotzen dituen aurrerapen nagusien artean, nabarmentzekoa da Pertsona Transentzako Lehen Mailako Arreta Zerbitzuak (PTLMA) abian jartzea, bat lurralde historiko bakoitzeko. Horrela, arreta sanitarioa pertsona transengana gerturatuko da, laguntza pertsonalizatua eskainiz hasierako faseetatik eta arreta mailen asistentzialen artean koordinatuz; hiru psikologo eta hiru erizain berri kontratatuko dira. Gipuzkoan, zerbitzu hau Donostiako Alde Zaharra Osasun Zentroan egongo da, bertan aurkeztu da gida gaur goizean. Zerbitzu horiek sareko eredu baten ardatz gisa jardungo dute era koordinatu batean Lehen Mailako Arretarekin, Ospitaleko Arretarekin, Gurutzetako Unibertsitatea Ospitalean dagoen Osakidetzako Genero Identitatearen Unitatearekin (GIU) eta baliabide komunitarioekin.

Horrela, gidak aitortzen du Lehen Mailako Arreta funtsezko elementua dela premiak goiz detektatzeko eta bizitzan zehar jarraitutasun asistentziala izateko, eta entzute aktiboan, errespetuan eta estigmatizatu gabeko hizkuntzaren erabileran oinarritutako laguntza-ingurunea sustatzen du.

Eeredu berri bat, hori da beste berrikuntza bat, prozedura jakin batzuen deszentralizazio progresiboaren alde egiten duena, hala nola hormona-terapia, konplexutasun txikiagoko interbentzio kirurgiko batzuk eta laguntza bidezko ugalketa. Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko GIUk erreferentzia izaten jarraituko du Euskadi osorako, bereziki konplexutasun handieneko prozesuetarako, eta gainerako egitura asistentzialekin koordinatuta egongo da. Horri esker, irisgarritasuna hobetu eta osasun-sistema publikoaren baliabideak optimizatu ahal izango dira. Urrats horiek Gidaren Ekintza Planean sartzen dira, eta Osakidetzako gainerako erakundeekin koordinatuta eta taldean lan eginez ezarriko dira.

Gainera, gidak aitortzen du pertsona transexualek askotariko esperientziak eta beharrak dituztela, izan ere, pertsona guztiek ez dituzte tratamendu berberak behar. Horregatik, trantsizio-prozesuak kasu bakoitzera egokitu behar dira, eta helburua da arreta segurua, pertsonalizatua eta informatutako erabakietan oinarritua bermatzea.

Azken batean, gida sanitarioak Osakidetza osoaren lan koordinatua eta sareko lana pertsona transen arreta errazteaz gain, GIUren funtzionamendua ere sendotuko du EAEko osasun-sistema publikoaren erreferentzia-unitate gisa. Gida berri honekin, Euskadik urrats sendo bat ematen du eredu sanitario inklusiboago, bidezkoago eta eskubideetan oinarrituago baterantz, pertsona transak arretaren erdigunean jartzen dituena eta bizitza osoan zehar dituzten beharretara egokitutako erantzuna bermatzen duena.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)