- Osakidetzak Euskadiko Protonterapia Unitateko ziklotroia instalatu du: mugarri historikoa da, eta munduko teknologiarik aurreratuenetako bat hurbilduko die paziente onkologikoei
- Protoi-azeleragailua iritsi eta instalatzea etapa erabakigarria izango da Euskadiko onkologian, eta tratamenduak 2028aren hasieran hastea ahalbidetuko du
- Protonterapia Unitate berriak tratamendu zehatzagoak eta seguruagoak eskainiko ditu, eta onura berezia ekarriko die paziente pediatrikoei eta tumore konplexuak dituzten pertsonei
- Proiektuan 86,3 milioi euroko inbertsio globala egingo da, Osakidetzak berariaz eraikitako azpiegitura batean garatzen ari da eta Amancio Ortega Fundazioaren laguntza du
- Imanol Pradales: “Abangoardiako eta doitasun handiko teknologia berri bat txertatu dugu, gure osasun-sistema publikoan minbiziari aurre egiteko aukera terapeutikoak zabaltzeko aukera emango digun”
Osakidetzak Euskadiko Protonterapia Unitatea garatzeko ekintza garrantzitsuenetako bat osatu du gaur, protonterapia-sistemaren parte izango den ziklotroia jaso eta instalatuta. Ekipamendua Donostia Unibertsitate Ospitalearen eta Onkologikoaren artean eraikitako eraikin berrian kokatuko da.
Ekipamendu hori iristea beste mugarri bat da Euskadirentzat, Osasun Sailarentzat, Osakidetzarentzat eta euskal gizartearentzat estrategikoa den proiektuaren barruan, minbizia tratatzeko munduko teknologiarik aurreratuenetako bat txertatzea modu erabakigarrian hurbiltzen baitu.
Ziklotroia iristea –sistemaren bihotz teknologikoa da, tratamenduak ematea ahalbidetuko duten protoiak sortu eta azeleratzeaz arduratzen da– funtsezko aurrerapena da Euskadiko Protonterapia Unitatea abian jartzeko bidean. Aurreikuspenen arabera, Unitate horrek 2028ko urtarrilean artatuko ditu lehen pazienteak.
Proiektu honen azken helburua pertsonak dira: pazienteak, familiak eta profesionalak. Protonterapiari esker, Euskadin arreta onkologiko zehatzagoa, seguruagoa eta pertsonalizatuagoa eskaini ahal izango da, bereziki tratamenduan zehar ehun osasuntsuak ahalik eta gehien babestu behar dituztenen kasuan.
Mugarri bat euskal osasun publikoarentzat
Ziklotroia jasotzea eta instalatzea Euskadiko Protonterapia Unitatea garatzeko jarduera garrantzitsuenetako bat da. Euskal osasun-sare publikoan integratzeak Osakidetzaren asistentzia-gaitasuna indartuko du, eta tumore konplexuak dituzten helduentzako eta paziente pediatrikoentzako aukera terapeutikoak zabalduko ditu.
Ekitaldian parte hartu dute Imanol Pradales Lehendakariak, Alberto Martínez Osasuneko sailburuak, Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Euskal Osasun Zerbitzuko asistentzia-taldeko kideek. Ortega Fundazioaren aldetik, Oscar Ortega zuzendari nagusia eta Juan Carlos Fernández Proiektuetako zuzendaria izan dira bertan.
Lehendakariak gogorarazi du osasunarekin zerikusia duen guztia lehentasunezkoa dela Eusko Jaurlaritzaren agendan. Hala, azpimarratu du Protonterapia Unitatea ez dela ekipamendu isolatu gisa sortu, baizik eta arreta onkologikoa indartzeko, osasun-azpiegiturak modernizatzeko eta euskal osasun-sistema publikoari gaitasun berriak gehitzeko estrategia baten emaitza dela.
“Gaur mugarri bat ezarri dugu. Ez gara lehendik dauden tratamendu onkologikoak ordezkatuko dituen teknologia bati buruz ari. Ezta tumore guztietarako egokia den terapia bati buruz ere. Abangoardiako eta doitasun handiko teknologia berri bat txertatzeaz ari gara, gure osasun-sistema publikoan minbiziari aurre egiteko aukera terapeutikoak zabaltzea ahalbidetuko diguna. Euskadik martxan jarraitu behar du, eta euskal herritarren osasuna hobetzea lehentasuna da euskal agendan, hori baita Gobernuaren agenda bakarra”, adierazi du amaitzeko.
Eragiketak ingeniaritza- eta logistika-lan konplexuak eskatu ditu. Ziklotroia gaur goizaldean eraman dute Donostia Unibertsitate Ospitalearen inguruan eraikitzen ari diren eraikin berrira, poliziak lagunduta. Ondoren, modu kontrolatuan altxatu eta protoi-azeleragailua hartzeko berariaz eraikitako bunkerrera jaitsi dute.
Maniobra tona askoko garabi batekin egin da, ekipamenduaren neurriak eta pisua –46 tona eta 2,20 metroko diametroa–, eta ezaugarri horietako sistema batek eskatzen duen doitasun handia kontuan hartuta. Operazioek segurtasun-protokolo espezifikoak izan dituzte, eta Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak (CSN) gainbegiratuta ditu. Kontseilu horrek erradiologikoki ikuskatu du ziklotroia jaso aurretik, lehenengo babes-estalkiarekin eta, ondoren, estalkirik gabe.
Gantry-aren, sistemaren osagai nagusietako bat denaren, kontrapisua deskargatu eta jaso ere egin da gaur. Ostegunean, azaroaren 12an, gantry-aren posizionamendua osatuko da: errotazio-egituraren gainean kokatu, zulora jaso, euskarrien gainean kokatu, kontrapisua finkatu eta azken lerrokatzea egingo dute. Gantry-ak 90 tona pisatzen ditu eta 10 metroko luzera eta diametroa ditu, eta tratamendua angelu ezberdinetatik zehaztasunik handienaz zuzentzea ahalbidetuko du.
Zehaztasuna pazientearen zerbitzura
Ziklotroiak protoiak sortu eta azeleratuko ditu, ondoren, gantry-ra, beso artikulatu handira, eramango dira, eta bertatik erradiazioa, hainbat angelutatik, milimetroko zehaztasunarekin zuzendu ahal izango da. Zehaztasun horri esker, irradiazioa tumorearen gainean kontzentratu ahal izango da, eta inguruko ehun osasuntsuek jasotako dosia nabarmen murriztuko da.
Organo eta ehun osasuntsuak babesteko gaitasun hori bereziki garrantzitsua da paziente pediatrikoen kasuan, bigarren mailako ondorioak eta epe luzerako ondorio posibleak gutxitzeak lehentasuna baitu. Era berean, funtsezkoa izango da organo kritikoetatik gertu dauden tumore konplexuetan ere, zehaztasun-milimetro bakoitza erabakigarria izan baitaiteke.
Protonterapiak Osakidetzako talde klinikoen aukera terapeutikoak zabalduko ditu eta tratamendu pertsonalizatuagoak, zehatzagoak eta seguruagoak ahalbidetuko ditu. Osakidetzan instalatutako sistema Proteus One modeloa da, IBA (Ion Beam Applikations) konpainia belgikarrak fabrikatua, eta Ortega programaren bidez eskuratu zen, Amancio Fundazioak finantzatutako estatuko osasun-sisteman protonterapia ezartzeko. Ekipoaren fabrikazioari dagokionez, osagaiak batez ere Europan (Belgika, Frantzia, Alemania, Italia, Suedia…) ekoizten dira, eta mihiztadura, funtzionamenduaren egiaztapena eta azken kalitatearen kontrola IBA konpainiak Belgikan duen egoitza nagusian zentralizatuta daude.
Pertsonentzat eraikitako azpiegitura
Ziklotroia instalatzeko, Osasun Sailak eta Osakidetzak konplexutasun tekniko handiko azpiegitura bat eraiki behar izan dute, berariaz ekipamendu-mota hori hartzeko diseinatua. Berrikuntza ere eraikitzen da: azpiegitura berriak eremu teknikoak, blindajeak, instalazio konplexuak eta teknologia paregabe baterako prestatutako inguruneak barne hartzen ditu.
Eraikina Donostia Unibertsitate Ospitaleko asistentzia-ingurunean integratuta dago, eta 8.287 metro koadro ditu lau solairutan banatuta. Ziklotroia hartzeko eta ingurunearen babes erradiologikoa bermatzeko, bi metro baino gehiagoko lodierako hormigoizko egiturak eraiki dira, zama handiak jasateko gai direnak.
Bigarren sotoak ziklotroia instalatu den bunkerra eta sistemaren funtzionamenduari lotutako eremua teknikoak hartuko ditu. Lehen sotoan tratamendu-gela eta pazienteak prestatzeko eremua egongo dira; beheko solairuan sarrera nagusia, harrera eta mediku-kontsultak; eta lehen solairuan profesionalen bulegoak, bilera-gelak eta gela teknikoak.
Unitateak protonterapia-tratamendurako gela bat izango du, eta etorkizunean bigarren gela bat jartzeko lekua gordeta du. Horrez gain, diagnostiko- eta plangintza-eremuak, kontsultak, asistentzia-guneak, gela teknikoak eta azeleragailu linealetarako gela berriak izango ditu. Multzo osoa Onkologia Erradioterapikoko, Erradiofisikako eta Babes Erradiologikoko zerbitzuekin eta Osakidetzako gainerako asistentzia-baliabideekin koordinatuko da.
Onura klinikoa paziente onkologikoentzat
Protonterapia bereziki gomendatuta dago tumore pediatriko jakin batzuetarako eta helduen tumore konplexuetarako, horietan lehentasunezkoa baita organo osasuntsuen irradiazioa minimizatzea. Indikazio nagusien artean honako hauek daude: nerbio-sistema zentraleko tumore pediatrikoak, kordomak, kondrosarkomak, sarkomak, retinoblastomak eta toxikotasuna murrizteak onura kliniko frogatua ekar dezakeen beste prozesu onkologiko batzuk.
Paziente helduen kasuan, teknika hau erabili ahal izango da begietako, garezurraren oinaldeko, buruko eta lepoko tumore jakin batzuetan, garuneko tumore batzuetan eta atal bigunetako tumore eta sarkoma batzuetan. Bereziki onuragarria izan daiteke berrirradiazio konplexuetan, arrisku handiko sindrome genetikoak dituzten pazienteen kasuan edo organo osasuntsuak babesteak garrantzi berezia duen egoera klinikoetan.
Ziklotroia instalatzea proiektuaren fase berri baten hasiera da, eta, ondoren, sistemaren gainerako osagaiak pixkanaka txertatuko dira eta multzoa mihiztatu, kalibratu, baliozkotu eta zerbitzuan jarriko da. Datorren urtean zehar, instalazio-fasea amaitzea, egiaztapen klinikoa egitea eta sistema abian jartzeko behar diren baimenak lortzea aurreikusten da.
Berrikuntzaren eta bikaintasunaren aldeko apustua
Euskadiko Protonterapia Unitatean 86,3 milioi euroko inbertsio globala egingo da, eta Osakidetzak berrikuntzaren, ezagutzaren, azpiegitura aurreratuen eta kualifikazio handiko profesionalen alde egindako apustua indartuko du. Proiektua Euskadiko Osasun Itunaren helburuen artean eta herritarrei arreta onkologiko gero eta aurreratuagoa, pertsonalizatuagoa eta gizatiarragoa eskaintzeko konpromisoaren barruan kokatzen da.
Ekimenak Amancio Ortega Fundazioaren laguntza du, 280 milioi euro jarriko baititu hamar protoi-azeleragailu eta horiek instalatzeko behar diren zerbitzuak eskuratzeko hamar erkidegotan. Ekipamendu horien helmugak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoa, Galizia, Katalunia, Madril, Andaluzia, Valentziako Erkidegoa eta Kanariar Uharteak.
Ziklotroia instalatuta, Osakidetzak urrats erabakigarria eman du Euskadiko arreta onkologikoaren aro berri baterantz, non teknologia aurreratuena pertsonen zerbitzura jartzen den minbizia zehaztasun handiagoz tratatzeko, bigarren mailako ondorioak gutxitzeko eta pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)