- Deialdia honako hauentzat da: administrari laguntzailea, administraria, erizaina, erizaintzako laguntzailea, zerbitzuetako langilea, zeladorea, fisioterapeuta, laborategiko teknikaria eta administrazioko eta kudeaketako goi-mailako teknikaria
- Probak ekainaren 19, 20 eta 21ean egingo dira, eta horietan EPEaren eredu berria txertatuko da: test motako azterketak eta hurrengo deialdietarako nota-erreserba
- Guztira, 2026an zehar, Osakidetzak 5.425 plaza eskainiko ditu 107 kategoriatarako, enplegurako ohiko deialdi batean inoiz izan den kopururik handiena
- Lehenengo aldiz, aldi berean, deialdi espezifiko bat egingo da desgaitaun intelektuala duten pertsonentzat 25 plazarekin
- Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak abian jarri dute EPE hau, Euskadiko Osasun Itunak plantilla egonkortzeko eta sistema publikoa indartzeko hartutako konpromisoaren ondoren
Osakidetzak hasiera formala eman dio 23-24-25 EPEari, deitutako 107 kategorietatik 9ren oinarri espezifikoak gaur argitaratuz. Izena emateko epea astelehenean irekiko da, martxoaren 23an, eta probak ekainean egingo dira. Enplegu publikoaren deialdi berriak 5.425 plaza eskainiko ditu, horietatik 2.160 sortu berriak, eta 2026an zehar garatuko da, aurreko EPEekin alderatuta zenbait berritasunekin: hurrengo hautaketa-prozesurako oposizio-probaren nota gordetzea eta test motako azterketa bakarra egitea. Horretarako, galdera-sorta bat jarriko da izangaien eskura, proba prestatzea errazteko.
Osakidetzaren web-orriak, beraz, astelehen honetatik aurrera enplegu-eskaintza berrian izena emateko aukera gaituko du, 9 kategoria profesionaletako izangaientzat izango da; izangai gehien dituzten kategoriei dagozkienak dira, zehazki, "masiboak" deritzenak. Deialdia honako hauentzat da: administrari laguntzailea, administraria, erizaina, erizaintzako laguntzailea, zerbitzuetako langilea, zeladorea, fisioterapeuta, laborategiko teknikaria, administrazioko eta kudeaketako goi-mailako teknikaria. Kategoria horietako probak ekainaren 19an, 20an eta 21ean egingo dira, Barakaldoko BECen.
Izena emateko epearen barruan, Osakidetzak test erako galdera-sorta argitaratuko du. Galdera-sorta hori bat etorriko da gai-zerrenda orokorrarekin eta kategoria bakoitzerako ezarritako gai-zerrenda espezifikoarekin. Prozesu hori arautuko duten oinarri orokorren ezaugarriak Mahai Sektorialean SME eta SATSE sindikatuen onespenarekin lortutako akordio batean oinarritzen dira. Berrikuntza gisa, gogorarazi behar da izangaiek proba honetan lortutako nota gorde ahal izango dutela hurrengo deialdirako, eta, gainera, test motako proba bakarra egongo dela, zati teorikoa eta praktikoa bilduko dituena, halakorik duten kategorien kasuan.
Gainera, lehen aldiz, eta EPE honekin batera, deialdi espezifiko bat egingo da desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat, gutxienez 25 plaza egokituta egongo baitira eskakizunetan eta probetan, osasun publikoaren eremuan benetako inklusioa errazteko. Laster, Osakidetzak deialdi horretan izena emateko epeen berri emango du. Deialdi horretan, erizaintzako laguntzaileen, zeladoreen eta zerbitzuetako langileen kategorietarako plazak eskainiko dira.
DATU HISTORIKOAK EGONKORTZEARI DAGOKIONEZ
23-24-25 EPEa orain arte deitutako plaza gehien dituen Osakidetzaren enplegu publikorako ohiko deialdia da, guztira 5.425 plazarekin 107 kategoriatan banatuta. Deialdi horri bigarren bat gehituko zaio, betetzeko zailak diren lanpostuei dagokiena eta aurtengorako ere aurreikusita dagoena. Neurri horiekin, Osakidetzak aurrerapausoak ematen jarraitzen du enpleguaren egonkortasuna hobetzeko eta behin-behinekotasun tasari dagokionez ezarritako Europako estandarrak lortzeko, aldi berean Euskadiko Osasun Itunean hartutako konpromisoa betez.
Gogoratu behar da 2025. urtea urte historikoa izan zela Osakidetzarentzat, 11.000 profesional baino gehiago egonkortu baitziren, eta 2026. urte honetan helburua bide beretik jarraitzea da, plantilla egonkorragoa izateko, jarraitutasun asistentziala indartu ahal izateko, eta, haka, pazienteei arreta hurbilagoa emateko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)