- Erabakia hori da Euskal Osasun Zerbitzu Publikoak proposatutako eredu berriak jasotzen duen berrikuntza nagusietako bat, eta gaur eraman da Mahai Sektorialera
- SATSEk eta Euskadiko Sendagileen Elkarteak babesa eman diote lan-eskaintza publikoaren deialdi berriari (23-24-25), datozen asteetan faseka irekiko baitu izen-ematea.
- Osakidetzak iragarri du, halaber, Aste Santuko oporraldietan asistentzia sanitarioa indartzeko osasun-zentroetan, azken urteko egoiliarrak kontratatuko dituela, Gabonetan egiten den bezala
Osakidetzak emandako zerbitzutzat aitortuko du osasun-prestakuntza espezializatuko aldia (BAME, BAEE, BAFE, BAPE...) lanbide-garapenerako. Halaxe iragarri du gaur goizean egindako Mahai Sektorialean. Bertan, gainera, beste gai batzuk ere jorratu dira, esaterako, osasun-zentroak indartzea Aste Santuko oporraldian azken urteko egoiliarrak kontratatuta, Gabonetan egin zen bezala.
Osakidetzak azaldu duenez, Garapen Profesionaleko eredu berriak prestakuntza espezializatuko aldia aitortuko du lehen aldiz. Garapen Profesionaleko eredu berria mailak aitortzeko sistema bat da, ibilbidearen, prestakuntzaren, esperientziaren eta merezimenduen araberakoa, eta asistentziaren kalitatea hobetzea, langileak motibatzea eta haien prestakuntza profesionala handitzea du helburu. Hala, profesionalek BAME, BAEE, BAFE, BAPE edo bestelako espezializazio-eremu batzuetan emandako denbora gehitu ahal izango dute, hala nola, karrera profesionalerako emandako zerbitzuak.
Hurrengo EPEari dagokionez (2023., 2024. eta 2025. urteei buruzkoa), Osakidetzak Mahai Sektorialari jakinarazi dio hurrengo asteetan irekiko duela deialdian izena emateko aukera, nahiz eta inskripzioa faseka egingo den, kategoria masiboetatik hasita (administrari laguntzailea, administraria, erizaina, erizaintzako laguntzailea, zerbitzuko langilea, zeladorea, fisioterapeuta, laborategiko teknikaria, administrazioko eta kudeaketako goi-mailako teknikaria). SATSEk eta Euskadiko Sendagileen Elkarteak deialdiaren alde agertu dira.
Era berean, Mahai Sektorialean jakinarazi denez, laguntzaren jarraitutasuna ziurtatzeko, arlo kritikoetan taldeak indartzeko eta atsedenaldian dauden profesionalen absentzien eragina minimizatzeko, Osakidetzak azken urteko egoiliarrak kontratatuko ditu, hauek nahi izanez gero, martxoaren 30etik maiatzaren 3ra bitartean. Aste Santurako Lehen Mailako Arretako Kontingentzia Planean jasotako neurri nagusietako bat da. Plan horren bidez, profesional sanitarioen oporrek herritarrei egun horietan eskaintzen zaien asistentzian duten eragina txikiagotu nahi da, haien beharrei erantzun ahal izateko.
PSIKOLOGOEN KONTRATAZIOA
Bestalde, Osakidetzak jakinarazi du bihar argitaratuko duela psikologo sanitarioen kontratazio-zerrenda, eta hauek laster sartuko direla Lehen Mailako Arretako sareko kontsultetan. Lehen esperientzia pilotu honetan 9 profesional izango dira, eta 15 osasun-zentrotan emango dute zerbitzua. Ekimen horren bidez, Osakidetzak herritarren ongizate emozionala sustatzea du helburu, eta gainera, herritarrengandik hurbilen dauden baliabideen bitartez egingo du, osasun-zentroetan, hain zuzen ere.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)