Osakidetzak LED sistemak eta ekipo fotovoltaikoak instalatzeko lanak amaitu ditu Lehen Mailako Arretako 43 zentrotan, EGEFen laguntzarekin

Argitalpen-data: 

Jarduera honen baterako inbertsioa, Euskal Autonomia Erkidegoko EGEF 2021-2027 Programaren 2.1 Helburu Espezifikoari lotua, eraikin publikoetan energia-eraginkortasuna eta energia-iturri berriztagarrien erabilera sustatzeko, 4 milioi eurokoa da

Osakidetzak LED sistemak eta ekipo fotovoltaikoak instalatzeko lanak amaitu ditu Lehen Mailako Arretako 43 zentrotan, EGEFen laguntzarekin

Osakidetzak dagoeneko berritu ditu LED teknologiako argiteria eta baita energia fotovoltaikoa sortzeko ekipoak EAEko 43 Lehen Mailako Arretako Zentroetan, instalazioetan energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera hobetzeko jarduera orokor baten barruan. Jarduera horrek EGEFen baterako finantzaketa du. Baterako inbertsioa 4 milioi eurokoa da; horietatik 2,7 milioi LED argiteriari dagozkio eta 1,3 milioi sistema fotovoltaikoei.

13 osasun-zentrotan burutu da bi eremuetako jarduketa (argiak berritzea eta eguzki-energia sortzeko ekipoak hornitzea), Barakaldo-Sestao, Bilbo-Basurtu, Barrualde-Galdakao, Urola Garaia eta Tolosaldea ESIei dagozkienak. Bestalde, ekipo fotovoltaikoak Barakaldo-Sestao, Bilbo-Basurto eta Barrualde-Galdakao ESIetako beste 13 zentrotan instalatu dira, eta argiztapena berritu da Barakaldo-Sestao, Bilbo-Basurto, Barrualde-Galdakao, Urola Garaia, Tolosaldea eta Debagoiena ESIetako 17 zentrotan. Inbertsio horiek zentro horietako 600.000 erabiltzaile baino gehiagorentzat izango direla uste da.

Gainera, gaur egun, Arabako, Donostialdeko eta Debagoienako ESIetan argiak LED teknologiarekin ordezten ari da, 2,7 milioi euroko inbertsioarekin.

Osakidetzak bultzatutako jarduera horiek Euskal Autonomia Erkidegoko EGEF 2021-2027 Programaren barruan sartzen dira, bereziki 2. Helburu Politikoan (Europa berdeagoa) eta 2.1. Helburu Espezifikoan, eraikin publikoetan energia-eraginkortasuna eta iturri berriztagarrien erabilera sustatzera bideratuta.

Jarduerak programaren 5. erronkari erantzuten dio bereziki, energia-eraginkortasunaren arloan inbertsio eredugarriak eta errepikagarriak sustatzen baititu, eta, horrela, Klima Aldaketaren 2050erako Euskal Estrategiari, 2030erako Euskadiko Energia Estrategiari eta Basque Green Deal delakoari laguntzen die, Europako Itun Berdearen konpromisoekin bat etorriz.

Gainera, EGEFen baterako finantzaketari esker, Osakidetzak indartu egiten du karbono gutxiko osasun publikoaren aldeko apustu instituzionala, 2050erako ezarritako neutraltasun klimatikoaren helburuarekin bat datorrena.