Osakidetzak Laguardiako osasun-zentro berria eraikitzeko lizitazioa egin du, egungo zentroak baino sei aldiz espazio handiagoa izango du herritarrei zerbitzu gehiago eskaintzeko

Argitalpen-data: 

Osakidetza_centro_de_salud_Laguardia.jpg
  • Osasun Sailak eta Osakidetzak 4 milioi euroko inbertsioa egingo dute, eta 2029rako amaituta egongo da
  • Zentro berria La Barbacana aldean egongo da, hiru solairu izango ditu, eta, horri esker, medikuntzako eta erizaintzako kontsultak areagotuko dira eta pediatriako, fisioterapiako, odontologiako eta optometriako kontsultak gehituko dira

Laguardiako osasun-zentro berria 2029an irekiko da, eta hiru solairuko eraikina eraikiko da osasun-zentroa han kokatzeko. Eraikin horri esker, egungoa baino sei aldiz espazio gehiago egongo da zerbitzu berriak eskaintzeko, udalerrian bertan eta inguruko herrietan eskaintzen den arretaren kalitatea hobetze aldera. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak 4 milioi euroko inbertsioa egingo dute ekipamendu horretan, zeinaren proiektua kontrataziora gaur atera den.

Izan ere, uneko zentroak 195 metro karratuko azalera eraikia du, eta ozta-ozta ematen du uneko biztanleriaren beharrak betetzeko estaldura sanitario nahikoa; gainera, biztanleria udako hilabeteetan bikoizten da. Bestalde, Laguardia eskualdeko hirigune nagusia da; beraz, bere erreferentzia-eremuko udalerrietako beste zerbitzu batzuk ere hartzen ditu bere gain, hainbat diziplinatan. Hori guztiak, gaur egun Lezako Ospitalean zentralizatuta zeuden zerbitzuak eskaintzeko beharrarekin batera (Pediatria Zerbitzua, esaterako), zentro berri bat eraikitzeko beharra sustatu du.

Ekipamendua La Barbacana eremuko lurzati batean eraikiko da, eta sarbide hobeak eta espazio nahikoa izango ditu, zentroak Laguardiako biztanleek eta ingurukoek behar dituzten zerbitzuez hornitu ahal izateko. Zehazki, 1.250 metro karratuko azalera eraikia izango du, eta hiru solairu artean banatuko dira, honela: Familiako Medikuntzako 2 kontsulta, BAME kontsulta 1, Familiako Erizaintzako 3 kontsulta, Pediatriako kontsulta 1, Pediatriako Erizaintzako kontsulta 1, edoskitze-gela 1, Odontologiako kontsulta 1, hortzetako higienerako kontsulta 1, Emagin-kontsulta 1, Fisioterapiako kontsulta 1, Optometriako kontsulta 1, baita medikuentzako eta erizainentzako bi kontsulta gehigarri ere. Horretaz gain, erabilera anitzeko gelak eta talde-jardueretara (beste zerbitzuen artean) zuzendutako gelak egongo dira.

Zentroan 15 profesionalek baino gehiagok egingo dute lan egunero; alderatzeko, gaur egun 4 profesionalek egiten dute lan (Familiako mediku 1, erizain 1 eta administrari 2).

Guztira, Osasun Sailak eta Osakidetzak 3.999.000 euroko inbertsioa aurreikusi dute, obra, ekipamendu-hornidura eta proiektua barne. Exekuzio-epea 42 hilabete ingurukoa da, proiektua idazteko espedientearen lizitazioa hasten denetik zenbatzen hasita.

EKIPAMENDU BERRIAK ARABAKO ERRIOXAN

Laguardiako osasun-zentroa ez da Osakidetzak Arabako Errioxako ESIrako planifikatuta daukan nobedade bakarra. Duela gutxi, Oiongo osasun-zentro berria eraikitzeko lanak amaitu dira, horretarako 2,8 milioi euroko inbertsioa egin da.

Gainera, Lezako Ospitalean aparkaleku berri bat eraiki da bisiten eta profesionalen sarbidea hobetzeko, eta lorategiak birmoldatu dira pazienteen ongizatea hobetzeko eta egonaldiak ahalik atseginenak egiteko. Teilatuak eta fatxadak ere isolatu dira, eta ekoizpen termikoa berritu da, egungo gasolio-galdaren ordez ingurumena gehiago errespetatzen duten ekipoak jarriz.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)