Osakidetzak indartu egin du elikadura-jokabidearen nahasmendua duten pertsonenganako arreta, eta baliabide-sare zabala du Euskadin

Argitalpen-data: 

Osakidetza_Unidad_TCA.jpg
  • Euskal sistema publikoak adingabeentzako eta helduentzako arreta espezializatua bermatzen du hiru lurraldeetan, Euskaditik kanpora deribatu beharrik gabe
  • Ikerketa-proiektu berritzaile batek, Deustuko Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultatearekin lankidetzan, EJNak dituzten pertsonen arreta eta familiei emandako laguntza hobetzea du helburu
  • Osasun mentalaren eta EJNen inguruko arreta hobetzea bat dator Euskadiko Osasun Itunaren lehentasunekin

Osakidetzak, Euskadin, adingabeei zein helduei zuzendutako baliabide-sare osatua eta espezializatua dauka, elikadura-jokabidearen nahasmendua (EJN) duten pertsonei arreta emateko. Eredu horrek arreta integrala, hurbila eta koordinatua bermatzen du hiru lurralde historikoetan, paziente bakoitzaren beharretara egokitua, nahasmenduaren larritasunaren eta bilakaeraren arabera.

Adingabeen kasuan, arreta haur eta gazteen osasun mentaleko dispositibo espezifikoen bidez antolatzen da. Euskadik baditu kasu larrietarako ospitaleratze-unitateak, eguneko ospitaleak, osasun mentaleko kontsulta intentsiboak eta programa anbulatorio espezializatuak. Horrez gain, badira beste baliabide batzuk, hala nola jantoki terapeutikoak, non elikadurarekiko harremana lantzen baita ingurune gainbegiratuan, eta koordinazio estua pediatriako eta endokrinologiako zerbitzuekin, arazoari lotutako konplikazio fisikoei ere aurre egiteko.

Lurraldeka, Gipuzkoak jantoki terapeutikoa, haur eta gazteen ospitalizazio-unitatea eta osasun mental intentsiboko kontsulta ditu. Bizkaiak adingabeentzako ospitalizazio-unitatea, eguneko ospitalea, programa espezifikoak eta osasun mentaleko zentroetan kontsultak ditu. Araban, haur eta gazteen ospitalizazioa, jantoki terapeutikoa duen eguneko ospitalea eta programa anbulatorio intentsiboak eskaintzen dira. Kasu guztietan, kualifikazio handiko profesionalek osatzen dituzte taldeak, hala nola psikiatrek, eta osasun mentaleko eta psikologia klinikoko erizain espezialistek, besteak beste.

Helduei dagokienez, Osakidetzak arreta-sare sendoa eskaintzen du, ospitalizazioa, eguneko ospitaleak, kontsulta espezializatuak eta programa anbulatorioak konbinatuz. Gipuzkoan, akutuen ospitalizazio-unitatea, jantoki terapeutikoa eta ospitale arteko kontsulta nabarmentzen dira. Bizkaiak eguneko ospitale espezifikoak, ospitalizazio-unitateak, osasun mentaleko kontsultak eta programa espezifikoak ditu. Araban, programa intentsibo anbulatorioak, osasun mentaleko kontsultak, ospitalizazio-unitatea eta jantoki terapeutikoa duen eguneko ospitalea daude.

Gainera, asistentziaren jarraipena bermatuta dago Osakidetzako Osasun Mentaleko Sarea eta gainerako osasun-erakundeak koordinatuz. Pertsona helduak osasun mentaleko zentroen bidez artatzen dituzte, bizi diren lekuaren arabera; adingabeek, berriz, haur-gazteen psikiatriako talde espezializatuak dituzte. Euskadik ez ditu pazienteak autonomia-erkidegotik kanpora bidaltzen: sistemak berak antolatzen ditu eskuragarri dauden baliabideak, eta, behar izanez gero, zentroek elkarrekin lan egiten dute arreta ziurtatzeko.

Ikerketa eta berrikuntza sustatzea, profesionalei, pazienteei eta familiei zuzenduta

Asistentziaz gain, Osakidetzak ikerkuntza eta berrikuntza bultzatzen ditu osasun mentalaren esparruan. Testuinguru horretan, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak eta Deustuko Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultateak REBITA proiektua gidatu dute. Ekimen aitzindaria da, eta EJN duten pertsonen eta gertuko familien eta sareen arreta hobetzea du helburu. 

Proiektu horrek “La Caixa” Fundazioaren finantzaketa jaso du, lehen fasea amaitu du eta hurrengo fasea pilotu bat garatzea izango da. Pertsonak ardatz dituen ikuspegi berritzailearen helburua da arreta-eredu efizienteago eta berritzaileago baterantz aurrera egitea, eta horrek eragin positiboa izatea pazienteengan, batez ere emakumeengan eta kasu larriak dituztenengan (haien familia-ingurunean) eta profesionalengan. Osakidetzak laster emango ditu ekimen horren inguruko xehetasun gehiago.

Asistentzia-baliabideen multzo horrekin, Euskadiko Osasun Itunaren bultzada estrategikoarekin eta proiektu berritzaileen garapenarekin, Osakidetzak osasun mentalaren arloan arreta publiko, irisgarri eta kalitatezkoarekin duen konpromisoa berresten du, herritar ahulenei arreta berezia emanez, hala nola elikadura-jokabidearen nahasmendua duten pertsonei.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)