Osakidetzak Eibarko Ospitaleko plasma-emateko puntu berria sartu du plasma-bilketako Euskadiko zentroen sarean

Argitalpen-data: 

Donacion_Plasma.jpg
  • Euskadik plasma-emateko puntu berri bat du Eibarko Ospitalean, Debabarreneko ESIaren eta Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroaren (TGEEZ) arteko lankidetzari esker
  • Osakidetzaren plasma-dohaintza bultzatzeko estrategiaren helburua da 5.000 ohiko emaile izatea eta Euskadin urtero 20.000 plasma-dohaintza egitea.
  • Prozedura erraza da, gutxi gorabehera ordubetekoa, eta, horretarako, aurretiko hitzordua eskatu behar da Osakidetzak Euskadin dituen plasma-emateko 8 puntuetakoren batean

Eibarko Ospitalea plasma-hemodonazioko zentroen sarean sartu da, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak (TGEEZ) Euskadin koordinatzen duen sarean, hain zuzen ere. Ekimena Debarrena ESIaren eta TGEEZren arteko lankidetza-akordioaren emaitza da. Akordio horren bidez, azken horrek espazio bat hornitu eta egokitu du odol plasma-emateko puntu gisa erabiltzeko Eibarko Ospitaleko instalazioetan.

Gipuzkoan kokapen berri hori sartuta, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak dagoeneko 8 puntu ditu plasma emateko Euskadin, eta, hala, Osakidetzaren plasma-bilketarako zentroen sarea sendotzen du; odol-plasma lortzeko arloan estatuko bost osasun-zerbitzu garatuenen artean dago.

Odol-plasmaren dohaintza lehentasun estrategikoa da Osakidetzarentzat

Plasma ematea egungo eta etorkizuneko lehentasun bihurtu da Euskal Osasun Sisteman hemoderibatuak emateari lotutako estrategian.

Gaur egun, Euskadin, plasma-emaileen kopurua urtean bitan dohaintzak egiten dituzten 3.000 pertsona ingurukoa da. Osakidetzaren helburua hiru eta bost urte arteko epean odol-plasmaren premiei dagokienez autosufiziente izatea lortzea da. Horretarako, urtean 20.000 plasma-emate lortu behar dira, eta horrek esan nahi du ohiko 5.000 plasma-emaile inguru behar direla, urtean batez beste lau plasma-emate egiteko.

Odol-plasmak gero eta protagonismo handiagoa hartu du eremu sanitarioan, ezaugarri bereziak eta aplikazio terapeutiko ugari dituelako, eta, ondorioz, medikuntzan ezinbesteko baliabide bihurtzen duelako. Gainera, plasma artifizialki fabrikatu ezin den odolaren osagai bat da, eta funtsezkoa da bizi-medikamentuak egiteko, hala nola immunoglobulinak, gaur egun milaka pazienteren bizi-kalitatea hobetzeko eta sendatzeko aukera ematen dutenak.

Ematen den odolari eta odol-plasmari esker, urtean milaka bizitza salbatu ahal dira; gainera, heriotza eragin dezaketen gaixotasunak dituzten pazienteak gehiago eta bizi-kalitate hobearekin bizi daitezela lortzen da, eta, era berean, Euskadiko Osasun Sistemako pazienteei ebakuntza mediko eta kirurgiko konplexuak egitea ahalbidetzen da.

Era berean, Europako osasun-sistemek konpromiso bat hartu dute odol-osagai horren erreserbekiko estrategikoki autosufizienteak izateko beharrari buruz.

Plasma emateko eta zita eskatzeko puntuak

Plasmaferesi izeneko teknika baten bidez ematen da plasma Euskadin. Plasmaferesi horri esker, odol-serum horretatik 600 eta 750 ml artean ateratzea errazten duen prozedura espezializatu batean ateratzen da plasma. Ordubete baino gutxiagoko prozedura bat da, eta, konbekziozko odola ematean ez bezala, hilean behin eta urtean 12 aldiz ere eman daiteke plasma, emaileengan galdutako plasma oso azkar berreskuratzen baita.

Plasma-emaile izateko baldintza nagusia osasun ona izatea da, eta, gainera, 18 eta 65 urte artekoa izatea eta 50 kg baino gehiago pisatzea.

Euskadin plasma emateko, Osakidetzako plasma-hemodonazioko puntuetara jo behar da. Bertan, ohiko odol-ematearen kasuan ez bezala, plasma-emateko aurretiko zita behar da.

Zita Osakidetzaren Atari Mugikorraren bidez eskatu daiteke. Aplikazio horren bidez, hitzorduen kudeaketa, odol-taldea eta emaitza-alertak ikus daitezke. Era berean, zita Osakidetzaren webgunearen bidez lor daiteke, Euskadiko Odol Emaileak webguneko atal espezifikoan, edo telefonoz, 900 30 34 04 telefonoan, TGEEZn.

Gaur egun, Osakidetzan plasma emateko gaitutako zentroak honako hauek dira:

Bizkaia:

- Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa Galdakao-Usansolo Unibertsitate Ospitalean

- Landako-Durangoko Osasun Zentroa

- Etxaniz Suhiltzailea Osasun Zentroa.

- Urdulizko Ospitalea

Gipuzkoa:

- Eibarko Ospitalea

Arrasateko Osasun Zentroa

- Gipuzkoako odol-emaileak Donostian

Araba:

- Gasteizko Olagibeleko Osasun Zentroa

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)