AZAROAREN 14A. DIABETESAREN MUNDU EGUNA: Osakidetzak diabetesa duten pertsonei laguntzen die intsulina emateko sistema automatizatuak erabiltzen

Argitalpen-data: 

Osakidetza.jpeg
  • Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko programa batek prestakuntza eta jarraipena konbinatzen ditu, intsulinaren administrazioa glukosa mailaren arabera doitzen duten gailuen erabilera errazteko.
  • Gaur egun, Endokrinologia eta Nutrizio Unitateak diabetesa duten eta sistema horiek erabiltzen dituzten 150 pertsona ingururen jarraipena egiten du, eta 45 inguru sartu dira programan azken urtean.
  • Ekimen honek Euskadiko Osasun Itunean jasotako helburuak betetzen laguntzen du, pazienteen gaikuntzarekin, autonomia pertsonalaren sustapenarekin eta pertsonarengan oinarritutako arreta pertsonalizatuago baten garapenarekin lotura dutenak.

Osakidetzaren Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Endokrinologia eta Nutrizio Unitateak 1 motako diabetesa duten eta intsulina emateko sistema automatizatuekin tratamendua hasten duten pertsonentzako hezkuntza terapeutikoko programa bat garatu du gaixotasunaren kontrola hobetzeko. Teknologia horrek honako hauek konbinatzen ditu: intsulina-ponpa bat, glukosa-sentsore bat eta intsulina emateko prozesua automatikoki doitzeko algoritmo bat .

Programak diabetesa duten pertsonei laguntzen die tratamendua hasi aurreko asteetatik jarraipeneko lehen urtea bete arte, tresna horiek beren eguneroko bizitzan modu seguruan eta eraginkorrean sar daitezen errazteko.

Gaur egun, 150 pertsona inguruk erabiltzen dituzte gailu horiek unitatearen jarraipenaren pean, eta 45 paziente inguru sartu ziren programan azken urtean.

Endokrinologia eta Nutrizio Unitateak diziplina anitzeko lantalde bat du,. lau erizain hezitzailek eta Endokrinologiako hiru espezialistek osatua, eta elkarrekin garatzen dituzte programako pertsonen prestakuntza- eta jarraipen-jarduerak. Gainera, hezkuntza terapeutikoko programa egituratuak garatzen dituzte diagnostiko berriko diabetesa duten pertsonentzat, glukosaren etengabeko monitorizazio-sistemen erabiltzaileentzat, pediatriatik trantsizioan dauden pazienteentzat eta intsulina emateko sistema automatizatuak erabiltzen hasten diren pertsonentzat.

Bihar, azaroak 14, Diabetesaren Mundu Eguna dela eta, ekimen honek arreta berezia jarri nahi du hezkuntza terapeutikoaren eta diabetesaren maneiuan pertsonen parte-hartze aktiboaren garrantzian, bereziki tratamendu teknologiko aurreratuak behar dituzten kasuetan, hala nola intsulina emateko sistema automatizatuak.

Diabetes mellitusa gaixotasun kroniko bat da, eta odoleko glukosa-maila (gluzemia) normala baino handiagoa izatea du ezaugarri Horrek, denborarekin, konplikazioak eragin ditzake, eta, ondorioz, hainbat organo kaltetu eta bizi-kalitatea murriztu. Euskadin biztanleen % 7,78ri eragiten die, eta urtero 13.000 kasu berri detektatzen dira, batez ere 2 motako diabetesaren kasuak, eta gero eta gazteagoen artean.

Diabetesaren kontrola hobetzeko teknologia

Intsulina emateko sistema automatizatuak, hala nola begizta itxiko sistema hibridoak edo pankrea artifizialeko sistema hibridoak, 1 motako diabetesa tratatzeko gaur egun eskuragarri dagoen teknologiarik aurreratuenetako bat dira.

Gailu horiek intsulina-ponpa bat, glukosa etengabe monitorizatzeko sistema bat eta intsulinaren administrazioa une bakoitzean erregistratutako glukosa-mailen arabera automatikoki doitzeko gai den algoritmo bat dituzte.

"Teknologia horiek aurrerapen handia ekarri dute diabetesaren tratamenduan, baina ikaskuntza- eta egokitzapen-prozesu bat behar dute. Hezkuntza terapeutikoa funtsezkoa da pazienteek segurtasunez erabil ditzaten eta beren potentzial guztia aprobetxa dezaten», azaldu du Amaya Hidalgok, unitateko gainbegiraleak.

Prestakuntza eta jarraipena lehenengo urtean

Programak prestakuntza- eta asistentzia-ibilbide egituratu bat ezartzen du diabetesa duten pertsonei laguntzeko, tratamendua hasi aurreko asteetatik eta tratamenduaren lehen hamabi hilabeteetan.

Prestakuntza sistema ezarri aurretik hasten da, diabetesean espezializatutako erizaintzako profesionalek emandako prestakuntza-saioen bidez. Saio horietan, honako hauek jorratzen dira: gailuen funtzionamendua, glukosa-sentsoreek sortutako datuen interpretazioa, balizko gorabeheren prebentzioa eta maneiuari eta tratamenduari lotutako tresna digitalen erabilerarekin lotutako alderdiak.

Ondoren, parte-hartzaileek saio praktikoak egiten dituzte gailuak nola jartzen eta konfiguratzen diren ikasteko eta eguneroko bizitzan teknologia horren erabileran konfiantza lortzeko.

Terapia hasi ondoren, programak jarraipen egituratua egiten du urtebetez, erizaintzako eta endokrinologiako aldizkako kontsultekin. Kontsulta horietan gailuen erabilera berrikusten da, zalantzak argitzen dira, tratamendurako egokitzapena ebaluatzen da eta emaitzak optimizatzeko behar diren doikuntzak egiten dira.

"Helburua da pertsona bakoitzak bere gaixotasuna autonomiaz eta konfiantzaz kudeatzeko behar dituen trebetasunak eskuratzea, teknologiak nola funtzionatzen duen eta eguneroko bizitzako egoeretan nola erabili behar den ulertzea", adierazi du Amaya Hidalgok.

Jarraipen klinikoaz gain, programak ebaluazio-tresnak ere baditu, eskuratutako ezagutzak, bizi-kalitatea eta diabetesaren kontrolarekin lotutako hainbat adierazle baloratzeko. Ebaluazio jarraitu horri esker, errazagoa da hezkuntza terapeutikoa pertsona bakoitzaren beharretara egokitzea eta gaixotasunaren maneiuan duen zeregin aktiboa indartzea, Euskadiko Osasun Itunean pazienteen gaikuntzarekin, autonomia pertsonalaren sustapenarekin eta pertsonengan arreta pertsonalizatuagoa eta zentratuagoa garatzearekin lotuta jasotako helburuekin bat etorriz.

Unitateak garatutako jarduera horrek kalitate-ziurtagiri bat lortu berri du, diabetesa duten eta intsulina emateko sistema automatizatuekin tratamenduan hasten diren pertsonentzako hezkuntza terapeutikoko programak aitortzen duena.

Diabetesari aurre egiteko programen sarea

Programa hau Osakidetzak diabetesaren aurrean duen estrategia zabalago baten parte da, prebentzioarekin hasi eta jarraipenera arte. Ehunka pazientek beren gaixotasuna kudeatzen ikasten dute beste paziente batzuek ematen dituzten "Nire diabetesa zaintzen" tailerretan eta Osasun Eskolaren onlineko baliabideetan. Aldi berean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea SCREEND1A  Ikerketaren buru da. Ikerlan aitzindari horren helburua da 1. motako diabetesa haurren artean detektatzea, sintomak agertu aurretik. . EAEko farmaziek ere bat egin dute sare horrekin, 2 motako diabetesa duten eta zenbait sendagai hartzen dituzten pertsonen jarraipena hobetzeko programa bateratu batekin.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)