Osakidetzak desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako enplegu publikorako eskaintza baterako deialdia, 30 plazakoa eta irakurketa errazeko azterketakoa, egin du lehen aldiz

Argitalpen-data: 

celador_silla.jpg
  • Oinarriak gaur argitaratuko dira, ostirala, hilak 20, eta izena online edo aurrez aurreko laguntzarekin eman ahal izango da, azaroaren 23tik aurrera
  • Desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako Osakidetzaren EPEak dakar Euskadiko Osasun Itunean jasotako pertsonen politikaren ekitate-, inklusio- eta eraldaketa-konpromisoa zuzenean aplikatzea
  • Gainera, asteburu honetan 23-24-25 EPEaren bigarren faseko azterketek jarraituko dute EHUko Elurretako ikasgelategian, Gasteizen, eta 6.342 lagun daude deituta
  • Eta, datorren abenduan, kategoria medikoei dagokienez, Osakidetzak estaldura zaileko 2026ko EPErako deialdia egingo du, 74 plazarako, asistentzia-behar handienak dituzten osasun-zerbitzuak indartzeko

Osakidetzak astelehen honetan, azaroak 23, irekiko du desgaitasun intelektuala duten pertsonei berariaz zuzendutako enplegu publikorako lehen deialdian izena emateko epea. Oinarriak gaur, azaroak 20, argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Helburua da kolektibo horri enplegu publikorako sarbidea erraztea eta euskal osasun-sistema publikoan lanpostu egonkorrak eskaintzea.

Deialdiak 30 plaza eskaintzen ditu, hiru kategoriatan banatuta: 13 zerbitzu osagarrietako langilearenak, 12 zeladore laguntzailearenak eta 5 Erizaintzako Zainketa Osagarrietako teknikari laguntzailearenak. Lanpostuak, lehentasunez, hiru lurralde historikoetako unibertsitate-ospitaleetan kokatuko dira.

Nahitaezko erretiro-adinera iritsi ez diren 16 urte baino gehiagoko pertsonek har dezakete parte. Gainera, aitortuta izan behar dute desgaitasun intelektualaren diagnostikoa eta % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila. Desgaitasun intelektuala baloratzeko prozesuan daudenak ere inskriba daitezke, baldin eta eskaera aurkeztean hala justifikatzen badute. Zeladore laguntzailearen eta zerbitzu osagarrietako langilearen kategorietarako ez da inolako titulazio akademikorik eskatzen. Erizaintzako zainketa osagarrietako teknikari laguntzailearentzat erizaintzako zainketa osagarrietako teknikariaren titulua edo baliokidea behar da.

Prozesu egokitua

Inskripzioa doakoa da eta azaroaren 23tik aurrera egin ahal izango da Osakidetzaren webgunean (www.osakidetza.euskadi.eus) edo aurrez aurre. Prozesua errazteko, Osakidetzak izena emateko guneak prestatuko ditu. Izangaiek izena emateko formularioa paperean beteta aurkeztu ahal izango dute zentro horietako erregistroan.

Hautaketa-prozesuan irisgarritasun-neurri espezifikoak hartuko dira, hala nola irakurketa errazeko azterketa bat, galdera sorten aldez aurreko argitalpena eta egokitzapen indibidualak eskatzeko aukera (besteak beste, jarraibideak ulertzeko denbora edo laguntza gehiago, eta material egokituak izatea).

Azterketara aurkeztu eta lanposturik lortzen ez duten pertsonak etorkizunean aldi baterako kontratazioak egiteko lan-poltsa batean sartuko dira.

Prozesuaren informazio guztia (datak, abisuak eta emaitzak) Osakidetzaren webgunean argitaratuko da. Era berean, telefono mugikor bat jarriko da parte-hartzaileen eskura, zalantzak eta intzidentziak argitzeko. Zerbitzu horrek WhatsApp kanal bat ere izango du, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren lan-ordutegian erabilgarri egongo dena.

Desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako Osakidetzaren EPEak dakar Euskadiko Osasun Itunean jasotako pertsonen politikaren ekitate-, inklusio- eta eraldaketa-konpromisoak zuzenean aplikatzea, eta helburu du desgaitasun intelektuala duten pertsonei euskal osasun-sistema publikoan enplegu publikorako sarbidea erraztea eta lan-aukera egonkorrak eskaintzea.

Estaldura zaileko 2026ko EPEa. Berritasuna: eskualdeko ospitaleetako espezialitateak

Bestalde, Osakidetzak estaldura zaileko 2026ko enplegu publikorako eskaintzaren (EPE) oinarriak argitaratuko ditu abenduaren 15ean. Ezohiko deialdi horrek 74 plaza eskaintzea aurreikusten du, betetzeko zailtasun handienak dituzten lanpostuetan profesionalen lan egonkorra errazteko eta, horrela, Osakidetzaren asistentzia-ahalmena indartzeko.

Estaldura zaileko 2026ko EPEak lehentasun gisa mantentzen ditu Lehen Mailako Arretan hornitzeko zailtasun handienak dituzten kategoriak, bereziki Familia eta Komunitateko Medikuntzan eta Pediatrian. Eskainitako hiru plazatik bat biltzen dute kategoria horiek. Zehazki, 25 plaza eskainiko dira Familiako medikuaren kategorian eta 9 Lehen Mailako Arretako mediku pediatraren kategorian.

Deialdian, berritasun gisa, eskualdeko ospitaleei lotutako plazen eskaintza sartu da. Plaza horiek eskainitako lanpostuen talde handiena biltzen dute (39 lanpostu guztira). Lehian jarritako ospitale-plazen artean, 19 plaza Kirurgia Ortopedikoa eta Traumatologia espezialitatekoak dira, 8 plaza Digestio Aparatuko mediku espezialistarenak eta 7 plaza Ospitaleko Larrialdietako medikuarenak. Deialdian, halaber, Urologiako mediku espezialistarentzako 3 plaza, Erreumatologiako mediku espezialistarentzako bat eta Oftalmologiako mediku espezialistarentzako beste bat daude. Laneko Medikuntza espezialitateko mediku-lanpostu batekin osatzen da estaldura zaileko 2026ko EPEaren plaza-eskaintza.

Ezohiko deialdi hau Osakidetzak osasun-arloko profesionalen atzipena, fidelizazioa eta egonkortasuna indartzeko bultzatutako neurri estrategikoen barruan kokatzen da, helburu hartuta herritarrei arreta emateko funtsezko lanpostuen estaldura bermatzea eta profesionalak sartzea zailen duten lekuetan plantillak sendotzea.

Ildo horretatik, Osakidetza 2027rako aurreikusitako estaldura zaileko EPE-deialdi berri batean ari da lanean. Deialdi horrek profesionalak egonkortzeko eta erakartzeko tresna honen irismena zabalduko du, eta lehen aldiz txertatuko ditu bere eskaintzan Erizaintzako profesionalentzako plazak, horrela estaldura-behar handienak dituzten zentroetako erizaintza-ekipoak indartzeko.

Asteburu honetan, 23-24-25 EPEaren bigarren faseko azterketak

Gainera, Osakidetzak 23-24-25 enplegu publikorako eskaintzaren (LEP) bigarren faseko azterketekin jarraituko du asteburu honetan, azaroak 21, larunbata, eta 22, igandea. Gasteizko EHUko Elurretako ikasgelategiak 17 kategoria profesionaletako probak hartuko ditu, eta 6.342 lagun daude deituta horietara.

Azterketak hiru ordutegitan antolatuko dira: 9:30, 13:30 eta 17:30. Deitutako kategorien artean daude emagina, Osasun Mentaleko erizaina, terapeuta okupazionala, Erradioterapiako teknikari espezialista eta Ospitale Pediatria eta Larrialdiak espezialitate medikoak. Kategoria bakoitzaren ordutegia EPEaren webgune ofizialean kontsultatu daiteke. Bigarren fasea azaroaren 27an amaituko da, ostirala, Barakaldoko BECen.

Bigarren fase honetako proba guztietarako, Osakidetzak 381 profesionalez osatutako ekipo bat du, laguntza logistiko eta informatikoaz, sarbideak kontrolatzeaz eta azterketak gainbegiratzeaz arduratzen dena. Gainera, pertsona guztiek azterketa baldintza beretan egin ahal izatea bermatzen da: 117 egokitzapen aurreikusi dira behar bereziak dituzten pertsonentzat, eta ospitaleratuta daudenen parte hartzea errazten da. Osakidetza Larrialdiak zerbitzuak osasun-dispositibo bat ere izango du probetan edozein intzidentzia artatzeko.

Osakidetzak denbora nahikoarekin joatea gomendatzen die izangaiei, behin proba hasita ezin izango baita sartu. Azterketa egin baino 30 minutu lehenago irekiko ditu ateak ikasgelategiak. Sartzeko, nortasun-agiri bat (NANa, AIZa, pasaportea edo gidabaimena) aurkeztu beharko da formatu fisikoan, eta boligrafo urdina edo beltza eraman beharko da. Garraio publikoa erabiltzea ere gomendatzen da, ziur aski zaila izango delako inguruetan aparkatzea.

Bestalde, 42 kategoria dituen hirugarren fasean izena emateko epea azaroaren 27ko 14:00ak arte egongo da zabalik.

Osakidetzaren enplegu publikorako ekimen hauek guztiak osasun-zerbitzu publikoak indartzeko estrategiaren barruan kokatzen dira, Euskadiko Osasun Itunaren helburuekin bat etorriz, batez ere pertsonen politikaren ildo estrategikoan, lurralde osoan plantilla egonkorragoetarantz eta kalitatezko arretarantz aurrera egitera bideratutako ildoan, hain zuzen.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)