- Lehen Mailako Arretan, San Martingo EAGak 22.000 kontsulta kudeatu ditu lehen urtean, ospitalez kanpoko premiazko sarea indartuz. Bestalde, Santiagoko Larrialdietan jarduera % 64,4 gehitu da, eta kasuen % 97 zentroan bertan ebatzi dira
- Azpiegituretan, dagoeneko martxan daude azken belaunaldiko PET-TC, Dialisi Unitate berria eta Erresonantzia Magnetikoko Zerbitzu berria. 2026rako amaituta egongo da AUO Txagorritxuko D eremuaren eraberritze-fasea, eta AUO Santiagon Simulazio Klinikorako Zentro berria inauguratuko da
- Asistentziari dagokionez, Araba da munduko organo-emateen buru, 109,6 emaileko tasarekin milioi bakoitzeko, Estatuko batez bestekoa bikoiztuz. Gainera, 2026an Etxeko Ospitalizazioa Arabako landa-eremu osora zabalduko da, lurraldeen arteko berdintasuna bermatuz
Arabako ESIak 2025eko kudeaketa-balantzea aurkeztu du gaur, otsailak 23, Salburuko Osasun Zentroan. Ekitaldian Enrique Bárez zuzendari kudeatzaileak hartu du parte. Balantzeak Gasteizko larrialdietarako baliabideen finkatzea jasotzen du, eta 2026rako ildo estrategiko nagusiak marrazten ditu, humanizazioan, abangoardia teknologikoan eta eredu asistentzial irisgarri eta hurbilean oinarrituta.
Enrique Bárez mediku anestesistak nabarmendu duenez, "2025a urte erabakigarria izan da pertsonengan zentratutako eredu asistentzial orekatuagoa eta eraginkorragoa sendotzeko. Larrialdietako arreta berrantolatu dugu bereizmen handiko ikuspegi baten bidez, eta gure azpiegiturak indartu ditugu, gaixoen eta profesionalen esperientzia hobetzen duten humanizazio- eta berrikuntza-proiektuetan aurrera eginez".
Zuzendaritza Kudeatzailetik, lidergo horren helburuak hainbat ekintza-ildotan gauzatu dira:
- Larrialdietako arretaren operatibitatea sendotzea (EAG eta Larrialdiak).
- Taldeak modu eraginkorrean antolatzea eta herritarren eskaerari arintasunez erantzutea.
- Humanizazioa eta erabiltzaileei entzute aktiboa egitea sustatzea.
- Arabako biztanleriaren osasun-pertzepzioa hobetzea.
- Araba lurralde osoan asistentzia-ekitatea bermatzea.
Ekintza-ildo horiek aurrerapen sendoa erakusten dute eredu asistentzial orekatuago, eraginkorrago eta pertsonengan zentratuago baterantz; herritarren konfiantzan eta etengabeko hobekuntzarako estrategian oinarrituta, Arabako ESIko arretaren kalitatea bultzatuz.
Larrialdietako arreta Gasteizen: operatiboa eta indartua
Larrialdietako arreta osasun-sistemaren oinarrizko zutabeetako bat da, baita biztanleriaren osasun-emaitzak hobetzeko funtsezko elementua ere. Azken urtean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Arabako ESIan hori indartzea lehenetsi dute egiturazko antolaketa-erabakien bidez, eredu eraginkorragoa, irisgarriagoa eta orekatuagoa sendotuz. Indartze hori bi ekintza estrategikotan gauzatu da:
San Martingo EAG: ospitalez kanpoko larrialdi-arretaren sendotzea
2025eko otsailean, Imanol Pradales Lehendakaria bertan zela, indartze-gune gisa martxan jarri ondoren, San Martingo EAG modu egonkorrean integratu da asistentzia-ereduan, irisgarritasuna hobetuz eta ospitaleko presioa arinduz.
Arrakasta hori lehen urteko jarduera-datuetan islatzen da: 22.000 kontsulta baino gehiago kudeatu ditu, eta horietatik 14.690 mediku-asistentziak izan dira eta 7.616 erizaintzakoak. Olagibelgo EAGarekin batera, ospitalez kanpoko larrialdi-arretako sareak % 14,24ko igoera izan du aurreko ekitaldiarekin alderatuta; horrek sistemaren erantzun-gaitasun handiagoa eta premiazko eskariaren banaketa orekatuagoa erakusten du.
AUO Santiagoko Larrialdiak: ospitale-sistemaren oreka eta eraginkortasuna
AUO Santiagoko Larrialdi Zerbitzuaren antolaketa-indartzeak jarduera % 64,4 igotzea ahalbidetu du, 2026ko urtarrilera arte 33.932 arreta izatera iritsiz; horrela, baliabide estrategiko gisa finkatu da ospitale-sarearen barruan. Indartze horrek funtsezko osagai gisa jokatu du sistemarentzat, hurbiltasunagatik eta erosotasunagatik hirigunea aukeratu duten 3.100 pazienteren baino gehiagoren eskaria zuzenean xurgatu baitu; hala, lehen aldiz, AUO Txagorritxuko Larrialdietako asistentzia-presioa murriztea lortu da. Gainera, bi Larrialdi-zerbitzuen artean, aurreko urtean baino ia 10.000 pertsona gehiago artatu dira. Horrek indartze honek arabarren osasunerako izan duen arrakasta berresten du.
AUO Santiagoko Larrialdien ebazpen-gaitasuna erabakigarria izan da; izan ere, artatutako ia 34.000 pertsonetatik, kasuen % 97 zentroko instalazioetan bertan ebatzi dira osorik. % 3k bakarrik behar izan du AUO Txagorritxura lekualdatzea: horietatik % 98 erreferentziazko zerbitzuak zentro horretan daudelako izan da, eta % 2 oheak kudeatzeko irizpideengatik.
2025eko Arabako ESIko beste mugarri batzuk: azpiegiturak, teknologia eta humanizazioa
Azpiegiturak eta funtsezko zerbitzuak
- Dialisi Unitate berria martxan jartzea AUO Santiagon: funtsezko azpiegitura da giltzurruneko gaixotasun kronikoa duten pazienteen bizi-kalitatea eta tratamendua hobetzeko.
- Erresonantzia Magnetikoko zerbitzu berria, AUO Txagorritxuko Larrialdien ondoan estrategikoki kokatua.
- Azken belaunaldiko PET-TC berria instalatzea; diagnostiko-gaitasun handia du eta erradiazioa nabarmen murrizten du.
- AUO Txagorritxuko eta AUO Santiagoko sukaldeak egokitzea, azken zentro horretako ekitaldi-aretoa birmoldatzearekin batera.
Teknologia eta ikerketa
- Erradioterapia moldagarria ezartzea, in vivo dosimetriaren bidez; teknika aitzindaria da Osakidetzan, eta pazienteen erradiazio-dosia denbora errealean neurtu eta zuzentzen du.
- Saaki ikerketa-proiektua, ospitale-ingurune pediatrikoa humanizatzeko robot bat barne hartzen duena.
- Transmural adimen artifizialeko tresnaren pilotajea eta ebaluazioa, bularreko minbizia goiz detektatzeko programarako. Algoritmo honek mamografiak ebaluatzen ditu Radiologiako fakultatiboek irakurri aurretik, sailkapen-tresna batean oinarrituta.
Humanizazioa, kalitatea, jasangarritasuna eta elkartasuna
- Pertzeptatutako kalitatea: asebetetze-inkestak modu sistematikoan aztertzen dira, eta zerbitzuen balorazio oso positiboa erakusten dute. Besteak beste, EAGko arretak 8,8ko puntuazioa lortu du 10etik; ospitaleko elikadurak 7,5ekoa 10etik; eta ospitale-eremuko lan-bajen kudeaketak erabiltzaileen % 95,1eko onarpena du.
- Mask-Hospital proiektua, prozesu kritikoetan dauden pazienteei maskotek lagun egiteko ekimen aitzindaria.
- Gurasoek haurren kirurgiara laguntzeko zirkuitua, pediatriako ingurune kirurgikoa humanizatuz.
- ISO 14001 ingurumen-ziurtagiria, erakundearen estrategia One Health proiektuarekin lerrokatuz, pertsonen, animalien eta ingurumenaren osasuna optimizatzeko.
- "Sanidad por el Clima" saria, Arabako ESIak karbono-aztarna murrizteko eta ingurumen-osasunarekin duen konpromisoa onartuz.
- Mundu mailako lidergoa organo-ematean: milioi bakoitzeko 109,6 emaileko tasarekin, Araba munduko buruan dago donazioetan, estatuko batezbestekoa (51,9) bikoiztuz eta Europakoa (24,2) nabarmen gaindituz. Lorpen honek arabarren eskuzabaltasuna eta Lehen Mailako Arretako, Ospitaleko Arretako eta eremu soziosanitarioko profesionalen konpromisoa islatzen du, donazioa asistentzia-prozesuan integratzeagatik.
Integrazioa eta Arreta Jarraitutasuna
- Arreta soziosanitarioko kontsulta artekoaren hedapena: osasun-langileen eta gizarte-zerbitzuen arteko norabide biko kanal bat, arreta koordinatua bermatzeko.
- Arabako Osasun Mentaleko Sarearekin koordinazio asistentzialeko zirkuituak garatzea: deribazioa, jarraipen partekatua eta zainketen jarraitutasuna optimizatuz Lehen Mailako Arretatik, bai landa-eremuan, bai hiri-eremuan.
2026ko ibilbide-orria: osasungintza gizatiarragoa, teknologikoagoa eta hurbilagoa
Arabako ESIak lehentasuntzat hartu du goi-teknologia eta pazienteekiko hurbiltasuna eskutik joatea. Ardatz nagusiak hauek izango dira:
- Hizkuntza-hesiak ezabatzea: erakundeak QR kodeak ezarriko ditu alta-txostenetan, medikazioari buruzko azalpen-bideoekin lau hizkuntzatan konektatzeko. Ekimena Pediatriako Larrialdietan hasiko da, familia guztien segurtasun klinikoa bermatzeko.
- Berrikuntza Adimen Artifizialarekin: berrikuntza arduratsuarekiko konpromisoa indartuko da RehPort proiektuaren bidez. Errehabilitazioan AA sortzailea erabiltzeak dokumentuen kudeaketa eta fluxu klinikoak optimizatuko ditu, zuzeneko arretarako denbora irabaziz.
- Zehaztasunezko medikuntza: Immunologian medikuntza pertsonalizatua bultzatzeak paziente bakoitzaren profil biologikora egokitutako tratamenduak eskaintzea ahalbidetuko du, eredu asistentzial zehatzagoa finkatuz.
- Abangoardiako prestakuntza: Simulazio Klinikoko Zentro berria martxan jarriko da AUO Santiagon. Espazio aitzindaria izango da profesionalak eta ikasleak ingurune seguruetan trebatzeko, eta horrek pazientearen segurtasun handiagoa ekarriko du.
- Lurralde-ekitatea: "Distantziarik gabeko osasungintza" lelopean, Arabako ESIak Etxeko Ospitalizazioa Arabako landa-eremu guztietara zabalduko du, bizilekua kalitatezko ospitale-zainketak jasotzeko oztopo izan ez dadin bermatuz.
- Abangoardiako azpiegiturak: D eremuaren eraberritze-fasea uda honetan amaituko da; hala, urtea amaitu baino lehen, Odol Banku berria, Errehabilitazioko gimnasioak, Erradiodiagnostikoa eta Akutuen Dialisi Unitatea martxan jarriko dira.
- Neurozientzietako jarduera"ildoak: neurozientziekin lotutako zerbitzuen egitura eta antolaketa indartzea, ELA, dementziak edo osasun mentaleko nahasmenduak bezalako prebalentzia handiko patologiei erantzun eraginkorragoak emateko helburuarekin:
- Hasierako dementzien abordatzea, Neurologia Zerbitzuaren eta Eguneko Ospitale Medikoko bikaintasuna baliatuz, narriadura kognitiboen arretaren hobekuntza bultzatzeko.
- Garezurreko neuromodulazioaren proiektu pilotua: garezurraren kanpotik estimulu elektriko edo magnetikoak aplikatuz garun"jarduera modulatzeko teknika ez"inbaditzaileak, hainbat patologiatan sintoma motor, kognitibo, portaerazko eta afektiboak tratatzeko.
- Iktus"unitatearen Europako akreditazioa: une honetan Europako akreditazio"prozesuan murgilduta dago, eta horrek zerbitzuaren kalitatea eta asistentzia"bikaintasuna indartuko ditu.
Balantze orokorra
Arabako ESIarentzat, emaitza horiek erakusten dute antolakuntzarekin eta konpromisoarekin asistentzia hobetzea eta herritarrekiko lotura estutzea posible dela, eredu sanitario egonkor, hurbil eta kalitatezko baterantz aurrera eginez.
Enrique Bárezek nabarmendu duenez, balantze hau Arabako gizartearekin batera eboluzionatzen duen erakunde baten islatzailea da. “Gure gizarteari entzun izanaren asebetetzearekin begiratzen diogu etorkizunari. Baina ez gara konformatzen asebetetze-inkestetan ematen dizkiguten nota bikainekin; gure benetako arrakasta gaur egun erakunde gizatiarragoa garela da: non haur bat bere ama edo aita ondoan duela sartzen den kirurgiara, edo non maskota bat medikuntzarik onena izan daitekeen une kritiko batean. 2026an, Euskadiko Osasun Itunak jasotzen duen bezala, gure helburua pertsonak profesionaltasunez eta hurbiltasunez zaintzen jarraitzea izango da, kalitatezko arreta jasangarri eta ekitatiboa bermatuz”.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)