Otsailak 14. Sortzetiko Kardiopatien Nazioarteko Eguna
- Urtero 175 haur inguru jaiotzen dira Euskadin sortzetiko kardiopatiaren batekin. Bihotzeko kirurgian eta tratamenduetan egindako aurrerapenei esker, paziente gehienek bizitza osoa izan dezakete
- Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea erreferentziazko unitatea da Euskadin eta Estatuan sortzetiko kardiopatiak artatzeko, eta, gainera, CSUR Estatuko ziurtagiria du kasu konplexuak artatzeko
- Sortzetiko kardiopatiek, nahiz eta prebalentzia txikikoak izan, unitate oso espezializatuak behar dituzte, konplexuak direlako eta bizitzan zehar aldatu egiten direlako
Sortzetiko kardiopatiak dira sortzetiko malformaziorik ohikoenak, eta intzidentzia 8-10 kasu ingurukoa da 1.000 jaiotzako; horietatik gutxienez 1.000tik 6k kardiopatia moderatu edo larria dute. Euskadin, 175 haur inguru jaiotzetiko kardiopatiarekin jaiotzen dira urtero. Aurrerapen kirurgiko eta terapeutikoei esker, % 85 baino gehiago helduarora iristen da. Horietako askok bizitza osoan jarraipen espezializatua eskatzen duten ondorioak edo arazoak dituzte —arritmiak, bentrikuluko disfuntzioa, balbula-lesioak, bentrikulu bakarreko arazoak edo birika-hipertentsioa—. Hori dela eta, beharrezkoa da diziplina anitzeko taldeak izatea, esperientzia integratuko dutenak bai kardiologian eta kirurgia pediatrikoan, bai helduen arretan.
Osakidetzak unitate espezializatuak eta erreferentziazko unitateak ditu, diziplina anitzeko taldeak dituztenak, eta gai direnak arreta integrala, jarraitua eta patologia horien konplexutasunari egokitua eskaintzeko. Bihar, otsailak 14, ospatzen den Sortzetiko Kardiopatien Nazioarteko Egunaren harira, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak unitate hauek edukitzearen garrantzia nabarmentzen dute.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Helduen Sortzetiko Kardiopatien Unitatea erreferentzia-unitatea da Euskadin eta Etsatuan, eta, gainera, EAEko eta beste autonomia-erkidego batzuetako pazienteak artatzeko CSUR Estatuko ziurtagiria du, espezializazio diagnostiko, terapeutiko eta teknologiko handia behar badute. Hemen, Osakidetzak sortzetiko kardiopatiak dituzten nerabeei eta helduei arreta integrala eskaintzen die, pediatria-etapatik asistentziaren jarraitutasuna bermatzeko eta bizitzan zehar sortzen diren behar espezifikoei erantzuteko.
Unitate honek konplexutasunaren espektro osoa hartzen du kontuan, sendatutako lesio sinpleetatik hasi eta kardiopatia moderatu eta konplexuetaraino, eta helduaroko ohiko ondorio eta arazoak (arritmiak, bentrikuluko disfuntzioa, birika-hipertentsioa, tromboembolismoa, endokarditisa edo aortako erasana) tratatzen ditu.
Diagnostikoa eta aldaketa demografikoa sortzetiko kardiopatietan
Sortzetiko kardiopatia asko haurdunaldiko kontroletan edo bizitzako lehenengo egunetan detekta daitezke; beste batzuk, berriz, ez dira hautematen eta ez dira helduarora arte diagnostikatzen. Halaber, sindrome genetiko jakin batzuk —hala nola Down, DiGeorge, Noonan, Williams edo Turner— askotan lotzen dira kardiopatia-mota horrekin.
Gaur egun, kalkuluen arabera, sortzetiko bihotzeko lesioen prebalentzia 250 kasu ingurukoa da 100.000 biztanleko, eta horrek esan nahi du gaur egun pediatrikoak baino pertsona heldu gehiago bizi direla sortzetiko kardiopatiarekin. Aldaketa demografiko horren ondorioz, unitate asistentzial espezializatuak garatu behar izan dira, hala nola Gurutzetako Unibertsitate Ospitalekoa, pertsona horien konplexutasun klinikoari eta berariazko jarraipen-beharrei erantzun ahal izateko.
Helduen arretaranzko aldaketa segurua
Pediatriatik helduen arreta espezializaturako aldaketa funtsezko prozesua da sortzetiko kardiopatien arretan. Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, Kardiologia Pediatrikoaren eta Helduen Sortzetiko Kardiopatien Unitatearen arteko aldaketa kontsulta bateratu baten bidez egiten da. Kontsulta horrek aldaketa segurua eta paziente bakoitzari egokitua bermatzen du. Prozesu hori 15 urte ingururekin hasten da, eta informazio- eta laguntza-saioak egiten dira, alderdi klinikoak, psikosozialak eta hezkuntzakoak lantzeko. Helburua da gazteek beren gaixotasuna ulertzea, arriskuak eta beharrezko zainketak ezagutzea eta heldutasunean beren osasuna kudeatzeko autonomia lortzea.
Ikuspegi egituratu horri esker, Osakidetzak asistentzia-eredu sendoa eta patologia horien konplexutasunari egokitua bermatzen du, eta, eredu horretan, unitateen eta profesional azpiespezializatuen arteko koordinazioak arreta segurua, integrala eta jarraitua bermatzen du bizitzako etapa guztietan.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)