- Gaur, urriak 30, argitaratu dira oinarri espezifikoak EHAAn, eta eskabidea egiteko epea azaroaren 2an hasi eta 27an amaituko da, 14:00etan
- Probak 2027ko otsailetik aurrera egingo dira, eta horietan EPE eredu berria txertatuko da: test motako azterketak eta hurrengo deialdirako nota erreserba
- Guztira, 2026an eta 2027an zehar, Osakidetzak 5.425 plaza eskainiko ditu 107 kategoriatarako, ohiko enplegu-deialdi batean inoiz lortutako kopururik handiena
- Osakidetzak aurrera egin du EPE honekin bere plantilla egonkortzen, Euskal Osasun Itunaren lehentasunezko konpromisoetako bat baita
Osakidetzak astelehen honetan, azaroaren 2an, irekiko du 2023-2024-2025 EPEren hirugarren fasean izena emateko epea, gaur, urriak 30, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) oinarri espezifikoak argitaratu ondoren. Oraingo honetan, 42 lanbide-kategoriatan formalizatu ahal izango da eskabidea, eta azterketak 2027ko otsailetik aurrera egingo dira. Probak egiteko eguna, ordua eta lekua urtarrilean jakinaraziko dira. Euskal Osasun Zerbitzuak aurten abiarazitako enplegu publikoaren deialdia hainbat fasetan garatzen da, eta guztira 5.425 plaza eskaintzen dira 107 lanbide-kategoriatan, deialdi arrunt batean inoiz eskainitako kopururik handiena.
Izen-ematea Osakidetzaren webgunean egin ahal izango da azaroaren 2tik 27ra, 14:00ak arte. Aurreko faseetan bezala, Osakidetzak hautagaien eskura jarriko du izena eman duten kategoriari dagokion galdera-sorta, erreferentziazko bibliografiarekin batera.
Deialdi honen berrikuntza nagusietako bat test motako proba bakarra egitea da. Proba honek alderdi teorikoa eta praktikoa biltzen ditu, baldin badago. Gainera, oposizio-fasea gainditzen duten izangaiek lortutako nota gorde ahal izango dute kategoria berean deitzen den hurrengo hautaketa-prozesurako.
Bigarren fasea: azterketak azaroan
Hirugarren fase honen irekiera bat dator bigarren faseko azterketen hasierarekin; izan ere, 21.408 pertsonak eman zuten izena 41 lanbide-kategoriatan plazak lortzeko. Inskribatutako pertsona gehien izan zituzten kategoriak honako hauek izan ziren: Erradiodiagnostikoko Teknikari Espezialista (2.788), Administrazio eta Kudeaketako Erdi-mailako Teknikaria (1.735) eta Gizarte-langilea (1.720). Probak azaroaren 6an, 7an, 8an, 21ean eta 22an egingo dira EHUko Las Nieves gelategian, Gasteizen, eta azaroaren 27an Bilbao Exhibition Centren (BEC), Barakaldon.
Lehenengo fasean masibotzat jotako bederatzi kategoriak sartu ziren, besteak beste, Erizaintza, Erizaintzako Zainketa Osagarrietako Teknikaria, Zeladorea eta Administrari Laguntzailea. Fase horretan 101.000 inskripzio baino gehiago izan ziren eta ekainean egin zituzten azterketak.
Beste urrats bat enplegua egonkortzeko
23-24-25 EPE, Osakidetzaren historiako deialdi handiena, Euskal Osasun Itunaren konpromisoen barruan kokatzen da. Itun horrek profesionalak osasun-sistema publikoaren funtsezko zutabetzat hartzen ditu eta enpleguaren egonkortasuna bere lehentasunen artean kokatzen du. Plantilla egonkorrak finkatzea funtsezkoa da laguntza-jarraitutasuna eta osasun-arreta publiko, irisgarri eta kalitatezkoa bermatzeko herritar guztientzat.
III. FASEAN SARTUTAKO KATEGORIAK 23-24-25 EPE-N
Alergologiako FEM
Anatomia Patologikoko FEM
Anestesiologiako eta Bizkorketako FEM
Angiologiako eta Kirurgia Baskularreko FEM
Digestio Aparatuko FEM
Kirurgia Orokorreko eta Digestio Aparatuko FEM
Ahoko eta Aurpegi Masailetako Kirurgiako FEM
Kirurgia Ortopedikoko eta Traumatologiako FEM
Kirurgia Pediatrikoko FEM
Kirurgia Plastiko, Estetiko eta Konpontzaileko FEM
Toraxeko Kirurgiako FEM
Zainketa Aringarrien FEM
Familia Medikuntzako FEM - LMAT
Dermatologia Mediko Kirurgikoko eta Benereologiako FEM
Endokrinologiako eta Nutrizioko FEM
Gaixotasun Infekziosoen Arloko FEM
Hematologiako eta Hemoterapiako FEM
Etxeko Ospitalizazioko FEM
Laneko Medikuntzako FEM
Medikuntza Intentsiboko FEM
Barne-medikuntzako FEM
Medikuntza Nuklearreko FEM
Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko FEM
Nefrologiako FEM
Pneumologiako FEM
Neurokirurgiako FEM
Neurofisiologia Klinikoko FEM
Neurologiako FEM
Obstetriziako eta Ginekologiako FEM
Oftalmologiako FEM
Otorrinolaringologiako FEM
Pediatriako FEM - LMAT
Psikiatriako FEM
Erradiodiagnostikoko FEM
Erreumatologiako FEM
Ospitaleko Larrialdien FEM
Urologiako FEM
Immunologiako FEMT
Mikrobiologiako eta Parasitologiako FEMT
Ospitaleko Erradiofisikako FEMT
Ospitaleko Farmaziako FET
Giza Nutrizioan eta Dietetikan Diplomaduna
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)