- Urriaren 19tik azaroaren 1era, 43.300 pertsona baino gehiago joan dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako txertoguneetara; horietatik 2.000 baino gehiago haurrak dira
- Txertoguneek batez beste 3.000 pertsona baino gehiago artatu dituzte egunean, eta horietatik % 16k gutxienez bost urte zeramatzaten txertoa hartu gabe
- Gaurtik aurrera, gripearen aurkako txertaketa herritar guztientzat dago zabalik, osasun-zentroetan aldez aurretik hitzordua eskatuta
- Osasun Sailak eta Osakidetzak herritarren erantzuna eskertu dute, eta oraindik txertoa hartu ez dutenak hitzordua eskatzera animatu dituzte, gripearen zirkulazio handieneko hilabeteak hasi baino lehen
- Txertaketak Osasunaren Euskal Itunaren prebentzioaren aldeko apustua indartzen du; izan ere, haren lehen lan-esparrua prebentzioa eta osasunaren sustapena dira
Txertaketa-kanpaina hasi zenetik, Osakidetzak 421.732 dosi baino gehiago jarri ditu gripearen aurka, eta 251.563 COVID-19aren aurka. Kanpaina irailaren 28an abiatu zen Lehen Mailako Arretako osasun-zentroetan, eta urriaren 19an txertoguneetan. Hiru lurraldeetan gaitutako hitzordurik gabeko txertaketa-puntu horiek atzo amaitu zuten jarduera, azaroaren 1ean, igandean. Gaurtik aurrera, azaroaren 2tik, astelehena, gripearen aurkako txertaketa herritar guztientzat dago zabalik, aldez aurretik hitzordua eskatuta.
Txertoguneen jarduera urriaren 19tik azaroaren 1era
Hiru lurraldeetan gaitutako 12 txertoguneek 43.300 pertsonari baino gehiagori jarri zieten gripearen aurkako txertoa urriaren 19tik azaroaren 1era, batez beste egunean 3.000 baino gehiagori. Gainera, 18.000 txerto baino gehiago jarri zituzten COVID-19aren aurka. Lurraldeka, Bizkaian 18.000tik gora izan ziren gripearen aurkako txertoa hartu zutenak, Gipuzkoan 15.000tik gora eta Araban 9.000tik gora.
Txertatutako pertsonen artean, 2.093 haurrak dira eta 948 haurdun dauden emakumeak. Gainera, txertatutako pertsonen % 16k, 6.793 guztira, gutxienez bost urte zeramatzan txertoa hartu gabe.
Era berean, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako txertogunek larunbat eta igandeetan eutsi zioten jarduerari, eta 6.000 pertsona inguruk jarri zuten txertoa bi asteburuetan.
Adinaren arabera, talderik ugariena 60-79 urte bitartekoa izan zen, guztizkoaren % 50, eta ondoren 15-59 urte bitartekoa, % 39 izan baitzen. Hamar txertaketatik zazpi inguru arratsaldean egin ziren; arratsaldeko ordutegian hamabi txertaketa-puntuek aldez aurretiko hitzordua eskatu gabe ematen zuten arreta.
Osasun Sailak eta Osakidetzak positibotzat jo dute herritarrek txertoguneei emandako erantzuna; izan ere, bi astez alternatiba erraz bat eskaini dute aurretiko hitzordurik gabe txertoa hartzeko, ordutegi zabalarekin eta hiru lurraldeetan.
Iaz, Osakidetzak aurretiko hitzordurik gabeko txertaketa indartzeko zentro bakarra jarri zuen martxan Bilboko La Casillan, astelehenetik igandera, zeinean 14.512 pertsonari jarri zitzaien txertoa. Harrera on horren ondorioz, Osasun Sailak eta Osakidetzak ekimena hiru lurraldeetara zabaldu dute aurten, 12 txertogune jarrita, txertoa aldez aurretik hitzordurik egin gabe eskuratzea errazteko, gaixotasunari aurrea hartzeko eta gripearekin lotutako ospitaleko ingresuak murrizteko.
Gripeari aurre egiteko kanpaina Lehen Mailako Arretan
Txertaketa hasi zenetik, gripearen txertoaren 378.362 dosi eman dira Lehen Mailako Arretan, eta 43.370 txertoguneetan. COVID-19aren aurkako 233.047 dosi eman dira Lehen Mailako Arretan, eta 18.516 txertoguneetan.
Osakidetza osoan, gripearen txertoaren 421.700 dosi baino gehiago eman dira, eta 251.500 baino gehiago COVID-19aren aurka. Gripearen kasuan, zifra iazko aldi berean baino % 5,2 handiagoa da, 20.808 dosi gehiago eman baitira. 6-59 hilabete arteko haurren artean 22.521 txertatu dira, hortaz, % 34,4ko estaldura dago talde horretan. Haurren gripearen aurkako txertaketa iazko aldi berekoa baino % 5 handiagoa da.
Orain arte, Osakidetzak gripearen aurkako txertoa hartzeko 384.800 hitzordu baino gehiago erregistratu ditu Lehen Mailako Arretan; horietatik 27.700 baino gehiago haurrei dagozkie, eta 1.900 baino gehiago haurdun dauden emakumeei.
Osakidetzako langileak
Urriaren 5etik hona, Osakidetzako 9.589 profesionalek gripearen aurkako txertoa hartu dute. Txertoa hartu dutenez, profesional horiek beren osasuna eta artatzen dituzten pertsonena babesten dituzte. Osasun Sailak eta Osakidetzak eskertu egiten dute erakutsi duten konpromisoa, eta horien lankide sanitario eta soziosanitarioak ere txertatzera animatzen dituzte.
Egoera epidemiologikoa
Urriaren 19tik 25era bitarteko asteko zaintza epidemiologikoko azken datuen arabera, Lehen Mailako Arretan artatutako arnas infekzioen kasuak % 26 igo dira. Ospitaleko ingresua behar izan duten kasu larrien kopurua, aldiz, % 14 jaitsi da.
Aztertutako laginetan gehien atzeman den birusa errinobirusa da, katarro arruntaren eragilea. Gripearen eta bronkiolitisaren kasuek gora egin dute apur bat, nahiz eta epidemiarik gabeko garaiei dagozkien mailetan jarraitzen duten; COVID-19aren kasuek, berriz, behera egin dute.
Gaur arte, 919 gripe-kasu erregistratu dira Lehen Mailako Arretan, eta 122 pertsona ingresatu behar izan dituzte ospitaleetan arrazoi horrengatik. COVID-19aren kasuan, 2.479 kasu erregistratu dira Lehen Mailako Arretan eta 468 ingresu ospitaleetan.
Herritar guztiek eska dezakete jada gripearen aurkako txertoa hartzeko hitzordua
Gaurtik aurrera, azaroaren 2tik, astelehena, herritar guztiek eska dezakete gripearen aurkako txertoa hartzeko hitzordua, gomendatutako taldeetakoak izan ala ez. Hitzordua osasun-zentroan, Osakidetzaren webgunean edo aplikazioan, edota 900 20 30 50 telefono-zenbakiari deituz eska daiteke.
Osasun Sailak eta Osakidetzak herritarren erantzuna eskertu nahi dute, eta oraindik txertoa hartu ez duten pertsonak hori ahalik eta lasterren egitera animatzen dituzte; izan ere, azken bi urteetan gripe-kasu eta gripearen ondoriozko ingresu gehienak abendua eta urtarrila bitartean erregistratu dira. Txertaketa da gripearekin lotutako konplikazioak eta heriotzak prebenitzeko neurririk eraginkorrena, eta bereziki gomendatzen zaie 60 urte edo gehiagoko pertsonei, gaixotasun kronikoak dituztenei, haurdun dauden emakumeei eta sei hilabetetik bost urtera bitarteko haurrei.
Arnas birusen kutsadura murrizteko, Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute garrantzitsua dela eskuen higiene egokia mantentzea, espazio itxiak aldizka aireztatzea, sintomak izanez gero etxean geratzea eta, beharrezkoa denean, maskara erabiltzea pertsona kalteberenak babesteko.
Txertaketak Osasunaren Euskal Itunaren prebentzioaren aldeko apustua indartzen du; izan ere, haren lehen lan-esparrua prebentzioa eta osasunaren sustapena dira, eta osasun-sistema pertsonengan zentratzen den eredu prebentiboago eta bidezkoago baterantz bideratzen du.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)