- Santa Marina Ospitalea Arkitekturaren kategorian lider izan da, Zainketa Aringarrien Unitatea berritzeagatik, eta Barrualde-Galdakaoko ESIak, berriz, Ikerkuntza eta Berrikuntza kategoriako saria jaso du
- Osakidetzaren humanizazioko estrategia erreferentziazko eredu bilakatu da estatu mailan, 200 proiektu baino gehiagorekin lehiatu ondoren
- Horri esker, euskal osasun publikoa aitzindaria da humanizazioaren arloan, Euskadiko Osasun Itunaren lehentasunekin bat eginez, bertan jasota baitago humanizazioa Osakidetzaren estrategiaren ardatz izan behar dela
Euskal osasun publikoak bi sari jaso ditu estatu mailako Humans Humanizazio Sarien IV. lehiaketan. Santa Marina Ospitalea eta Barrualde-Galdakaoko ESIa irabazleak izan dira haien kategorietan. Halako mugarriek erakusten dute Osakidetzaren humanizatzeko estrategia erreferentziazko eredua dela estatu mailan, Estatuko 200 proiektu baino gehiagoren aurka lehiatu baitira.
Santa Marina Ospitalea: Arkitektura humanizatua
Osakidetzako Santa Marina Ospitaleak Zainketa Aringarrien Unitatea eraberritu du, Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak bikaintasun asistentzialarekin daukaten konpromiso irmoa praktikara eramanda. Proiektu hori Euskal Osasun Itunean jasotakoen benetako erakusgarria da, humanizazioa Osakidetzaren estrategiaren muin-muinean baitago. "Santa Marina Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitatearen diseinu humanizatuak ingurune terapeutikoak sortzen ditu bizitzaren amaierarako" izenburupean aurkeztutako proiektuari emandako sariak aitortzen du obrak argitasuna eta bistak ekarri dizkiela banakako 30 gelari, hartara intimitatea eta familiakoen laguntza bermatzeko.
Berritze-lanei esker, errazagoa izango zaie geletan daudenei ingurunea “ez hainbeste ospitale gisa, baizik eta etxe gisa” hartzea, eta, horrela, bertan senideari laguntzen gau eta egun egon ahal izatea, pribatutasun handiagoarekin. Giro epela sortzeko diseinuari esker, eremu komunek eta hall-ak bizitzeko, sozializatzeko eta deskarga emozionalerako espazio gisa funtzionatzen dute, lortu nahi baita arkitektura funtsezko euskarri bihurtzea pertsonen ongizaterako, zaurgarri dauden uneetan.
Barrualde-Galdakaoko ESIa: Ikerkuntza eta berrikuntza humanizatua
Ikerkuntza eta berrikuntza humanizatuaren kategorian, Barrualde-Galdakaoko ESIak lehen saria eraman du "Humanizazioa birdefinitzen: gobernantza, hedapen-metodologia eta ebidentzia digitala" proiektuagatik. Epaimahaiak kultura-eraldaketa sakona bultzatzen duen eredu sendo hori baloratu du, pazienteak eta familiak ez ezik, profesionalak eurak ere modu integralean zaintzen baititu.
Asmo handiko plan aitzindari hau Osakidetzaren humanizazio-ereduan oinarritzen da, zeinak ikuspegi osoa, neurgarria eta ebaluagarria bermatzen duen. Eredu horren hedapenean laguntzeko, tresna berritzaileak erabili dira, hala nola Humanizazio Termometroa (GizaGune), Barrualde-Galdakaoko ESIko Humanizazioko Trakzio-taldeak diseinatutako etengabeko hobekuntzarako gida. Gaur egun, proiektuak 100 profesional baino gehiago ditu inplikatuta, eta, ondorioz, humanizazioaren kultura asistentzia-maila guztietara zabaltzen ari da. Azken batean, eredu heldua eta erreplikagarria da, eta humanizazioa euskal osasun publikoaren bikaintasun-motor gisa finkatzen du.
Arrakasta-eredu bat: Zientzia eta Bihotza
Madrilen egin den Humans Sariak banatzeko galan, estatu mailako humanizazioaren erreferente nagusiak bildu ziren, arlo horretan liderrak diren profesionalen ahalegina ikusarazteko. Sarien lehian errekorra hautsi da aurten, 200 proiektuk baino gehiagok parte hartu baitu bertan. Ekitaldian, argi geratu zen Santa Marinako eta Barrualde-Galdakaoko proposamen irabazleak inspirazio-iturri izan daitezkeela; izan ere, bikaintasun asistentzialak, erabatekoa izan dadin, prozesu, espazio eta erabaki kliniko orotan izan behar du txertatuta humanizazioa.
Bi sariek aitortza egiten diote gure kudeaketa publikoko ereduari, ongizate emozionala kalitate kliniko gorenarekin bat eginik lehenesten dituen ereduari. Gainera, A+ humanizazio ziurtapena lortuta, Santa Marinak proposatutako eredua indartu egin da. Hain zuzen ere, eredu horren arabera, inbertsio publikoak "zientziarekin eta bihotzarekin" zaintzea dakar, espazio duinak eskainiz zaurgarritasun handieneko uneetan. Ikuspegi horrek eta Barrualdeko ikerkuntzako lidergoak erakusten dute Euskadin humanizazioa zinez hartutako konpromisoa dela, neurgarria eta bikaintasunezkoa.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)