"Osakidetza da gizarte-kohesiorik handiena sortzen duen sistema, eta urtetik urtera indartzen da, herritarrei arreta emateko baliabide gehiagorekin"

Argitalpen-data: 

  • Alberto Martínez Osasuneko sailburuak adierazi du Osakidetza dela gizarte-kohesiorik handiena sortzen duen sistema; herritarren konfiantza du eta bizitza zailtzen denean erantzuten du
  • Egungo ministroari eta ministro izan litekeenari zuzendu zaie, eta eskatu dio Madrildik arazoak konponduko ez badituzte, behintzat, komenigarria litzatekeela horiek ere ez sortzea

Osakidetzak funtzionatzen du, eta gero eta bitarteko gehiagorekin egiten du. Hala defendatu du Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak RNE irratian egindako elkarrizketa batean. Sailburuak adierazi du Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistema indartsua dela, oinarri sendoa duela eta urtez urte indartzen ari dela etorkizuneko erronkei erantzutera begira.

 “Osakidetza da gizarte-kohesiorik handiena sortzen duen sistema. Herritarrek harengan konfiantza dute eta, bizitzak egoera zailean jartzen dituenean, badakite Osakidetzak beti erantzuten duela. Hor dagoela”, eman du aditzera Martínez sailburuak. “Osakidetzak funtzionatzen du, eta gero eta bitarteko gehiagorekin egiten du”, erantsi du.

Osasuna, lehentasun nagusia

Osasun Sailaren aurrekontua da Eusko Jaurlaritzaren apustu nagusia, lehentasuna ez baita gehiago gastatzea, herritarrei osasun handiagoa ematea baizik. 2027an, Osasun Sailak 5.724,28 milioi euro izango ditu, 2026an baino % 7,45 gehiago; Osakidetzak, berriz, 4.612,5 milioi euro izango ditu, % 7,9 gehiago.

Kopuru horretatik, 2.960 milioi euro langileentzat izango dira, % 7,1 gehiago. Partida horrek aukera emango du plantillak indartzeko, 2023, 2024 eta 2025eko oposizioetako 5.425 plaza ebazteko, enplegua egonkortzeko eta sistemaren arreta-ahalmena areagotzeko.

 “Dirua garrantzitsua da, baina ez da dena”, ohartarazi du sailburuak. “Helburua da gero eta handiagoa den ahalegin horrek osasun handiagoa, emaitza hobeak eta herritarrentzako erantzun azkarragoa eta kalitate handiagokoa eragitea”, erantsi du.

Aurrekontua konpromiso bat da; herritarrentzako arreta hobetuko duten teknologia berrietan, azpiegitura berrietan eta antolaketa-aldaketetan inbertitzeko aukera emango duen konpromisoa. “Hori guztia Euskadiko Osasun Itunak markatutako bide-orriak gidatuta; izatez, Itun horretan ezartzen dira gure osasun-sistema indartzeko eta egungo eta etorkizuneko premietara egokitzeko lehentasunak”, azaldu du.

Elkarrizketa eta akordioak profesionalekin

Sailburuak Osakidetzaren jarrera negoziatzailea eta profesionalekin akordioak bilatzeko konpromiso argia ere nabarmendu ditu. Osasun-sistema indartsua eraikitzen jarraitzearen aldeko apustua egin dugu, betiere elkarrizketaren, lan-egonkortasunaren eta lan-baldintzak hobetzearen bitartez.

Medikuekin lortutako akordioaren kasuan, azaldu du kolektibo berezi baten egoerari heldu zaiola: "Nahitaezko guardien ondorioz astean 35 ordutik gora lan egiten duen kolektibo bakarra dira. Horregatik, negoziazioa bereziki guardietan eta librantza berrietan oinarritu da”.

Osakidetzako gainerako profesionalentzat, “negoziazio-prozesua irekita dago Mahai Sektorialean, eta helburua da plantilla indartuko duten eta lan-baldintzak hobetuko dituzten akordioak lortzea”, eman du aditzera.

Erronka nagusia: zahartzea

Sailburuaren iritziz, biztanleriaren zahartzea eta asistentzia-eskaera handitzea dira Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistemaren erronka nagusietako bi. Gero eta pertsona gehiagok behar dute arreta, jarraipena eta zaintza denbora luzeagoan.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritza lehen mailako arreta, osasun mentala, etxez etxeko arreta eta zerbitzu komunitarioak indartzen ari da, eta Osakidetzaren ospitale- eta kirurgia-ahalmena handitzen. Prebentzioa, diagnostiko goiztiarra eta irisgarritasuna dira estrategia horren funtsezko piezak.

Itxaron-zerrenda txikiagoak

Osasun Ministerioak eragindako grebei eta Esparru Estatutuaren proposamenari buruz, Martinezek adierazi du eragin handia izan dutela asistentzia-jardueran. “Osakidetzak duela urtebete lortu zuen arlo horretako inoizko zifrarik onena. Grebek egoera okerrago batera atzera eginarazi digute, baina lanean ari gara aurreko mailak berreskuratzeko. Helburua da 2027ko itxaron-zerrenden datuak 2025eko azaroan izan zirenen parekoak izatea”.

Puntu honetan, sailburua zuzenean zuzendu zaio egungo Osasun ministroari, edo etorkizunean Gobernuan kargu hori izango duenari: “Ez diogu gure arazoak konpontzea eskatuko, baizik eta arazorik ez sortzea”.

Erantzuten duen eta hobetzen ari den sistema

Martinezek ondorioztatu du Osakidetza funtzionatzen duen sistema dela, egunero milaka pertsonari erantzuten diena eta inoiz baino baliabide gehiago dituena, hobetzen jarraitze aldera. Erronka da aurrekontuan eta plantillan egiten den ahalegin hori herritarren osasun handiago bihurtzea.

 “Osakidetzak funtzionatzen du, eta gero eta bitarteko gehiagorekin egiten du. Sendotzen jarraitzea da gure konpromisoa, inor gera ez dadin behar duen arretarik gabe”, adierazi du sailburuak amaitzeko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)