- Osasuneko sailburuak azpimarratu du Euskadik “inoiz baino mediku eta erizain gehiago” dituela, baina nabarmendu du profesionalak sartzen eta fidelizatzen jarraitu behar dela oraingo eta etorkizuneko asistentzia-eskaerari erantzuteko
- 2026ko deialdiak familiako medikuntzan, pediatrian eta psikiatrian betetzeko zailenak diren plazak indartuko ditu, eta eskualde-ospitaleetako espezialitateak sartuko ditu; eta Osakidetzak proposatzen du erizaintzara zabaltzea horren helmena, betetzeko zailak diren plazen EPE berri batekin 2027an
- 2025-2027 Azpiegitura Programak Osakidetzaren kirurgiako ahalmena % 21,2 handitzea aurreikusten du, beste 36 ebakuntza-gela eta prozedura-gela gehituta, eta horrekin sare publikoan aurreikusitako zuzkidura 170etik 206ra igoko da
- Neurri berriek Euskadiko Osasun Itunean Osakidetzaren plantillak indartzeko eta egonkortzeko, kirurgiako ahalmena handitzeko eta osasun-sare publikoa azpiegitura eta ekipamendu berriekin modernizatzeko hartutako konpromisoak betetzen dituzte
Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak eta Lore Bilbao zuzendari nagusiak, Xabier Ibarzabal Osakidetzako Estrategia Ekonomikoko eta Eraldaketako zuzendariarekin batera, agerraldia egin dute gaur, beraiek eskatuta, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, 2025-2032 Azpiegitura eta Ekipamendu Sanitarioen Programaren gauzatze-mailaren eta osasun-sistema publikoko plantilla indartzera bideratutako neurrien berri emateko.
Agerraldian, sailburuak iragarri du Osakidetza betetzeko zailak diren lanpostuen EPE berri bat diseinatzen ari dela 2027rako, zailtasun handienak dituzten plazak indartuko dituena, eta, lehen aldiz, erizaintzako profesionalak sartzeko proposamena ere jasoko duela, behar handienak dituzten zentroetan erizaintzako taldeak ere indartzeko.
Betetzeko zailak diren lanpostuen EPEa: eskualdeko ospitaleetako espezialitateak
Osasuneko sailburuak azpimarratu du Euskadik “inoiz baino mediku eta erizain gehiago” dituela, eta biztanleko profesional kopuru handiena duen osasun-sistemen artean dagoela. Euskadik 440 mediku ditu 100.000 biztanleko, Europako batez bestekoaren (420 ditu), ELGAko batez bestekoaren (390) eta Estatukoaren (370) gainetik. Erizaintzan Euskadik 1.000 biztanleko 8,21eko ratioa du, autonomia-erkidegoetan handiena, Nafarroakoarekin batera, eta Europako batez bestekoaren (8,12) eta Espainiakoaren (6,5) gainetik.
Hala ere, Alberto Martínezek nabarmendu du oraingo eta etorkizuneko asistentzia-eskaera handiak eta eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan ematen den osasun-arretak eragindako premiek beharrezko egiten dutela langile gehiago sartzea eta neurri espezifikoak hartzea lanpostu konplexuenak beteko direla bermatzeko. “Inoiz baino profesional gehiago ditugu, baina gehiago nahi ditugu. Planifikatzen, langile gehiago sartzen eta talentua fidelizatzen jarraitu behar dugu herritarren premiei erantzuteko eta Euskadi osoan kalitatezko arreta publikoa ziurtatzeko”, adierazi du.
Horretarako, aurten Osakidetza sindikatuekin negoziatzen ari da Mahai Sektorialean betetzeko zailak diren lanpostuen 2026ko EPEa, urtearen amaieran deituko dena. Deialdiak Lehen Mailako Arretan betetzeko zailenak diren lanpostuetan jarriko du arreta –bereziki familiako medikuntzan, pediatrian eta psikiatrian–, eta, berritasun gisa, eskualde ospitaleetako espezialitate batzuk sartuko ditu. Beren baldintza espezifikoak direla eta profesionalak erakartzeko eta finkatzeko zailtasun handiagoak dituzten lanpostuak dira, bereziki, arratsaldeko txandakoak izateagatik edo kokapenagatik.
Kasu zehatzen artean Andoaingo osasun-zentroa dago, eta arratsaldeko ordutegian hutsik dauden lau lanpostuak sartuko dira betetzeko zailak diren lanpostuen hurrengo EPE horretan.
Neurriak jarraipena ematen dio 2025ean abian jarri zen deialdiari, eta Osakidetzako profesionalak erakartzeko, fidelizatzeko eta egonkortzeko estrategiaren barruan kokatzen da.
Azpiegiturak: Dagoeneko gauzatzen ari den programa
Bestalde, 2025-2032 Azpiegitura eta Ekipamendu Sanitarioen Programak 1.600 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, eta 74 jarduketa biltzen ditu.
Programak Lehen Mailako Arretan, ospitaleetan, osasun-teknologian, mantentze-lanetan, jasangarritasunean eta eraldaketa digitalean jasotzen ditu inbertsioak.
Programaren gauzatze-mailari dagokionez, jarduketa batzuk amaituta daude, hainbat lan abian dira, proiektu batzuk idazten ari dira eta espediente batzuk izapidetzen eta hurrengo lizitazioak prestatzen. Programa ez da hutsetik abiatzen: dagoeneko abian zeuden jarduketak barne hartzen ditu eta 2032ra arteko inbertsioak antolatzen ditu urte anitzeko plangintza baten bidez.
Lehen Mailako Arretan, amaituta daude dagoeneko Oiongo eta Aretxabaletako osasun-zentro berriak. Laudioko anbulatorio berria ere inauguratuta dago, eta hurbileko asistentzia-sarea berritzeko eta zabaltzeko jarduera berriekin jarraitzen da edo aktibatzen ari dira.
Donostian, Loiolako osasun-zentro berriko lanak abian dira. Gasteizen Udalarekin hitzarmen bat formalizatu da Alde Zaharreko zentroa izango dena bultzatzeko. Era berean, Guardiako osasun-zentro berriaren proiektua idazteko fasean dago, eta Irungo Oinaurreko proiektua berehala idazten hastea aurreikusten da.
Halaber, plangintzaren barruan sartzen dira, besteak beste, Arrigorriaga, Urduliz, Elgoibar, Lazkao, Bolueta, La Peña, Irun Erdialdea, Olarizu, Iruña Oka, Astigarraga, Orio, Lezo, Intxaurrondo, Pasai Antxo, Azpeitia eta Gasteizko Alde Zaharreko osasun-zentro berriak. Programak 200,8 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du Lehen Mailako Arretarako, 21 osasun-zentro berrirekin, eta handitzeko edo goitik behera berritzeko zortzi proiektu daude.
Epe laburrera aurreikusitako jarduketen artean nabarmentzen dira Lazkao, Bolueta eta Elgoibarko osasun-zentroak eraikitzea eta Guardia, Oinaurre, Arrigorriaga eta Urdulizko proiektuak idazteko lizitazioa.
Sondikako osasun-zentroa handitzen hastea eta Bilbon San Ignazioko osasun-zentroa handitzeko proiektua lizitatzea ere aurreikusita daude.
Ospitaleak: abian diren lanak
Ospitaleen esparruan, programak 842,7 milioi euro bideratzen ditu eraikin berriak egitera eta ospitaleak handitu eta modernizatzera. Inbertsio horien zati handi bat dagoeneko gauzatze-fasean edo ikuspegi administratibotik edo teknikotik prestatzeko fasean dago.
Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko kanpo-kontsulten eraikin berriko lanak abian daude. Jarduketa hori arreta-eredu berri baten parte da, eta paziente anbulatorioen eta ospitaleratutako pertsonen zirkuituak bereizteko aukera emango du. Eredu bera zabalduko da Galdakao-Usansoloko, Donostiako eta Gurutzetako unibertsitate-ospitaleetara.
Zumarragako Ospitalean eraikin berri bat egiten hasita daude, eta aurreikusitako inbertsioa 78,6 milioi eurokoa da. Proiektuak barne hartzen ditu sei ebakuntza-gelak osatutako kirurgia-bloke bat, minaren unitate bat, hemodialisiko 18 postu eta endoskopiako 14 postu.
Hasita daude, halaber, Bidasoa Ospitaleko kirurgia-blokeko obrak, eta aurreikusitako hasierako inbertsioa 24,8 milioi eurokoa da. Jarduketak barne hartzen ditu kirurgia-blokea berritzea eta ebakuntza-gela berri bat egitea, eta horrekin Bidasoa eskualderako erreferentziako ospitalearen asistentzia-ahalmena hobetu ahal izango da.
Araba-Txagorritxu Unibertsitate Ospitalean D hegala handitzen jarraitzen da. Eraikin berriak Osakidetzan sareari zazpi ebakuntza-gela gehitzeko aukera emango du, ospitale-gunearen asistentzia-ahalmena indartzeaz gain. Lehenengo fasea 2026ean amaitzea aurreikusten da, eta, ondoren, bigarren faseari ekingo zaio, guztira 110,9 milioi euroko inbertsioa osatu arte.
Era berean, aurrera jarraitzen dute Txagorritxu, Arrasate eta Zumarragako ospitaleetan aurreikusitako zabaltze-lanek, programan ezarritako egutegiaren barruan.
Tolosako Ospitale berria jarduketa estrategikoetako bat da. Proiektuak 107 milioi euroko inbertsioa, 90 ohe eta sei ebakuntza-gela aurreikusten ditu. Proiektua idazteko lizitazioa esleitzea Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren aurrean jarritako errekurtso bat ebatzi zain dago, lanak lizitatzeko izapideei berriro ekin aurreko urratsa izanik.
Ahalmen kirurgiko eta teknologiko handiagoa
Azpiegitura Programak Osakidetzaren kirurgia-ahalmena nabarmen handitzea aurreikusten du. Sistemaren abiapuntua 170 ebakuntza-gela eta kirurgiako prozedura-gela dira, eta 36 gela berri sartzea aurreikusten du azpiegitura berriak abian jartzen direnean. Horrek % 21,2 handitzea suposatzen du, eta aurreikusitako ahalmena 206 ebakuntza-gelara igotzen du.
Gehikuntza hori sei ospitaleren artean banatuko dute: zazpi ebakuntza-gela berri Araba-Txagorritxu Unibertsitate Ospitalean; beste ebakuntza-gela bat eta kirurgia-blokea berritzea Bidasoa Ospitalean; bost ebakuntza-gela berri Zumarragako Ospitaleko eraikin berrian; zazpi ebakuntza-gela berri Tolosako Ospitale berrian; bost ebakuntza-gela Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko kanpo-kontsultetako eraikin berriari lotuta; ebakuntza-gela berri bat Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Larrialdietako ebakuntza-gelen erreformari lotuta; bost Donostiako Unibertsitate Ospitaleko kanpo-kontsultetako eraikin berrian eta beste bost Galdakaoko Unibertsitate Ospitalean.
Oro har, jarduketa horiek inbertsio espezifikoa dira eraikin berriei, kirurgia-blokeei, zaharberritze-lanei eta prozedura-gelei lotutako kirurgia-ahalmenean. Helburua da kirurgiako jarduera handitzea, asistentzia guneak modernizatzea eta ospitaleek herritarren beharrei eman beharreko erantzuna hobetzea.
Bestalde, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Protonterapia Unitateak proiektu teknologiko garrantzitsuenetako bat izaten jarraitzen du.
Bunkerra deiturikoa amaitu ondoren, azaroan hasiko dira konplexutasun handiko makineria sartzen, minbiziaren aurkako tratamendu aurreraturako teknologia hori abian jarri ahal izateko. Aurreikuspena da lehen pazientea 2028. urtearen hasieran artatzea, eta aurreikusitako inbertsioa 61,4 milioi eurokoa da.
Planak 192,6 milioi euro ere aurreikusten ditu osasun-teknologia aurreratua berritzeko eta txertatzeko: 16 TAC, zortzi erresonantzia magnetiko, zortzi azeleragailu lineal, lau PET-TC ekipo, sei SPECT-TC, 26 mamografo, X izpien 75 gela eta hemodinamikako eta angiografiako 16 gela.
Klimatizazioa eta energia-efizientzia
Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak klimatizazioko eta energia-efizientziako programa espezifikoa ere zehaztu du, osasun-zentroak tenperatura altuetara eta pazienteen eta profesionalen baldintzak hobetzera bideratua.
Osakidetzak 73,02 milioi euro bideratuko ditu 2032ra arte klimatizazioko, energia-efizientziako, hotza eta beroa ekoizteko, inguratzaile termikoak birgaitzeko eta eguzki-babesteko jarduketetara. Kopuru horretatik 14,87 milioi euro dagoeneko gauzatuta dauden, abian diren edo 2026rako aurreikusita dauden esku-hartzeei dagozkie, eta gainerako 58,15 milioiak 2027-2032 aldirako programatuko dira.
Abian diren edo 2026rako aurreikusita dauden jarduketen artean daude Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko kirurgia-blokearen klimatizazioa berritzea, 7,98 milioi eurorekin; Arabako Ospitale Psikiatrikoko ekoizpen termikoa eta aire girotuko sistemak berritzea, 2,84 milioirekin; eta San Eloy Ospitalearen klimatizazioa hobetzea, 2,08 milioirekin.
Galdakao-Usansolo, Txagorritxu eta Gurutzetako ospitaleetan hotzekoizpeneko sistema berriak sartuko dira, eta horietako inbertsioa 1,33 milioi eurokoa izango da. Gainera, hobekuntzak egingo dira Santiago, Bidasoa, Urduliz eta Zumarragako ospitaleetan, bai eta osasun mentaleko hainbat zentrotan ere.
Lehen Mailako Arretan jarduketak egingo dira, besteak beste, Agurain, Habana, Amara Berri, Egia, Larzabal, Gros, Hondarribia, Mutriku, Alango, Basurto eta Etxebarriko zentroetan. Gainera, Osakidetza Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Eskuza pabiloia goitik behera klimatizatzeko azterketa tekniko bat egiten ari da, lehentasuna emanez Psikiatriako ospitalizazio-eremuei.
Jasangarritasun-programak barne hartzen du, halaber, LED teknologiaren bidez argiztapena berritzea, fatxadak eta estalkiak zaharberritzea, energia fotovoltaikoa instalatzea eta gasolio-galdaren ordez sorkuntza berriztagarriko sistemak ezartzea. Jarduketa horiek FEDER – Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren laguntza dute.
Euskadiko Osasun Ituna: lehen mailako arreta indartzea
Programa gauzatzeak Europaren eta erakundeen finantza-babesa du. 2026ko ekainean, Eusko Jaurlaritzak eta Europako Inbertsio Bankuak 500 milioira arteko mailegu baten 250 milioi euroko lehen zati bat formalizatu zuten, ospitale, osasun-zentro, osasun-teknologia eta ekipamendu berrietan inbertsioak bizkortzeko.
2025-2032 Azpiegitura eta Ekipamendu Sanitarioen Programak Euskadiko Osasun Itunean azpiegitura sanitarioen urte anitzeko plangintza estrategikoa egiteko hartutako konpromisoa betetzen du. Bere helburua da Lehen Mailako Arreta indartzea, ospitaleen ahalmena hobetzea, arreta prebentiboagoa eta hurbilagokoa bultzatzea, teknologia sartzea eta klimaren eta asistentziaren arloko behar berrietara egokitutako zentro jasangarriagoak izateko bidean aurrera egitea.
Alberto Martínez sailburuak azpimarratu du beharrezkoa dela azpiegituretako inbertsioarekin batera behar adina profesional eta enplegu egonkorra izatea. “Plantilla indartzea, Lehen Mailako Arreta hobetzea, ospitaleak modernizatzea eta teknologia bereizi ezin diren elementuak dira Osakidetza publikoa, gertukoa eta sendoa eta etorkizunerako prest dagoena eraikitzen jarraitzeko”, adierazi du.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)