- Eusko Jaurlaritzak datorren urteko kontu publikoetarako jarraibide ekonomikoak onartu ditu. Aurreikusten da 2027an barne-produktu gordinak % 1,6ko igoera izatea, enplegua sortzea eta zerbitzu publikoen, jasangarritasunaren eta lehiakortasunaren aldeko apustua indartzea
Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko 2027rako Aurrekontu Orokorrak egiteko oinarri izango diren jarraibide ekonomikoak. Erabaki horrekin, hasiera formala ematen zaio aurrekontu-prozesuari, eta urte amaieran amaituko da Eusko Legebiltzarrean Aurrekontuen Legea onartzearekin.
Eusko Jaurlaritzaren helburu nagusia da ongizate-estatua sendotuko duten, hazkunde ekonomikoa bultzatuko duten eta finantza-egonkortasunari eutsiko dioten kontu publikoak diseinatzea, ziurgabetasun geopolitikoa eta ekonomikoa nagusi den nazioarteko testuinguruan.
Jarraibideek jasotzen dutenez, aurrekontua da politika ekonomikoaren funtsezko tresna. Izatez, aurrekontua bat dator legealdiko helburu estrategikoekin, eta bideratzen da herritarren berehalako premiei erantzutera zein Euskadiren etorkizuneko garapenaren oinarriak finkatzera.
2027rako egoera makroekonomikoa egungo ingurune global konplexuak baldintzatzen du. Ekialde Hurbileko gatazkak nabarmen areagotu du ziurgabetasuna, eta horrek eragina izan du energia-prezioetan eta nazioarteko merkataritzan.
Testuinguru horretan, jarduera ekonomikoaren dezelerazio orokorra aurreikusten da. Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiak % 1,9eko igoera izango du 2026an eta % 1,6koa 2027an, Europako ekonomia nagusien moderazioaren ildo beretik.
Enpleguak aurrera egiten jarraituko du, erritmo txikiagoan bada ere, eta 2026an % 1,0 eta 2027an % 0,7, gutxi gorabehera, gora egitea aurreikusten da, hau da, 17.000 lanpostu berri. Era berean, 2027an langabezia-tasa maila txikietan mantenduko da, % 6,2 inguruan.
Jarraibideek jasotzen dutenez, agertoki horretan, zuhurtzia eta anbizioa uztartu beharko dira aurrekontu-politikan, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren erresilientzia bermatze aldera eta herritarrak kanpoko arriskuen aurrean babeste aldera.
Aurrekontua bideratzeko bost ardatz estrategiko
- Jarraibideek ezartzen dutenez, 2027ko aurrekontuak bat etorri behar du XIII. legealdiko helburu nagusiekin, eta bost ardatz estrategikoren inguruan egituratuko da:
- Pertsonak politika publikoen erdigunean
- Hazkunde ekonomikoa eta ongizatea
- Eraldaketa energetikoa eta jasangarritasuna
- Bizikidetza, memoria eta giza eskubideak
- Autogobernua eta nazioarteko proiekzioa indartzea
Ardatz horiek Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen garapen-eredua laburbiltzen dute, oparotasun ekonomikoa, gizarte-kohesioa eta ingurumen-jasangarritasuna uztartuta.
Esparru horretan, gastu soziala inbertsio estrategikotzat jotzen da. Eusko Jaurlaritzak funtsezko zerbitzu publikoak indartzea lehenetsiko du, batik bat osasunean, hezkuntzan, etxebizitzan, segurtasunean edo gizarte-zerbitzuetan, eta horien kalitatea, irisgarritasuna eta finantza-jasangarritasuna bermatuko du. Era berean, kalitateko enpleguaren, berrikuntzaren, digitalizazioaren eta nazioartekotzearen aldeko apustua indartzea planteatzen da, produkzio-sarearen lehiakortasuna bultzatzeko eta hazkunde ekonomiko inklusiboa sortzeko.
Klima-aldaketako eta energia-aldakortasuneko testuinguru honetan, jarraibideek trantsizio energetikoa jotzen dute aurrekontu-politikaren lehentasun nagusitzat. Eusko Jaurlaritzak ekoizpen-ereduaren modernizaziora, energia berriztagarrien garapenera, energia-efizientziara, ekonomia zirkularrera eta mugikortasun jasangarrira bideratuko ditu baliabideak. Helburua da enplegua sortzearekin eta enpresen lehiakortasunarekin bateragarria den eta Europako helburuekin bat datorren eredu ekonomiko erresilienteago eta jasangarriagorako bidean aurrera egitea.
Era berean, gizarte bidezkoago, kohesionatuago eta berdinzaleagoarekin hartutako konpromisoa nabarmentzen da. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-politikek, diskriminazioaren aurkako borrokak, memoriak eta giza eskubideen defentsak zeharkako izaera izango dute aurrekontuaren diseinuan.
Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du balio horiek direla Euskal Autonomia Erkidegoko eredu demokratikoaren funtsezko zutabeak eta, hartara, politika publiko guztietan islatu behar direla.
Zorroztasun fiskala eta Europako esparru berria
Aurrekontu-egonkortasunarekin eta finantza-jasangarritasunarekin hartutako konpromisoak markatuko du 2027ko aurrekontua, Europar Batasunaren gobernantza ekonomikoaren esparru berrira egokitzeko testuinguruan. Esparru horrek diziplina fiskalaren helburuei eusten die, baina malgutasun handiagoa eskaintzen du finantza publikoen jasangarritasuna bateragarria izan dadin inbertsioarekin eta hazkundearekin.
Ildo horretan, 2026-2028 aldirako, gehieneko defizit-helburua urteko barne-produktu gordinaren % 0,3koa izango dela ezarri da, eta zor-muga barne-produktu gordinaren % 13koa; horri esker, bide fiskal zuhurrari eutsi ahal izango zaio, inbertsio-ahalmenari uko egin gabe.
Eusko Jaurlaritzak zorroztasun fiskalaren eta inbertsio estrategikoak bultzatzearen arteko orekaren alde egin du, epe ertain eta luzerako kontu publikoen jasangarritasuna bermatuta.
Aurrekontua lantzeko jarraibide teknikoak
Onartutako dokumentuak, halaber, aurrekontuak lantzeko orientabide tekniko batzuk barne hartzen ditu:
- Diru-sarreren zenbatespena diru-bilketaren aurreikuspenetan eta foru-aldundien ekarpenetan oinarrituko da.
- Langile-gastuak aurrekontu-araudiak baldintzatuko ditu, eta ez da lanpostu kopuru osoa handituko.
- Baliabidea diruzaintzako gerakinera eta kreditu gehigarriak sartzera mugatuko da.
- Lehendik hartutako konpromisoen estaldurari eta uneko inbertsioak egikaritzeari emango zaio lehentasuna.
- Ez da sektore publikoko entitate berriak sortzea aintzat hartzen.
Neurri horien bidez, aurrekontu-diziplina indartu nahi da, gastu publikoaren efizientzia hobetu nahi da eta finantza-helburuak betetzen direla ziurtatu.
Eusko Jaurlaritzak aditzera eman du 2027ko aurrekontuak bi dimentsio osagarri uztartu behar dituela: herritarren berehalako premiei erantzutea eta Euskadiren etorkizuna markatuko duten egiturazko eraldaketa handietan aurrera egitea. Hartara, kontu publikoak hazkunde-eredu jasangarri, inklusibo eta lehiakorra finkatzeko benetako bide-orria izango dira, eta, hazkunde-eredu horri esker, Euskadi ongizatean, berrikuntzan eta bizi-kalitatean Europako eskualde aurreratuenen artean kokatu ahal izango da.
Aurrekontu-egutegia
Gobernu Kontseiluaren onarpenarekin, abian da jada aurrekontua onartzeko prozesua. Irailean izango da lehen zirriborroa, eta Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan adosten diren ekarpenak finkatzearekin osatuko da —urrirako aurreikusten da—.Aurreproiektua Gobernu Kontseiluaren urriaren 27ko bileran onartuko da, eta urriaren 31 baino lehen igorriko zaio Eusko Legebiltzarrari, indarrean dagoen araudiak ezartzen duen moduan.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)