Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) Mega Map aurkeztu du, adinekoekin lagunkoiak diren inguruneei buruzko ebidentzia zientifikoa biltzen eta antolatzen duen nazioarteko tresna. Helburua da ezagutza hori politika publikoak diseinatzeko, ikerketak bideratzeko eta zahartze osasungarria sustatzen duten ekimenak garatzeko baliatzea.
Mundu mailako aurkezpenean OMEren eskualde guztietako 55 herrialde eta lurraldetako 220 lagunek baino gehiagok parte hartu dute. Parte-hartze zabal horrek agerian utzi du gero eta interes handiagoa dagoela pertsonen beharretara, gaitasunetara eta nahietara egokitzen diren komunitateak eraikitzeko.
Parte-hartzaileen artean, ikertzaileak izan dira nagusi (% 35). Ondoren, programak eta ekimenak praktikan jartzen dituzten profesionalak (% 24), gizarte zibileko ordezkariak (% 14), politika publikoetako arduradunak (% 10) eta nazioarteko erakundeetako ordezkariak (% 9) izan dira.
1.500 lan zientifiko baino gehiago erabakiak hartzen laguntzeko
Mega Map aurrerapauso garrantzitsua da adinekoekin lagunkoiak diren inguruneei buruzko ezagutza zientifikoa bildu eta antolatzeko.
Tresnarekin batera, 2026ko azaroaren 6an argitaratutako ikerketa zientifikoak 1.545 lan jasotzen ditu, horien artean 1.542 berrikuspen sistematiko, eta arlo honetan dagoen ikerketaren ikuspegi zabala eskaintzen du.
Dagoen ezagutza biltzeaz gain, azterketak agerian utzi du hainbat arlotan ikerketa gehiago behar dela. Besteak beste, garraioan, herritarren parte-hartzean, gizarteratzean eta hiri zein komunitate lagunkoiak eraikitzeko ekimen integraletan.
Emaitza horiek erakusten dute ezagutza berria sortzen jarraitzearen, ekimenen eragina ebaluatzearen eta ikerketaren eta politika publikoen arteko lotura sendotzearen garrantzia.
Ezagutza zientifikotik ekintzara
Mega Mapen ekarpen nagusietako bat ebidentzia zientifikoa erabakiak hartzen dituzten pertsonengana eta tokian tokiko ekimenak garatzen dituzten eragileengana hurbiltzea da.
Tresnak aukera ematen du ingurune lagunkoiei buruz dagoen ezagutza aztertzeko, ikerketa gehiago behar duten arloak identifikatzeko eta politika, programa zein inbertsioak ebidentzian oinarrituta bideratzeko.
Nazioarteko aurkezpenean sortutako galdera eta hausnarketek argi erakutsi dute ikerketa eta eguneroko jarduna lotzeko interesa, baita ezagutza hori ekintza zehatz bihurtzeko beharra ere.
Euskadi lagunkoiagoa eraikitzen jarraitzeko aukera
Nazioarteko ekimen honek lotura zuzena du Euskadi Lagunkoia Berria egitasmoaren helburuekin. Izan ere, sareak adinekoen parte-hartzea eta erakundeen, gizarte-eragileen eta tokiko komunitateen arteko elkarlana sustatzen ditu, herri eta ingurune lagunkoiagoak eraikitzeko.
Mega Map bezalako tresnek aukera ematen dute beste esperientzia batzuetatik ikasteko, ezagutza berria eskuratzeko eta sarearen barruan garatzen diren ekimenak sendotzen jarraitzeko.
Era berean, ikerketaren emaitzek agerian uzten dute ez dela nahikoa ekimenak martxan jartzea: beharrezkoa da haien emaitzak ebaluatzea, ikasitakoa partekatzea eta adinekoen zein komunitateen eguneroko bizitzan duten benetako eragina ezagutzea.
Horretarako, ezinbestekoa da udalerrien, erakundeen, profesionalen, ikertzaileen eta herritarren arteko lankidetza, tokian tokiko beharretara egokitutako politika lagunkoiak garatzen jarraitzeko.
Etorkizunera begirako nazioarteko proiektua
Aurkezpenaren ondoren, OME material eta baliabide berriak prestatzen ari da, Mega Mapen edukia errazago ulertu eta erabiltzeko, hartzaile bakoitzaren beharretara egokituta.
Era berean, tresna eta haren aplikazioak 2027an eta hurrengo urteetan ere zabaltzea aurreikusten da, nazioarteko lankidetza, ikerketa eta ezagutza-trukea sustatzeko aukera berriak sortuz.
Informazio gehiago: