• 250 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute gaur Eibarko Lan Unibertsitatean egin den Altxa Buruaren II. Topaketan
• Nerea Melgosa: "Pantailen egungo erabilerak planteatzen digun erronkaren aurrean, komunitatean lan egin behar dugu, elkarrekin aritu behar dugu"
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak II. Altxa Buruak,, haurtzaroan eta nerabezaroan teknologia berrien erabilera egokia sustatzeko konpromisoa duten familia eta profesionalek osatutako elkarteak, antolatutako topaketan parte hartu du. Eibarko Lan Unibertsitatean egindako bilkura honen helburua gailu digitalen erabilerari eta horien ondorioei buruz hausnartzea eta kontzientziatzea izan da eta 250 pertsona inguru bertaratu dira.
Nerea Melgosa sailburuak Lehendakariaren hitzak berretsi ditu, eta Euskal Gizarte Akordio handi bat proposatu du pantailen erabilera arduratsurako, Europako jarraibide argiekin: 0-2 urte bitarteko pantailarik ez, 3-6 urte bitarteko ordu bat gehienez, eta sare sozialak 15 urte bete baino lehen.
Melgosa sailburuak gogorarazi du UNICEF Euskadiren azken txostenak adierazten duela Euskadin lehen mugikorra umeak 11 urte dituela iristen dela (10 urte Espainiako estatuan), 13 urtetik beherakoen % 73,7 sare sozialen batean dagoela jada, eta nerabeen erdiek profil "zuria" dutela familiarentzat eta gero beste sekretu bat dutela. Gainera, UNICEF Euskadik duela hilabete gutxi argitaratutako txostenak azpimarratzen du pornografiarekin lehen kontaktua 12 urtera iristen dela batez beste, eta hiru kasutik batean, kasualitatez.
"Gurasoei errua egotzi gabe babestu behar da, guraso garen aldetik gure seme-alabei alfabetizazio digitala bideratzen ikasi behar dugu, geure burua erruduntzat jo gabe. Mugikorra adin jakin batean ez emateko edo adin hori atzeratzeko erabakiak hartzen badira, gure seme-alabekin jolastu behar da, egiten duguna baino askoz gehiago. Gure haurrek eskatzen digute, mugikorra kentzean jolasarekin bete behar dugun hutsunea geratzen da. Ezetz esan aurretik, "eta orain zer?" galdetu behar diogu gure buruari eta galdera horri erantzun behar zaio, plazara joanez edo mahai-jokoak ateraz", azaldu du Nerea Melgosak.
Altxa Buruaren II. Topaketako hitzaldi nagusia Francisco Villar psikologoak egin du, eta aro digitalean pentsamendu kritikoa eta haurren garapenerako babes-faktoreen defentsa azpimarratu ditu. "Pantailek onartu dugun kultur aldaketa bat egiteko gaitasuna izan dute, orain gure txanda da, kultura hori aldatzeko aukera izan behar dugu. Pantailekin bizitzako harreman-prozesu normalak eteten badira, dena ez da ondo aterako. Erabakiak hartu ahal izateko gaitasuna berreskuratu behar da "aipatu du Francisco Villarrek.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak sustatutako Euskadiko Haur eta Nerabeen Legeak eta Familien V. Planak haurrak babestea lehenesten dute hainbat eremutan, baita digitalean ere. Ildo horretan, aurten sailak harreman zuzena izan du Altxa Buruarekin, eta elkartea Familien Euskal Kontseiluan sartu da.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)