Nerea Melgosa: "Hirugarren Sektore Soziala behar den tokian dago, inork eskatu aurretik"

Argitalpen-data: 

2026_03_23_Seminario_10Aniv_Tercer_Sector_049.jpg

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak hasiera eman dio Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Legearen 10. urteurrena ospatzeko gaur goizean Euskadiko Artxibo Historikoan egin den jardunaldiari. Jardunaldi horretan, Ekintza Komunitarioko eta Hirugarren Sektore Sozialaren Sustapeneko zuzendaria, Itziar de la Peña, ere izan da eta partaideek 10 urte betetzen dituen legearen balantzean, ibilbidean eta esanahi partekatuan sakondu dute. Elkarte eta kolektiboetako dozenaka ordezkariren aurrean, Nerea Melgosa sailburuak azpimarratu du Hirugarren Sektore Soziala ez dela bigarren mailako aktorea, baizik eta komunitate gizatiarrago, inklusiboago eta kohesionatuago baten eguneroko eraikuntzako pieza nagusia.

Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala 4.259 erakundek osatzen dute, duela lau urte baino 300 bat gehiago. Horietan 45.624 ordainpeko beharginek egiten dute lan, eta 168.291 boluntarioren lana bideratzen da. 2.045 milioi euroko bolumen ekonomikoa du, Euskadiko BPGaren % 2,4. "Zifra horien atzean pertsona asko daude: boluntarioak, profesionalak, erakunde txiki eta handiak, sareak, auzoko ekimenak, ibilbide luzeko proiektuak, erantzun berritzaileak... Askotan, Hirugarren Sektore Soziala behar den tokian dago, inork eskatu aurretik. Bakardadeak detektatzen ditu, hauskortasunak laguntzen ditu, erantzunak artikulatzen ditu, eskubideak defendatzen ditu eta aukerak sortzen ditu. Urteurren honetan bide horretan protagonista izan direnak erdigunean jarri behar ditugu. Duela hamar urte prozesu hori bultzatzen aritu zirenei eta sektorearen egunerokotasunari eutsi diotenei nire esker ona adierazi nahi diet" azaldu du Melgosak.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuaren hitzetan, etorkizuneko erronka nagusietako bat eredu komunitarioa eta sektorearen identitate kolektiboa finkatzea da. Horrekin batera, oso garrantzitsuak diren beste erronka batzuk azpimarratu ditu, hala nola ongizateari egiten dion ekarpena ikusaraztea, boluntariotza komunitatearen zutabe gisa indartzea, eragile guztiekiko harreman eta lan-esparru mistoak finkatzea eta Ongizatearen Agendari sektorearen agenda propio batekin laguntzea.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)