Gaur, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak antolatutako "Babes komunitarioaren bide osagarriak aztertzen: estrategia eta aukera berriak" jardunaldia ospatu da Bilboko BBK Kuna eraikinean. Jardunaldian izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko, ACNUReko, Confebaskeko, EHUko, Burgosko Unibertsitateko, Share Network sareko... ordezkariak.
Jardunaldiaren hasieran, Nerea Melgosa sailburuak azaldu du Euskadi gizarte abegikorra dela. "Euskal gizarteak ulertzen du harrera ez dela keinu puntual bat, baizik eta erantzukizun iraunkor bat. Elkartasuna inprobisatzen ez dela dakien gizartea da, antolatu egiten dena. Bizikidetza ez da agintzen, eraiki egiten da eta inklusioa ez da borondate onez bakarrik konpontzen; plangintza, baliabideak, koordinazioa eta denbora behar ditu" gaineratu du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Saileko arduradunak.
Melgosak jardunaldiaren garrantzia azpimarratu du, premiazkoaz haratago begiratzea eta egituran pentsatzea ahalbidetzen duelako. Sailburuaren iritziz, babes komunitarioa, bide osagarriak, gizarte zibilaren inplikazioa, laguntza komunitarioa, prestakuntza, enplegua, enpresen parte-hartzea eta unibertsitatearekiko lotura pieza baliotsuak eta beharrezkoak dira gauzak hobeto egiten laguntzeko.
Gaurko jardunaldian enpleguaz eta prestakuntzaz hitz egin da eta Nerea Melgosaren hitzetan funtsezko ardatza da inklusioak benetako aukerak behar dituelako. "Trebakuntza, gaitasunen onarpena, prestakuntza-ibilbideak, enpresa-sarearekiko loturak eta laguntza behar ditu. Enpleguak ez du dena konpontzen, baina enplegurik, prestakuntzarik eta autonomiarik gabe, ibilbide asko blokeatuta geratzen dira "nabarmendu du Melgosak.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)