- Abian jarri zenetik, prestakuntza programak sektoreko 56 zuzendari prestatu ditu, profesionalizazioaren eta enpresa-kudeaketa espezializatuaren alde eginez
Gaur goizean Nekazaritzako Elikagaien Enpresen Zuzendaritza Programa Aurreratuaren (PADEA) hirugarren edizioa amaitu duten hamasei profesionalei diplomak banatu zaizkie Arkautin. Eusko Jaurlaritzak eta HAZI Fundazioak bultzatutako ekimena da, Basque Food Cluster, Bilboko Merkataritza Ganbera eta ESIC negozio eskolarekin lankidetzan.
PADEA programa abian jarri zen EAEko nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresa-kudeaketa indartzeko eta lehiakortasuna hobetzeko. Elikagaien arloko profesionalek berek identifikatutako premia bati aurre egiteko sortu zen: goi-mailako kudeaketa-prestakuntza izatea, koordinatua eta bateratua, merkatura bideratua, praktikoa eta Euskadiko elikagaien sektorera egokitua. Zuzendariei, sailetako arduradunei edo elikagai-enpresen belaunaldi-erreleboko egoeran dauden pertsonei zuzenduta dago, eta dagoeneko 56 profesional prestatu ditu hiru edizioetan.
Diploma banaketan Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza, Portu eta Itsasertzeko sailburuordeak, Raimundo Ruiz de Escudero HAZI Fundazioko zuzendariak eta Jon Ander Egaña Basque Food Clusterreko zuzendari nagusiak parte hartu dute.
Azkue sailburuordeak PADEA programa nabarmendu du ikaskuntzarako eta hausnarketarako gune gisa, nekazaritzako elikagaien sektorearen erronkei aurre egiteko, eta berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak nekazaritzako elikagaien sarea indartzeko duen konpromisoa, prestakuntza-programa honen bidez. "Jakin badakigu nekazaritzako elikagaien enpresak zuzentzen dituzuenok erronka konplexuei egin behar diezuela aurre egunero. Horregatik, ikuspuntu estrategiko batetik, PADEAren helburu nagusia da, hain zuzen ere, enpresa-kudeaketako gaitasunak indartzea, enpresak lehiakorragoak eta iraunkorragoak izan daitezen" – adierazi du sailburuordeak.
Programaren indarguneak
PADEA programaren indarguneen artean, prestakuntza espezializatua nabarmentzen da, lau modulutan banatuta: marketina eta salmentak, finantzak, lidergoa eta garapen pertsonala, eta Supply Chain edo hornidura-katea. Programak prestakuntza akademikoagoa eta zientifikoagoa konbinatzen ditu % 100 praktikoak diren saioekin. Saio horietan, estatu mailan erreferenteak diren enpresetako zuzendariek aurkeztutako benetako kasuak aztertzen dira.
Nabarmengarria da era zuzendaritza-profiletara egokitutako metodologia ere nabarmendu behar da, zortzi saio presentzialetan kontzentratutako formatuarekin, prestakuntza eta erantzukizun profesionalak erraz bateragarri egiteko aukera ematen dutenak. Landa Garapenerako Europako Funtsak (LGENF) finantzatzen du kostua, FUNDAEren bidez hobariak jasotzeko aukera gehigarriekin, eta hogei plazako kupoak prestakuntza pertsonalizatua eta kalitatezkoa bermatzen du, batez ere enpresa txiki eta ertainak, mikroETEak eta nekazaritzako elikagaien balio-katean funtsezkoak diren enpresak lehenetsiz.
Prestakuntza-programa irmoa
HAZIko zuzendariak, Raimundo Ruiz de Escuderok, hasiera eman dio jardunaldiari, programaren hiru edizioen arrakasta azpimarratuz. Guztira, nekazaritzako elikagaien azpisektoreetako 56 enpresak hartu dute parte. Era berean, hiru urte hauetan programa garatzea ahalbidetu duen erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du, ahaleginak batzea funtsezkoa da nekazaritzako elikagaien sektorearen hazkundea eta sendotzea modu eraginkorragoan bultzatzeko.
Ekitaldia amaitzeko, diplomak banatu dira eta PADEAren hurrengo edizioa 2026ko apirilerako aurreikusita dagoela iragarri da, enpresa berriek parte har dezaten animatuz eta euskal nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasunari eta iraunkortasunari eusteko etengabeko prestakuntzak duen garrantzia azpimarratuz.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)