NanoGUNEk Dorre Kuantikoa inauguratu du, Euskadi teknologia kuantikoetan aitzindari izateko mugarri berria

Argitalpen-data: 

  • Laborategi berriak jarri ditu martxan NanoGUNEk; silizioan oinarritutako txip kuantikoak garatzeko azpiegitura paregabea du
  • Dorre Kuantiko berriaren bidez, abangoardiako teknologia kuantikoak garatzeko nodo garrantzitsu gisa sendotuko da Euskadi
  • Lehendakariak azpimarratu duenez, NanoGUNEk “Euskadik, Europaren eskutik, lasterketa teknologiko globaletan parte hartzeko eta erabaki propioak hartzeko duen gaitasuna indartzen du”

Imanol Pradales Lehendakariak NanoGUNEren Dorre Kuantikoa inauguratu du gaur arratsaldean. Azpiegitura zientifiko estrategiko horrek sendotu egingo du Euskadik punta-puntako teknologia kuantikoen Europako erreferentzia-polo gisa duen posizioa.

Ekitaldian izan dira Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Jon Insausti Donostiako alkatea, Javier Martínez-Ojinaga NanoGUNEko presidentea, baita erakundeetako, ikerketa-zentroetako eta Europako industria kuantikoko ordezkariak ere.

Imanol Pradales Lehendakariak adierazi duenez, “Nanogunek nanozientziaren arloan duen posizionamenduak aukera ematen digu aurrerapauso erraldoia emateko ‘Made in Euskadi’ teknologia duten konputagailu kuantikoen garapenean. Etorkizunerako zubia da. Ziurtasunik ez, baina etorkizun oparoa du: sendagai berriak, minbizia detektatzeko sistemak, material jasangarriagoak, zibersegurtasuna edo hondamendi naturalak iragartzea, adibidez”. Gainera, Pradalesek azpimarratu duenez, “subiranotasun estrategikorako zubia da, arlo kritiko horretan; izan ere, Estatu Batuen eta Txinaren oso mendekoak gara”, eta nabarmendu duenez, “Euskadik erabaki propioak hartzeko eta, Europaren eskutik, lasterketa teknologiko globaletan parte hartzeko duen gaitasuna indartuko du”.

NanoGUNEren Hardware Kuantikoko ikerketa-taldea dago instalazio berrietan, eta Fernando González Zalba Ikerbasque-eko ikertzailea du buru. José M. Pitarke NanoGUNEko zuzendariak azaldu duenez, talde horrek estuki lan egingo du Quantum Motion enpresa britainiarrarekin, eta hori “aitzindaria da sektorean”, silizioan oinarritutako konputazio kuantikoko gailuak garatzeko. Horretarako, ordenagailuen, telefono mugikorren edo ibilgailuen mikroprozesadoreei eusten dien teknologia bera erabiltzen du.

Dorre Kuantikoak azken belaunaldiko azpiegitura zientifikoa du, tenperatura ultrabaxuko sistema aurreratuak eta doitasun handiko ekipamendu elektronikoa dituena. Horiek ezinbestekoak dira hurrengo belaunaldiko hardware kuantikoa diseinatzeko eta karakterizatzeko. Elementurik aipagarrienen artean, bi diluzio-hozkailu daude, zero absolututik hurbil dauden tenperaturak lortzeko gai direnak —10 milikelvin inguru, kanpo-espaziokoak baino baxuagoak ere bai—. Muturreko egoera horietan, zarata termikoa asko murriztu daiteke, eta efektu kuantikoak azaleratzen dira, eta, horri esker, neurketak eta kontrolak egin daitezke.

“Hozkailu horien bidez, erdieroaleen teknologia industrialarekin fabrikatutako gure txipak erabiliko dituzten ordenagailu kuantikoak garatzeko aukera izango dugu. Zehazki, silizioan oinarritutako prozesadore kuantikoak garatuko ditugu, etorkizun handiko teknologiak, elektronika klasikoa fabrikatzeko dagoen azpiegitura industrial handia ordenagailu kuantikoak eraikitzeko aprobetxatu ahal izango baita”, azaldu du González-Zalba ikertzaileak instalazio berrietara egindako bisitan.

Quantum Motion Dorre Kuantikoan txertatzea Quantum Motionek NanoGUNErekin 2024ko ekainean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren emaitza da. Hitzarmen horren bidez, enpresak Europar Batasuneko lehenengo egoitza ireki du Donostian, eta aurreikusi denez, datozen urteetan, ikerketa-taldeak goi-mailako prestakuntza duten 50 profesional gutxienez hartuko ditu ikerketa-taldeak.

“Europan hedatuta, frogatzen da konpromiso irmoa dugula lankidetza eta aliantza globalekin”, adierazi du ekitaldian James Palles Dimmock Quantum Motioneko CEOak. “Dorre Kuantiko berrian dugun punta-puntako azpiegitura teknologikoak eta Eusko Jaurlaritzarekin, eremu akademikoarekin eta NanoGUNEko adituekin dugun lankidetzak abantaila handia ematen digute, komertzialki eskala handiko siliziozko spin sistema kuantikoak eskaintzeko dugun gaitasunean aurrera egin ahala”.

NanoGUNE

NanoGUNE Nanozientziako Ikerketa Kooperatiboko Zentroa Donostian dago eta haren misioa da nanozientzian eta nanoteknologian bikaintasuneko ikerketa garatzea, Euskadiko enpresen lehiakortasuna eta garapen ekonomikoa areagotzeko. BRTA Ikerketa eta Teknologiaren Euskal Aliantzako kidea da zentroa, eta Ikerketako Estatu Agentziak ematen duen María de Maeztu Bikaintasun Unitatearen saria du.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)