Nafarroako Parlamentuko ordezkaritza bat Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan izan da gaur, ostirala, instalazio horien funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko, trafiko eskumenak bere gain hartu ondoren laster bulego propioa jarriko baitute martxan Nafarroan.
Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Batzordeko kideek osatutako ordezkaritza instituzionala Eusko Jaurlaritzako Babes Zibileko sailburuorde Joana Egiluzek, Trafikoko zuzendari Estibaliz Olabarrik eta zentroaren buru Jon Aizpuruak hartu dute, eta Euskadiko trafikoaren kudeaketa integralaren antolaketa-egitura eta baliabide teknologikoak aurkeztu dizkiete.
Bisitan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek bide-sarearen etengabeko monitorizazioan, gorabeherei aurrea hartzean eta inplikatutako zerbitzuekiko koordinazio operatiboan oinarritutako kudeaketa-eredua aurkeztu dute. Era berean, herritarrei zuzendutako informazio-sistemetan eta larrialdi-egoeretan erantzuteko mekanismoetan ere sakondu dute. Halaber, gaur egun garatzen ari diren bide-hezkuntzako eta prestakuntzako programen berri eman dute, baita mugikortasuneko eta bide-segurtasuneko sistemaren segurtasuna eta eraginkortasuna hobetzera bideratutako ikerketa- eta ingeniaritza-proiektuen berri ere.
Bisitaldia bi erakundeek kudeaketa eraginkorragoa, seguruagoa eta iraunkorragoa lortzeko duten borondatearen barruan kokatzen da. Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik nabarmendu denez, horrelako topaketak oso garrantzitsuak dira erakundeen arteko lankidetza indartzeko eta mugikortasuneko eta bide-segurtasuneko politika publikoen esparruan esperientziak trukatzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)