Mugikortasun Jasangarriaren Sailak Oiartzun eta Gaintxurizketa arteko trenbidearen bikoizketaren informazio-azterlana lizitatu du

Argitalpen-data: 

Oiartzun.jpg
  • Trenbide bikoitzak etorkizunean trenak gurutzatzeko eta Irunerako maiztasunak handitzeko aukera emango du

 

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren kontratazio-batzordeak, Donostia-Hendaia trenbide-lineako Oiartzungo eta Gaintxurizketako geltokien arteko trenbidearen bikoizketaren informazio-azterlanaren idazketaren lizitazioa egin du. Proiektu horren aurrekontua 650.000 eurokoa da, eta interesa duten ingeniaritza-enpresek 15 hilabeteko epea dute proiektua egikaritzeko.

Euskadiko trenbide-sareko trenbideek 200 kilometroko luzera hartzen dute guztira, eta horietatik % 67 trenbide bakarrekoak dira. Horrek mugatu egiten du bidaiarien nahiz salgaien garraio-ahalmen orokorra. Hori optimizatzeko eta zerbitzu hobea ahalbidetzeko, beharrezkoa da Oiartzun eta Gaintxurizketa artean 2,4 kilometroko bikoizketa puntual bat egitea. Bikoizketak trenak gurutzatzea ahalbidetuko du, zirkulazio sarea hobetzeko, hau da, maiztasunak handitzeko, Irunerantz batez ere.

Lanek trenbide-zerbitzua indarrean egon beharko dela izan beharko dute kontuan. Hala ere, obrak egiten diren bitartean gerta daitezkeen behin-behineko desbideratzeak edo ustiapen-egoera bereziak jaso beharko dituzte. Jarduketaren baldintzatzaile nagusia da Oiartzundik jarduketa hasi eta berehala ia elkarren segidako bi tunel daudela. Lehenengoa 358 metro da luze, eta bigarrena 223 metro.

Era berean, trenbidearen bikoizketa lanak azpiko hiru pasaguneri eragiten die. Informazio-azterlanak azpiegitura berria ingurunean aurreikusten diren hiri-, trenbide- eta garraio-jarduketekin integrazioa eta konexioa jaso beharko ditu bere definizioan. Gainera, obrei faseka aurre egitea komeni den ala ez aztertuko du, obra horiek modu partzialean egin ahal izateko, jarduketa osoaren etorkizuneko garapena hipotekatu gabe.

Eremuko azken irismen-jarduketa ETSk 1.540 metro bikoiztu zituen 2011koa da, Errenteriako Fanderiako geltoki berriaren eta Oiartzunen eraikitako terminal berriaren artean. Lehenengo kasuan, etengabe hazten ari zen auzo bati eman zitzaion zerbitzua; bigarrenean, berriz, zubibide bat eraikitzeari esker, trenbideek osatzen zuten lubetaren hesi fisikoa kendu eta Arragua auzoaren iparraldearen eta hegoaldearen arteko iragazkortasuna lortu ahal izan zen.

Eraginpeko eremu horretan bertan, ETS Altza-Galtzaraborda tartea ari da egikaritzen gaur egun, eta, epe ertainean, lan horren barruan geltoki berri bat eraikiko da Errenteriako auzo horretan. Susana García Chueca buru duen sailak, halaber, udalerriaren erdigunean terminal berri bat eraikitzea eta Gaztañoko trenbide-pasagunea kentzea aurreikusten du.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)