Mugikortasun Jasangarriaren Sailak larunbat honetan jarriko du zerbitzuan Usurbilgo geltoki berria

Argitalpen-data: 

78031456-3961-4bd6-8379-ffee93c06bf6.jpeg
  • Zubibidean dagoen terminalak eta pasabideek optimizatu egiten dute hirigunearen eta trenbide-instalazioen arteko lotura eta industrialdearekiko iragazkortasuna
  • Lanei esker, hiru trenbide-pasagune kendu ahal izan dira

 

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak bihar jarriko du zerbitzuan Usurbilgo geltoki berria. Kabalkadan, hau da, zubibide baten gainean, dagoen eraikinak oinplano angeluzuzena eta 231 metro karratuko azalera eraikia ditu. Sarbide nagusia ekialdeko fatxadan dago, Usurbilgo hirigunearekin zuzenean lotzen den oinezkoen pasabidearen maila berean, bertatik sartzen baita erabiltzaile kopuru handiena. Pasabide hori ia 20 metro da luze, eta igarotze libreko zabalera 3 metrokoa da.

Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak haren egoera egiaztatzeko geltokira egindako bisitan eman du zerbitzuan jartzearen berri. Miguel Ángel Páez Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeak, Antonio López ETSko zuzendari nagusiak, Javier Seoane Euskotreneko zuzendari nagusiak eta Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak ere parte hartu dute ibilbidean.

San Esteban kaletik doan pasabidetik ez ezik, 634 errepide nazionalean dagoen autobus geltokiarekin bat egiten duten eskaileren eta igogailuaren bidez ere iritsi ahal izango da geltokira. Geltokiaren eraikinetik aurrera, oinezkoentzako pasabidea % 3,3ko malda duen arrapala bihurtzen da. Bertan daude igogailua eta eskailerak, Atallu eta Osinalde industrialdeen beste aldera jaisteko.

Atari nagusian txartelak saltzeko makinak eta geltokiko buruaren gela daude. Balioztatze lerroa igarota bigarren mailako ataria dago, eta handik alboko bi nasetara sartu ahal izango da, bi eskailera finkoren eta bi igogailuren bidez. Kanpoko egituraketa, atondoari argi naturala ematen dioten leiho handiz zulatutako eta material erresistente, funtzional, antibandaliko eta mantentzeko errazez estalitako bolumen trinkoa da.

Trenbidearen eremuan, trenbideen zabalgunea berrantolatu egin da, bi trenbide nagusien desbideratzeen arteko 240 metroko luzera erabilgarriarekin, etorkizuneko merkantzietarako gaituta, bai eta amaierako topea duen hirugarren trenbide bat ere. Geltokiak 80 metroko luzera erabilgarria eta 3,5 metroko gutxieneko zabalera duten alboko bi nasa ditu, eta horietan 20 metroko markesina bana daude.

Era berean, eta lehen begiratuan ikusten ez bada ere, beste seinaleztapen-elementu batzuekin batera katigamendu berri bat ezarri da, modernoagoa eta trenbideko trafikoa kudeatzeko eta babesteko teknologia berrira (ERTMS izeneko Europako estandarrera) egokitzeko gaitasunarekin. Sistema horrek abiadura gainbegiratzen du eta, behar izanez gero, trena geldiarazten du, eta hori lagungarria da zerbait gertatuz gero zirkulazioak erantzuteko gaitasun handiagoa izan dezan.

Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak “jendearen bizi-kalitatea hobetzeko funtsezko alderdiak uztartzen dituen lan garrantzitsua”, nabarmendu du. “Geltoki berria herrigunetik gertuago dago, hiru trenbide-pasagune kentzea ahalbidetu du eta industrialderako sarbideak iragazkortuko ditu. Hau da, segurtasunean, irisgarritasunean, erosotasunean eta eraginkortasunean irabazi da. Herritarren egunerokotasuna errazten duten gaiak dira”, azpimarratu du.

“ETSk egiten dituen obra guztietan gertatzen den bezala –gaineratu du–, jarduketak hirigintza-berroneratze garrantzitsua dakar, kasu honetan 4.000 metro karratutik gorakoa gorakoa”. Hala, esku-hartzearen osagarri, ingurunea urbanizatu eta ingurumenaren aldetik integratu egin da, bideak eraberrituz (1.100 m2 bide + 900 m2 biribilgune) eta lorategiak jarriz (2.275 m2), landareztatuz, N-634 errepideko autobus geltokia urbanizatuz eta LED argiztapen berria instalatuz, argi maila egokiak eta segurtasun pertzepzio hobea bermatzeko.

Usurbilgo udalerri berean, Euskal Trenbide Sarea Aginagako mozketan ere ari da lanean. Obra horretan, funtsean, 1.329 metro luze izango den tunel bat eraikiko da, trenbide bikoitzean, egungo ibilbidea laburtzeko eta Zarautz eta Donostia arteko maiztasunak bikoizteko. Lanak egiteko beharrezkoak izan diren Txokoaldeko zubia handitzeko lanak amaitu dira, Donostia aldeko tuneleko ahokadurako sarbideak egokitzeko lanetan aurrera egiten ari den bitartean.

Trenbidearen trazadura berriak 1.500 metro inguru murriztuko du ibilbidea, eta Aia-Orioko eta Usurbilgo geltokien arteko bidaia denbora 2 minutu murriztuko du. Tunel osoan trenbidea bikoiztu izanak, bidaiarien eta salgaien unitateak gurutzatzeko aukera emango du. Baldintza horiekin trenbidearen zerbitzu-ahalmena handituko da, eta, beraz, gaur egun 30 minutuz behingoak diren zirkulazioak 15 minutuz behingoak izatera igaroko dira.

“Altza-Galtzarabordako trenbide-saihesbideak eta Topoaren Donostiako erdiguneko igarobidea bezalako bi obra garrantzitsu martxan jarrita aurten gertatuko den garraio publikoaren iraultza ez da hor geldituko. Hemen, Usurbilen, geltokiarekin eta Aginagako lanekin ikusten den bezala, sarearen etengabeko hobekuntzak Gipuzkoako kostaldeko tartean zerbitzua optimizatzeko aukera emango digu, lehenik Zarautzeraino eta gero Zumaia eta Debaraino”, amaitu du.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)