- Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak aliantza estrategikoak sustatu ditu Ekuadorreko Gobernuarekin, talentua garatzeko, prestakuntza teknikorako eta lan migrazioa kudeatzeko
Mikel Torres Lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua Gabriela Sommerfeld Ekuadorreko Kanpo Harremanetarako ministroarekin bildu da Quiton, ekonomiaren, prestakuntzaren eta migrazioaren arloko lankidetzarekin lotutako gaiak aztertzeko.
Bilera astearte honetan egin da, Ekuadorreko hiriburuko Najas Jauregian, eta Lehendakariordeak adierazi duenez Eusko Jaurlaritzak interesa duen lanbide heziketara eta prestakuntza teknikora bideratutako proiektuak diseinatzeko, eta, hala, Ekuadorreko giza talentua indartzen eta garapen jasangarria bultzatzen laguntzeko.
Quiton izandako topaketaren garrantzia azpimarratu du Torresek. “Bilera hori oso baliagarria izan da Euskadi eta Ekuadorren arteko aldebiko harremanak estutzen jarraitzeko, prestakuntza, enplegua eta talentuaren mugikortasuna bezalako funtsezko esparruetan”, adierazi du.
Halaber, gaineratu duenez, “Eusko Jaurlaritzatik aurrera egin nahi dugu prestakuntza profesionala eta teknikoa bultzatzen duten, giza talentua indartzen laguntzen duten eta bi lurraldeetarako garapen jasangarrirako aukerak sortzen dituzten proiektu bateratuetan”. Haren hitzetan, “garrantzitsua da lankidetza esparruak eraikitzea lan migrazioa bultzatzeko, elkarrekiko onuraren ikuspegitik”.
Ondoren, Mikel Torres buru duen euskal ordezkaritza Ekuadorreko Kantzelaritzako arduradunekin bildu da, Giza Mugikortasuneko ministrorde Saul Pacurucu buru zutela, ‘Lan migrazioaren etorkizuna eta talentuaren mugikortasuna Latinoamerikan’ izeneko topaketaren baitan.
Topaketa horretan, Ekuadorren Espainiak duen enbaxadore Enrique Yturriagak ere parte hartu du, eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek aukera izan dute Ekuadorreko prestakuntza eta enplegu ekosistema bertatik bertara ezagutzeko, lan mugikortasuneko programa pilotuak, aliantza globalak eta lankidetza eskemak garatzeko oinarri gisa. Jarraian, Lehendakariordea Harold Burbano Ekuadorreko Lan ministroarekin bildu da.
Euskal ordezkaritzak bisita teknikoak egin ditu prestakuntza erakundeetara; hala nola, Goi Mailako Institutu Teknologiko Tekniko Nagusira edo Ekuadorreko Trebakuntza Profesionalerako Zerbitzura, baita Ekuadorreko Berrikuntza eta Teknologia Ganberara ere. Jardunaldia amaitzeko, Munduko Bankuko eta Ekuadorreko Gobernuko ordezkariekin afari instituzionala egin dute.
Ostegun honetan, Ekuadorreko Gobernuak eta Munduko Bankuak Quiton antolatutako “Lan migrazioaren etorkizuna eta talentuaren mugikortasuna Latinoamerikan” Goi Mailako Topaketan hartuko du parte Torres Lehendakariordeak.
Torres Lehendakariordea Quiton da hiru eguneko bidaia instituzional batean. Ekuadorko agintari gorenekin topaketak, formakuntza erakundeetarako bisita teknikoak eta Goi Mailako Topaketan parte hartzea ditu oinarri. Torresekin batera dira Alfonso Gurpegui Enplegu eta Inklusio sailburuordea eta Sara Buesa Inklusio zuzendaria. Azken horrek ere hitza hartuko du “Integrazioa, bitartekotza eta inklusioa” panelean, ostegun honetako bileran.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)