Mikel Torresek nabarmendu du Europako funtsak direla inbertsio motor handienetako bat, eta Euskadin, dagoeneko, 4.438 milioi euroko inpaktua izan dutela

Argitalpen-data: 

Mikel_Torres_1.JPG
  • Euskal kudeaketaren sendotasuna eta programa horiek ekonomian eta produkzio sarean duten garrantzia azpimarratu ditu Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak Eusko Legebiltzarrean

 

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko Ekonomia Batzordean, Iñaki Ruiz Ekonomia sailburuordearekin batera, 2025eko  Euskadiko Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren (MRR) funts europarren balantze eguneratua aurkezteko. Egindako hitzartzean nabarmendu duenez, “Euskadi MRR kudeatzeko, gauzatzeko eta kontrolatzeko gaitasun handiena duten erkidegoen artean dago berriro, erakunde guztien ahalegin koordinatuari eta euskal enpresa sarearen konpromisoari esker”.

Azaldu duenez, MRR azken hamarkadako inbertsio publiko eta pribatuko motor handienetako bat izan da 2025ean; izan ere, 4.438 milioi euroko inpaktua izan dute funtsek, dagoeneko, autonomia erkidegoan, ia 1.000 milioi euro gehiago aurreko urtearen itxierarekin alderatuta (2024an 3.474 milioi izan ziren). Eta onuradunak 29.000 inguru izan ziren, horietatik 26.000 ETEak.

Hazkunde horren arrazoia da, sailburuak aditzera eman duenez, batez ere, Estatuko deialdiek bultzada handia izan dutelako 2025ean, 2.705 milioi eurora iritsi baitira (2024an baino ia 800 milioi gehiago), eta beste autonomia erkidego batzuetatik datozen funtsak handitu egin direlako (426 milioi). Era berean, Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa autonomikoak esleipen maila egonkorrari eutsi dio, 1.307 milioikoa baita, aurreko ekitaldikoa baino pixka bat handiagoa.

Torresek azpimarratu du Euskadik funtsen % 95 esleitzea eta % 84 egikaritzea lortu duela, indarrean dauden tresna juridikoen hazkundeari eta martxan dauden proiektuen heldutasunari esker. Kopuru horrek, Lehendakariordearen hitzetan, “erakusten du Euskadin gauzak ondo egiteaz gain, garaiz eta arduraz egiten ditugula”. Eta nabarmendu duenez, “2025 sendotze eta azelerazio urtea da, baliabide gehiagorekin, exekuzio hobearekin eta Euskadiren presentzia handiagoarekin Estatuaren proiektu bultzatzaileetan”.

“Datuak argiak dira: eskuragarri dauden ia funts guztiak esleitu ditugu eta 1.000 milioi euro baino gehiago egikaritu ditugu, betiere gure herrialdearen eraldaketa industrial, energetiko eta sozialean foku argi batekin”, adierazi du. Lehendakariordeak gaineratu duenez, “Euskadiko ebazpen tasak (% 78,2) nabarmen gainditzen du Estatuko batez bestekoa. Horrek gure kudeaketa ereduaren kaudimena eta euskal administrazio guztien inplikazioa egiaztatzen du”.

Halaber, balioan jarri ditu MRR mekanismoaren lurralde inpaktua eta kapilaritatea. Ildo horretan, gogorarazi du aldundietara, udaletara eta beste erakunde publiko batzuetara bideratutako 313 milioiak osorik transferitu direla, eta horrek aukera ematen duela mugikortasun iraunkorrean, trantsizio energetikoan, hiri birgaitzean, digitalizazioan eta gizarte politiketan funtsezkoak diren proiektuetan aurrera egiteko. “Funtsak iritsi behar duten lekura iristen dira, eta garaiz iristen dira. Hori funtsezkoa da euro bakoitzak gure zerbitzu publikoak modernizatzen eta herritarren bizi kalitatea hobetzen lagunduko duela bermatzeko”, gaineratu du.

Agerraldiko mezu nagusietako bat izan da mekanismoaren azken fase honetan proiektuak ixteko eta justifikatzeko lana areagotzearen garrantzia. Torresek azpimarratu duenez, “lehen esan dut eta gaur ere argi eta garbi esango dut: jarduera guztiak behar bezala kargatzea eta justifikatzea da orain gure lehentasuna”. Era berean, positibotzat jo du Estatuak eta Europar Batasunak onartutako Sinplifikazio Gehigarria, administrazio kargak murrizten dituelako, lehentasun estrategikoak indartzen dituelako eta hobekuntzak sartzen dituelako, eta azaldu du, ahalbidetuko dutela “etapa hori berme eta segurtasun juridiko handiagoekin ixtea”.

Ekonomia Berreskuratu eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoei (PERTE) dagokienez, a azken agerralditik, nabarmendu du Euskadik 69 milioi euro gehiago eskuratu dituela, estatuko funtsen % 8,1era iritsiz, autonomia erkidegoko biztanleria eta aurrekontu pisuaren oso gainetik. “Datu horrek berresten du gure enpresa ehunaren indarra, mugikortasun elektrikoa, hidrogenoa, industria aurreratua edo digitalizazioa bezalako esparruetan proiektu eraldatzaileen buru baita”, azpimarratu du.

Azkenik, Torresek eskertu egin du erakunde eta eragile guztien lana, eta dei egin du datozen hilabeteetan ahalegin kolektiboari eusteko. “Azken txanpan gaude, eta, bereziki, zorrotzak izan behar dugu. Gure helburua da eskuragarri dagoen azken euroraino gauzatzea eta kaudimen osoz justifikatzea, inbertsio bakoitzak Euskadin arrasto positiboa, iraunkorra eta eraldatzailea uzten duela bermatuz”, gaineratu du.

Onuradunen top 100a

 

Onuraduna

MRR kopurua

1

IBERDROLA CLIENTES SOCIEDAD ANONIMA

300.452.940 €

2

MERCEDES-BENZ ESPAÑA SAU

280.502.262 €

3

IRIZAR S.COOP.

167.944.989 €

4

BAY OF BISCAY HYDROGEN SOCIEDAD LIMITADA

160.000.000 €

5

VOESTALPINE RAILWAY SYSTEMS JEZ, S.L.

94.849.802 €

6

CONSTRUCCIONES Y AUXILIAR DE FERROCARRILES, SA

70.469.452 €

7

OBRASCON HUARTE LAIN SA-CONSTRUCCIONES ADOLFO SOBRINO SA -UTE LEY 18/1982 -UTE ESTACION IRUN

53.955.592 €

8

IBERDROLA GENERACION SAU

46.000.702 €

9

DRAGADOS S.A. Y TECSA E C UTE LEY 18 / 1982

43.788.304 €

10

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA

42.340.488 €

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)