Mikel Torresek gizarte eragileei dei egin die grebaren ostean: "Elkarrizketaren eta akordioaren garaia heldu da orain"

Argitalpen-data: 

  • Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak negoziazio kolektiboa defendatu du “zaindu behar dugun balio handi” gisa, eta eskatu die sindikatuei eta patronalari elkarguneak bilatzeko “marra gorririk gabe"
  • Nabarmendu du gobernu itunak eta Eusko Jaurlaritzak abian jarri dituen neurriek “enpresen lehiakortasuna, produkzio proiektuak eta herrialdeko ekonomia” indartzen dituztela

 

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak gizarte eragileen arteko negoziaziorako deia egin du ostegun honetan, atzoko greba orokorraren ostean: “Elkarrizketaren eta akordioaren garaia da orain. Grebak ezin dira kaltegarriak izan, posizioak aldatu behar dituzte”.

Irratian eskainitako elkarrizketa batean, Torresek defendatu du grebaren ostean “hausnarketarako uneak” iritsi behar duela, eta hausnarketak “elkarrizketarekin eta akordioak lortzeko aukerarekin” joan behar duela eskutik. Ildo horretan, azpimarratu du “Euskadiko negoziazio kolektiboa zaindu beharreko balio handia” dela, eta deia egin die sindikatuei eta patronalari “marra gorririk gabeko” elkarguneak bilatzeko. “Elkarrizketa eta akordioa funtsezkoak dira herrialde honetan. Beti funtzionatu dute”, azpimarratu du.

Lehendakariordeak berretsi egin du Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak negoziazio kolektiboaren bidez gutxieneko soldata bat hitzartzearen alde egin duen apustua, gogora ekarri du Jaurlaritzak alderdien arteko akordio bat bultzatzeko egin duen lana, eta adierazi du Eusko Jaurlaritzak bete egin zuela Eusko Legebiltzarraren agindua, Euskadiko egoera sozioekonomikoari buruzko txosten bat eginez. Txosten horrek erreferentziazko soldata tarte bat ezarri zuen, eta sindikatuen eta enpresa erakundeen esku jarri zen, negoziazioa errazteko.

Torresek azaldu du, Radio Euskadiko mikrofonoetan, gizarte eragileei dagokiela negoziazio kolektiboaren esparruan akordioak lortzea. “Denak eseri daitezke mahai batean hainbat gairi buruz hitz egiteko, eta uste dut bide horretan egon gaitezkeela”, ziurtatu du.

Ildo horretan, Torres Lehendakariordeak nabarmendu du topaguneak sortzen jarraitu behar dela, erakunde guztiek mahai bera partekatu ahal izateko eta soldatak, lan osasuna edo lan baldintzak bezalako gaiei heltzeko.

 

Bestalde, Lehendakariordeak balioan jarri ditu Jaurlaritzaren ituna eta Eusko Jaurlaritzak abian jarritako neurriak, “enpresen lehiakortasuna, ekoizpen proiektuak eta herrialdeko Ekonomia” indartzen dituztelako. “Garatzen ari garen eta herrialdea egiten duten politika garrantzitsuenen” artean, ekoizpen sistema defendatzen duten proiektuak aipatu ditu; hala nola, Industria Defendatzeko Mahaia, Euskal Finantza Aliantza edo Enpleguaren aldeko Itun Soziala.

Era berean, prestutasuna erakutsi du gobernu taldeak “beti ateak zabalik” dituelako ekonomia eta produkzio ehuna indartzea ahalbidetuko duten eta Euskadirentzat “onak” izango diren ekimenetarako.

Torresek gogorarazi duenez, azken urteotan pandemiaren, Ukrainako gerraren, muga zergen tentsioen eta krisi energetikoen ondorioei aurre egin behar izan die ekonomiak, eta faktore horiek eragin zuzena izan dute enpresetan eta industrian. Agertoki horren aurrean, Euskadiren indarra aldarrikatu du: “Ekonomia oso lehiakorra dugu, eta zifra makroekonomikoek hala erakusten dute”.

Testuinguru horretan, Lehendakariordeak berretsi du berak zuzentzen duen sailak euskal ekonomia indartzen lagunduko duten ekimenekin duen konpromisoa. “Euskadiko lehiakortasuna, ekoizpen proiektuak eta ekonomia indartzeak Eusko Jaurlaritzaren babesa izango du beti, bai aurrekontuei dagokienez, bai gizarte eragileekiko harremanei eta elkarrizketei dagokienez”, adierazi du.

Aldi baterako ezintasuna

Elkarrizketan, Lehendakariordeak gogorarazi du Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila Euskadiko aldi baterako ezintasunari buruzko azterketa sakon batean ari dela lanean, kausak ezagutu eta konponbide posibleak planteatzeko diagnostiko zorrotz bat izateko helburuarekin.

Torresek nabarmendu du beharrezkoa dela aldi baterako ezintasuna eta absentismoa bereiztea, eta ziurtatu du ez direla azken termino horretan sartu behar legediak edo negoziazio kolektiboak aitortutako eskubideak baliatzearen ondoriozko egoerak. “Premisa horrekin, Euskadiren egoera zein den ikusi behar dugu, baina baita mahai gainean zer irtenbide jartzen ditugun ere, koordinatuak izan daitezela eta gizarte eragile guztiekin adostuak izan daitezela. Hori da gobernu honek duen konpromisorik handiena”, gaineratu du Torresek.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)