Mikel Torres: "MRR funtsek % 1,3 bultzatu dute euskal ekonomia eta kalitatezko 10.000 lanpostu berri sortu dituzte"

Argitalpen-data: 

BEF_2.jpeg
  • Europako funtsek Euskadiko produkzio sarearen inbertsioan, enpleguan eta modernizazioan duten eragina azpimarratu du Basque Economic Forumean Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak
  • Euskadik orain arte 4.529 milioi euro jaso ditu MRR funtsetatik, eta horietatik 1.307 milioi Eusko Jaurlaritzak zuzenean kudeatu ditu
  • “Europako finantzaketako euro bakoitzak inbertsio pribatuko 0,3 euro gehiago mobilizatu ditu, eta finantzatutako enpresa proiektuen % 45 inguru ez ziren gauzatuko funtsen babesik gabe”, azpimarratu du Torresek

 

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismoaren (MRR) funtsek euskal ekonomian duten eraginari buruzko txostena aurkeztu du gaur Basque Economic Forumean. Pandemiaren osteko susperraldi ekonomikoan eta Euskadiko produkzio sarearen eraldaketan Europako baliabideek duten zeregin erabakigarria berresten duen azterketa da. Azterlanaren emaitzen arabera, MRR funtsek euskal BPG erreala 1,3 ehuneko puntu inguru handitzen lagundu dute, eta 2020tik 2024ra bitartean kalitatezko 10.000 enplegu berri inguru sortzea ahalbidetu dute.

Egindako hitzaldian, Torresek azpimarratu duenez, “Europako funtsak aukera estrategikoa izan dira susperraldi ekonomikoa bizkortzeko eta gure ekoizpen ereduaren eraldaketan aurrera egiteko”. Ildo horretan, adierazi duenez, "baliabide horien eragina ez da soilik BPGren hazkundean edo enpleguaren sorreran islatzen, baizik eta baita gure enpresen inbertsioaren, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren sustapenean ere".

Basque Economic Forumaren testuinguruan aurkeztu da txostena, eta Gobernuko presidenteorde eta Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa ministro Carlos Cuerpo bertan izan da. Txostenaren arabera, MRR funtsen bultzadak EAEko BPGren maila 1,3 puntu handitzea ekarri du, baliabide horiek ez dituen egoera batekin alderatuta. Hazkunde hori inbertsio publikoaren eta pribatuaren hazkundean oinarritu da bereziki, baita kontsumoaren eta enpresa jardueraren gaineko eragin biderkatzaileetan ere. Gainera, funtsek sortutako pizgarri ekonomikoari esker, langabezia tasa zazpi hamarren inguru murriztu da.

Exekuzioari dagokionez, Euskadik orain arte 4.529 milioi euro jaso ditu MRR funtsetatik, eta horietatik 1.307 milioi zuzenean kudeatu ditu Eusko Jaurlaritzak. Kopuru horretatik, ia % 96,5 proiektuei esleitu zaie, eta % 85 gauzatu egin da; horrek esan nahi du baliabide horiek kudeatzeko eta xurgatzeko gaitasun handia dagoela. EAEko ebazpen tasa % 80,5 da, eta Estatuko batez bestekoa, berriz, % 71.

“Funtsek 30.000 onuradun baino gehiago izan dituzte Euskadin, eta horietatik 27.000 baino gehiago ETEak dira, lurraldean eragina duten funtsen zenbateko osoaren % 40 bildu dutenak”, balioan jarri du Mikel Torresek. Zenbatekoaren % 37 enpresa handietarako izan da, % 11,5 ABEEetarako eta beste % 11,5 fundazio eta etxeetarako. Manufaktura industria, eraikuntza edo jarduera profesional eta zientifikoak bezalako sektoreek finantzatutako proiektuen zati esanguratsu bat biltzen dute, euskal ekonomiaren produkzio egitura islatuz.

Era berean, euskal enpresek lortu dute 1.533 milioi euro eskuratzea PERTE proiektu estrategikoetan, bereziki eraldaketa ekonomikorako funtsezkoak diren esparruetan; hala nola, ibilgailu elektrikoetan eta konektatuan, energia berriztagarrietan eta hidrogeno berriztagarrian edo deskarbonizazio industrialean.

Torres Lehendakariordeak, halaber, nabarmendu du funtsek inbertsio pribatuaren gainean duten trakzio efektua; izan ere, “Europako finantzaketako euro bakoitzak 0,3 euro gehiago mobilizatu ditu gutxi gorabehera inbertsio pribatuan, eta finantzatutako enpresa proiektuen % 45 ez ziren gauzatuko funtsen laguntzarik gabe”.

Analisiak, gainera, azpimarratzen ditu beste autonomia erkidego batzuetan funtsak gauzatzearen ondoriozko zeharkako ondorio positiboak, 524 milioi euro baino gehiagoko esportazio gehigarriak eragin baitituzte euskal enpresentzat.

“Balantzea oso positiboa da: Europako funtsek gure ekonomiaren erresilientzia indartu dute eta modernizazioa bizkortu dute”, adierazi du Lehendakariordeak. "Orain, erronka da inbertsio horiek baliatzen jarraitzea, eredu ekonomiko berritzaileagoa, iraunkorragoa eta lehiakorragoa finkatzeko".

Azkenik, Ekonomiako arduradunak nabarmendu du inbertsio horien ondorioak ez direla epe laburrera mugatzen; izan ere, kapital stockaren hazkundeak eta jarduera ekonomiko handiagoak aukera emango dute datozen urteetan inpaktu positiboaren zati bati eusteko, euskal ekonomiaren hazkunde potentziala handitzen lagunduz.  

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)