Mikel Torres: "Gizarte ekonomiako enpresak tradizionalen aurretik doaz laneko demokrazian"

Argitalpen-data: 

  • Harvardeko Unibertsitatean ‘Demokrazia ekonomiko baterantz’ dokumentala aurkeztu dute, eta, bertan, Lehendakariordeak azpimarratu du enpresa eredu horrek teknologia, lehiakortasun eta nazioartekotze erronka handiei aurre egiteko duen gaitasuna, eta ikusgarritasun eta sustapen handiagoa eskatu du horrelako erakundeentzat

 

Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak ‘Demokrazia ekonomiko baterantz’ izeneko dokumentalean hartu du parte, enpresak demokratizatzea proposatzen duen txosten bat zabaltzea helburu duena –erabaki operatiboetan eta estrategikoetan langileei benetako boterea emanez eta haien akzioen partaidetza bultzatuz–, egungo krisiei aurre egiteko palanka gisa parte har dezaten sustatuz.  

Atzo Massachusettseko (AEB) Harvard Unibertsitatean aurkeztu zen dokumental horretan, Torres Lehendakariordeak balioa ematen dio gizarte ekonomiako enpresek lanaren demokratizazioan betetzen duten zeregin estrategikoari. “Enpresa tradizionalen aurretik doaz beti”, dio.

Ikus-entzunezkoa 18 minutukoa da, eta Laneko Demokraziari buruz Adituen Nazioarteko Batzordeak egindako txostenaren emaitza da. Txosten horrek enpresak demokratizatzeko ibilbide orria osatu du. Txosten horretan, Konstituzioaren 129.2 artikulua ezartzeko behar diren ezagutza eta tresnak bildu dituzte. Artikulu horren arabera, “botere publikoek eraginkortasunez sustatuko dituzte enpresan parte hartzeko moduak, eta, legedi egoki baten bidez, kooperatiba sozietateak sustatuko dituzte”. Eta gaineratu duenez, “langileek ekoizpen bideen jabetzara iristea erraztuko duten bitartekoak ere ezarriko dituzte”.

Torresek dioenez, horrelako erakundeek –batez ere kooperatibek– erakutsi dute teknologia, lehiakortasun eta nazioartekotze erronketara egokitzeko gaitasun handia dutela, bai eta nazioarteko merkatuetan lehiatzeko indar handiagoa dutela ere. “Gizarte ekonomiako eta kooperatiben munduko enpresak oso ondo egokitzen dira aldaketa teknologikoetara, kanpora ateratzeko eta lehiatzeko gai dira”, nabarmendu du.

Séverine Dieudonnék eta Attilio Bernasconik zuzendutako dokumentalean, Lehendakariordeak adierazi du, potentziala izan arren, eredu kooperatiboak ez duela merezi duen ikusgarritasuna: “Ez dugu konpainia handiak bezain bozgorailu garrantzitsua; askotan, enpresa horiek Euskadi bezalako lurralde txikietan garatzen dira, eta kosta egiten da gizarte ekonomiaren munduak duen potentziala ikusaraztea”.

Ildo horretan, aldarrikatu du gizarte ekonomiaren presentzia indartzeko beharra, bai hezkuntzaren eremuan, bai herrialde osoan: “Hezkuntzaren esparruan eta herrialde gisa lan gehiago egin behar dugu gizarte ekonomian, eta, batez ere, enpresa eredu hori sustatu behar dugu”.

Dokumentalean, Torres Lehendakariordearekin batera, Teresa Ribera Europako Lehia komisarioak eta Yolanda Díaz Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroak parte hartu dute, baita gizarte ekonomiaren eta euskal kooperatibismoaren munduko adituek eta eragile sozial eta ekonomikoek ere.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)