Mikel Torres: "Enpresa bat erretiroagatik itxi aurretik, begira dezagun barrura, etorkizuna langileen artean egon daiteke"  

Argitalpen-data: 

IMG_2591.jpeg
  • Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak “tresna estrategikotzat” jo ditu lan sozietateak, belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko, enplegua zaintzeko eta Euskadin enpresen sustraitzeari eusteko  

 

Lan sozietateen zeregina aldarrikatu du Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak astearte honetan, enpresa proiektu bideragarrien jarraipena ziurtatzeko: “Erretiroagatik itxi aurretik, saldu aurretik, jarraipenik ez dagoela onartu aurretik, begira dezagun enpresaren barruan. Baliteke etorkizuna bertan egotea, produkzio prozesuak menderatzen dituzten, bezeroak ezagutzen dituzten eta egunero lanean, berrikuntzan eta arazoak konpontzen urteak daramatzaten pertsonen artean. Azken batean, zure langileen artean egon daiteke”.

Bilbon egin den Txemi Cantera eta 2026ko Ekonomiako Cantera sariak banatzeko ekitaldian, Torresek gogorarazi du datozen urteetan hainbat enpresaburu erretirora iritsiko direla “familia erreleborik edo jabetza bere gain hartzeko prest dagoen pertsonarik” izan gabe.

Egoera hori, ziurtatu duenez, enpresa bakoitzaren eremutik haratago doa, “enpresa baten atzean ez baitago emaitzen kontu bat bakarrik, langileak daude, urteetan metatutako ezagutza, hornitzaileak, bezeroak, lurraldean eraikitako harremanak, enplegua eta, askotan, gure herri eta hirietako bizitza ekonomikoaren zati handi bat ere badago”.

“Euskadin enplegua eta aberastasuna sortzea”

Testuinguru horretan, Lehendakariordeak azpimarratu du belaunaldien arteko erreleboa ez dela “soilik erretiratzen den enpresaburuaren arazoa. Erronka kolektiboa da Euskadirentzat”. Horregatik, nabarmendu du enpresa bat lan sozietate bihurtzeak “jarduerari eustea, lanpostuak zaintzea eta Euskadin jakintza eta erabakigunea mantentzea” ahalbidetu dezakeela. Langileei transmititzea lortzen dugun enpresa bideragarri bakoitza Euskadin enplegua eta aberastasuna sortzen jarrai dezakeen enpresa bat da”.

Mikel Torresek defendatu du lan sozietateak “tresna estrategiko” bihur daitezkeela “euskal ekonomiarentzat, neurri handi batean enpresa txiki eta ertainez osatuta dagoena eta beren ekoizpen ehunari estu lotuta”. “Bere lurraldean errotuta dagoen enpresa ez da soilik egoitza soziala hemen duen enpresa bat. Erabakiak pertsonengan eta parte hartzen duen ingurunean ere pentsatuz hartzen dituen enpresa da”, azpimarratu du.

Era berean, Torres Lehendakariordeak berretsi du Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren konpromisoa dela “euskal ekonomia lehiakorra, berritzailea eta nazioartekotua bultzatzea, hazteko eta aberastasuna sortzeko gai izango dena, eta kalitatezko enplegua, kohesioa eta aukerak ekarriko dituena. Kooperatibek eta lan sozietateek ez dute bigarren mailako tokirik. Gure politika ekonomikoaren parte dira eta are gehiago izatea nahi dugu”.

2026ko sariak

2026ko edizioan, TUSGAL eta Carmen Marcuello saritu dituzte, baita Ingumak Indie Games SLL (ALKIMO) ere, Gizarte Ekonomiaren Cantera saria jaso duena. Torres Lehendakariordeak, bereziki, Carmen Marcuello nabarmendu du, Euskadirekin eta euskal ekosistema kooperatiboarekin duen harremanagatik. Harreman hori kooperatibismoari eta Mondragon taldearen esperientziari buruzko ikerketa ibilbidean dago islatuta, bai eta hainbat topaketa akademiko eta instituzionaletan ere; tartean, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak antolatutako Enpleguari buruzko VII. Kongresuan.

Mikel Torresen hitzetan, sari horiek ibilbide eta proiektu zehatzak aintzatesteko balio dute, baina baita Euskadik eraiki nahi duen ekonomia eta enpresa ereduari buruz hausnartzeko ere. “Gizarte ekonomia ez dagokio soilik gure historiari. Euskadiren etorkizun ekonomikoari ere badagokio. Eta uste dut defendatu, indartu eta, batez ere, eguneratu egin behar dugula, aurrean ditugun erronka berriei erantzuteko”, gaineratu du.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)