Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik parte hartu du, gaur goizean, PK Blue Industrial & Logistics enpresak antolatutako ekitaldi batean. Ekitaldia PKBL Beta nabe berezian (garai bateko Cegasa) izan da, ez baitago halako neurri eta ezaugarri teknikoak dituen pareko instalaziorik. Bertan, Arabako Lurralde Historikoa Estatuko iparraldeko erreferentziazko zentro logistikotzat har dadin enpresak egin dituen ekimenak aurkeztu dituzte, horretarako, 150 milioi euroko inbertsioa egin dute.
Sailburuak egindako hitzaldian adierazi duenez, "Eusko Jaurlaritzarentzat, lurzoru industrialaren erreserba funtsezkoa da gure industriaren hazkunderako, industria berria erakartzeko eta kalitatezko lanpostuak sortzeko. Horregatik da hain garrantzitsua Euskadin industria-erabilerarako guneak egokitzen inbertitzea, eta, kasu honetan, Araba penintsulako iparraldeko eta Europako hego-mendebaldeko industria-nodo logistiko nagusia bihurtzeko. Eusko Jaurlaritzak beti egingo du lan industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago izateko ".
Sailburuarekin eta enpresako arduradunekin batera, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Maider Etxebarria Gasteizko alkateak ere parte hartu dute ekitaldian.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)