Metal 78k erakutsi du metal kritikoak berreskuratzeko Zumarragan eman duen jauzi industriala

Argitalpen-data: 

Metal_78_2.jpeg
  • Ceiten spin-off-ak 6.000 m²-ko planta bat du Zumarragan, katalizatzaileetako eta partikula-iragazkietako platinoa, paladioa eta rodioa berreskuratzeko, % 100 hidrometalurgikoa den teknologia propioa erabiliz.
  • Metal 78k garatutako teknologiari esker, CO2 isuriak % 63 murriztu daitezke, eta prozesua gaur egungo teknologiek baino % 90 azkarrago egin daiteke.

Metal 78ren instalazioetan izan dira gaur Mikel Jauregi, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua; Arrate Aranbarri, Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketako zuzendari nagusia; Unai Andueza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua; eta Amaia Arregi, Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusia.

Bileran, konpainiak proiektuaren bilakaera, industria-eskalarako jauzia eta metal kritikoak berreskuratzeko garatzen ari den teknologia aurkeztu ditu. Bisitan Metal 78ko lantaldeko hainbat kidek ere parte hartu dute, tartean Jose Iraolagoitia Negozio Garapeneko arduradunak eta Aritz Elejalde finantza-arduradunak. Biek, Eduardo Cabral, Zuzendari Orokorrarekin eta gainerako taldekideekin batera, proiektua garatu eta aurrera eramateko lan egin dute.

Metal 78 Ceit zentro teknologikoaren spin-off bat da, ibilgailuen katalizatzaileak eta partikula-iragazkiak birziklatzen espezializatua, platinoaren taldeko metalak (PGMak), batez ere platinoa, paladioa eta rodioa, berreskuratzeko eta ekoizpen-ziklora itzultzeko. Proiektuaren garapena eta hazkundea bultzatzeko, Metal 78k bazkide eta erakunde finantzatzaile talde baten babesa du; horien artean daude AMPO, Geroa Pentsioak, CDTI Innovación —Innvierte programaren bidez—, Nafarroako Unibertsitatea —Clave Capitalen bidez— eta Seed Gipuzkoa.

Metal kritikoak berreskuratzeko teknologia propioa

Metal 78k prozesu propio bat garatu du, % 100 hidrometalurgikoa, katalizatzaileetatik eta partikula-iragazki zeramikoetatik metal horiek berreskuratzeko.

Teknologia horren elementu bereizgarri nagusietako bat da silizio karburoz (SiC) fabrikatutako partikula-iragazkiak tratatzeko duen gaitasuna. Konpainiaren arabera, Metal 78 da gaur egun platinoaren taldeko metalak berreskuratzeko gai den enpresa bakarra, % 100ean silizio karburoz egindako partikula-iragazkiz osatutako material batetik abiatuta.

Gaur egungo prozesuekin alderatuta, teknologia horri esker CO2 isuriak % 63 murriztu daitezke eta prozesua % 90 azkarrago egin daiteke, ibilgailuen hondakinetatik balio handiko lehengaiak berreskuratzea erraztuz.

Zumarragan, Metal 78ren 6.000 m²-ko lantegia abian jartzeak ikerketaren esparruan garatutako teknologiak eta ezagutzak eskala industrialera jauzi egitea dakar, eta konpainiari aukera ematen dio bere jarduera areagotzeko eta hazteko aukera berriei heltzeko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)