Urtarrilaren 7an hasten den merkealdia erosketa gehien egiten diren urteko uneetako bat da. Deskontuak erakargarriak izan daitezke, baina garrantzitsua da gogoratzea merkealdian erosteak ez duela esan nahi gure eskubideei uko egin behar diegunik. Kontsumobidetik - Kontsumoko Euskal Institututik - zenbait gako eskaini nahi ditugu kontsumitzaileek aldi horri informazioarekin, segurtasunarekin eta erantzukizunarekin aurre egin diezaioten.
Lehenik eta behin, komeni da argi izatea kontsumitzaileen eskubideak bere horretan mantentzen direla merkealdian. Beheratutako produktu batek aldi horretatik kanpo eskuratutako kalitate eta berme berberak izan behar ditu. Legezko bermeak berdina izaten jarraitzen du, eta artikulu akastunen edo saldo-artikuluen kasuan bakarrik aplika ditzake baldintza desberdinak saltokiak, baldin eta argi eta garbi jakinarazten badu.
Prezioei buruzko informazioa funtsezko beste alderdi bat da. Saltokiek argi erakutsi behar dute aurreko prezioa eta beheratutako prezioa. Aurreko preziotzat hartuko da aurreko 30 egunetan produktuari aplikatu zaion preziorik txikiena. Informazio horrek aukera ematen die kontsumitzaileei deskontua benetakoa den baloratzeko eta erosteko erabakia hartu aurretik beste eskaintza batzuekin alderatzeko.
Aldaketei eta itzulketei dagokienez, garrantzitsua da jakitea araudiak ez dituela saltokiak behartzen produktu bat egoera onean dagoenean itzultzea onartzera. Hala ere, establezimenduak aukera hori eskaintzen badu, urteko gainerako baldintza berberetan egin behar du, baita merkealdian ere. Nolanahi ere, produktuak akatsen bat duenean edo bat ez datorrenean, kontsumitzaileak konponbide egoki baterako eskubidea du, konponketa, ordezkapena, prezioa jaistea edo zenbatekoa itzultzea kasu.
Funtsezkoa da tiketari edo fakturari eustea. Agiri hori beharrezkoa izango da bermea egikaritzeko, aldaketa bat eskatzeko edo, arazoren bat sortuz gero, erreklamazio bat aurkezteko. Online erosketen kasuan, gomendagarria da, halaber, mezu elektronikoak, ordainagiriak eta saltokiarekiko edozein komunikazio gordetzea.
Internet bidezko erosketek arreta berezia merezi dute merkealdian. Horrelako erosketetan, kontsumitzaileek 14 egun naturaleko epea dute kontratuari uko egiteko, arrazoia justifikatu beharrik gabe. Erosketa baieztatu aurretik, komeni da arretaz berrikustea salmenta-baldintzak, bidalketa- edo itzulketa-gastuak, eta webgune segurua eta fidagarria dela egiaztatzea.
Eskubideez haratago, kontsumo arduratsua egitearen garrantzia azpimarratzen dugu Kontsumobiden. Erosketak planifikatzea, prezioak alderatzea eta produktua benetan behar ote dugun hausnartzea lagungarria da erosketa oldarkorrak eta ondorengo arazoak saihesteko. Merkealdia aukera ona izan daiteke, baldin eta benetako beharrizanei erantzuten dieten produktuak erosten badira eta eskuragarri dagoen aurrekontura egokitzen badira.
Azkenik, neurriak hartu arren gatazkarik sortzen bada, garrantzitsua da jakitea kontsumitzaileak erreklamazioa egiteko eskubidea duela. Lehen urratsa erreklamazio-orria eskatzea eta erosketarekin lotutako dokumentazio guztia gordetzea da. Kontsumobidek herritarren eskura jartzen ditu beren eskubideak defendatzeko informazioa eta aholkularitza.
Kontsumo informatua kontsumo seguruagoa da. Merkealdian ere bai.