Mentxu Ramilo Araujok Emakunde Saria jaso du Lehendakariaren eskuetatik emakumeak eremu digitalean ikusarazteko egindako lanagatik

Argitalpen-data: 

  • Wikiemakumeok-en sortzaileak Wikipedian genero-arrakalak murriztea eta emakumeen memoria kolektiboa eta genealogia berreskuratzea lortu du
  • Lehendakariak ziurtatu du asko dugula jokoan dimentsio digitalean, bereziki kontuan hartuta esparru horretan berdintasunaren aurkako mezuak ugaritu egin direla

Imanol Pradales Lehendakariak, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariarekin batera, Berdintasunerako Emakunde Saria eman dio gaur arratsaldean Mentxu Ramilo Araujo politologo, ikertzaile eta dibulgatzaile gasteiztarrari, kultura digitalean emakumeen ezagutza askeari eta ahalduntzeari egindako ekarpenagatik.

Hitzaldian, Imanol Pradales Lehendakariak sarituaren lana goraipatu du, eremu digitalean emakumeen eta gizonen artean dagoen arrakala murrizteagatik eta “teknologiak gure bizitzetan eta, bereziki, gazteen egunerokoan eragin handia duen gizartean” emakumeen ikusgarritasuna sustatzeagatik.

Pradalesek aitortu du “genero arrakala errealitate bat” dela teknologia munduan, eta berdintasunaren aurkako mezu misoginoak ugaritzen ari direla ohartarazi du. “Badakigu Manosfera deritzona berdintasunaren aurrerapenen aurrean antolatutako erreakzioa dela, baina errealitate horren aurrean ezin ditugu begiak itxi eta aurre egin behar diogu”, defendatu du.

Zentzu horretan, Lehendakariaren hitzetan, Emakunde Saria Mentxu Ramilori ematea “adibide positiboa da, berdintasuna bultzatzeko, emakumeen ahalduntzea sustatzeko eta estereotipo sexistak gainditzeko espazio digitala aprobetxatzeko adibide bat”. “Zu bezalako pertsonei esker, mundu digitalari aukera gisa begiratu ahal zaio”, eskertu du.

Emakundeko zuzendariak Mentxu Ramilok WikiEmakumeok lankidetza-proiektuaren bidez emakumeak ikusaraztearen alde egindako lana nabarmendu du eta proiektu hau bultzatzen duten emakume guztiei zabaldu die saria. “Proiektu honen bidez, Wikipedia emakume erreferentzialez, emakume editoreez eta ikuspegi feministako edukiez hornitu du. Horrela, Wikipedian genero-arrakalak murriztea eta emakumeen memoria kolektiboa eta genealogia berreskuratzea lortu du, kultura digitalean duten ikusezintasuna zuzenduz”, goraipatu du.

Miren Elgarrestak eremu digitalean berdintasunaren aldeko edukiak zabaltzen egindako lana ere azpimarratu du, “azken urteetan ugaritu diren diskurtso erreakzionarioei eta feminismoaren kontrakoei aurre egiten dietenak”.

Emakundeko zuzendariak sarituak ikerketa feministetan egindako lana azpimarratu nahi izan du baita ere. “Erakundeek genero-ikuspegidun politikak diseinatzen lagundu dute ikerketok, hala nola, emakumeek Arabako kontzejuetan duten parte-hartze politikoari buruz egindako ikerketak, besteak beste”.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)